Elkano Itsas Herria egitasmoa, Euskal Herri osoak partekatzen duen itsas historiaren bidez itsasoarekiko harremana berreskuratzeko asmoz uda honetan euskal kostaldea zeharkatuko duen zeharkaldi kulturala da. Eta uztailaren amaieran oso etapa berezia izango du, Urtanta jaialdiarekin bat eginez. Hala, Urmuga elkarteak bultzatutako kultur hitzordu honen eskutik, musika, itsasoa eta mendia uztartuko dira uztailaren 22tik 24ra egingo den hiru eguneko ibilaldi zehar.
Aurten, munduko lehen itzuliaren 500. urteurrena dela eta, jaialdiak Juanita Larando patatxea izango du lagun –belaz eta arraunez mugitzen den XVIII. mendeko patatxe baten erreplika, Albaolako Aprendiztegi ibaiertzeko arotz-eskolan eraikia eta egun hauetan Gipuzkoako itsasertzean barrena, Elkano Itsas Herria zeharkaldiaren baitan. Portuetan, gainera, Elkano Itsas Herriaren erakusketa ibiltaria egongo da ikusgai, euskal gizartearen garapenean itsas kulturak izan duen pisua ardatz duen erakusketa.
Mendi martxa uztailaren 22an abiatuko da, goizean goiz, Itsasontziz Pasai San Pedrotik Pasai Donibaneraino, eta ondoren oinez jarraituko du Jaizkibelerantz. Juanita Larando patatxeak itsasoz lagunduko ditu mendizaleak, Artzuportu hondartzaraino, Erentzin itsaslabarraren azpian, Hondarribitik kilometro gutxira.
Lehenengo jardunaldi honetan, 18:00etan, Leire Letu eta Kristina Aranzabe abeslariek abesti herrikoiak joko dituzte sortu berri den Urtanta Bandarekin batera, kide hauek osatua: Iñaki Dieguez akordeoi jotzailea, Bixente Martinez Oskorriko gitarrista ohia, Igor eta Iñigo Telletxea anaiak, Gorka Benitez saxofoi jotzailea, Koldo Uriarte teklatu jotzailea edo Leturia panderoa jotzen
Mendi martxak Hondarribiarantz jarraituko du hilaren 23an, larunbata, eta bertan hainbat emanaldi izango dira, besteak beste. 18:30ean, Et Incarnatus orkestrarena hainbat artista gonbidaturekin batera: Petti, Xabi Solano, Leturia, Estitxu Pinatxo eta Miren Narbaiza. Eguerdian, Juanita Larando patatxea herriko portu zaharrean lehorreratuko da.
Igandean, hilaren 24an, Azkainera joango dira mendizaleak, musikariak zein Elkano Itsas Herria zeharbideko patatxea. Egun horreran, besteak beste, 18:30etik aurrera, Et Incarnatus Orkestra arituko da, Migel Zeberio Urmuga jaialdiko zuzendariaren gidaritzapean, baita Donostiako Orfeoia, Petti kantaria, Xabi Solano, Leturia, Estitxu Pinatxo, Miren Narbaiza eta Ttan harizko laukotea ere. Talde tradizionalek ere parte hartuko dute jaialdian: Jarauta 69 Fanfarrea, Baigorri Gaiteroak, Errobiko Joaldunak, Trikitxaga Musika Taldea, Azkaingo Ikasleak Dantza Taldea, Kurrunka Kantariak eta Murgi Taldea.