Jaialdia abenduaren 3tik 12ra bitartean ospatuko da eta sarrerak azaroaren 22an jarriko dira salgai.
'Pedalkadak itsasoan' dokumentalak 'Euskal Herri barneko mundubira' bildu du, Euskal Herria ezagutzeko bederatzi eguneko bizikleta ibilbidea,eta datorren hilean estreinatuko da, abenduaren 3tik 12ra ospatuko den BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 14. edizioan.
Gorka Etxabek zuzendu du Elkano Fundazioak eta Arteman Komunikazioak ekoitzitako dokumentala. 'Pedalkadak itsasoan' abenduaren jaialdiko lehiarik gabeko atalean parte hartuko du eta abenduaren 6an (17:30) eta 9an (19:30) ikusi ahal izango da, Golem aretoan. Saioetako sarrerak, azaroak 22 astelehenean, 12:00etatik aurrera eskuragarri egongo dira www.mendifilmfestival.com eta Euskalduna, Golem eta Sala BBK-ko salmenta puntu eta plataformen bidez. Aldez aurretik erosita, saio egunetan bertan baino merkeago.
Joan den abuztuaren 31n, Ane Miren Miralles, Naila Jornet, Garbiñe Mendizabal, Ander Izagirre, Iosu Iztueta eta Ion Irurzun Getariatik abiatu ziren, Juan Sebastian Elkanoren jaioterritik, bederatzi egunez Euskal Herria itsastarra bizikletaz zeharkatzeko. Ibilbidearen helburua itsasora begira dagoen herri baten istorio txikiak jasotzea zen, etorkizuneko ondare bat uzteko asmoz, beste hainbat lagunei mundubira eta 500 urte geroago, oraindik ere dirauten oihiturak, lanak eta lekuak daudela deskubritzeko. Sei espediziokideekin batera, Gorka Etxabe, Asier Lekue, Gorka Montiel, Beñat Abasolo eta Julen Urtxegi ibili ziren, bidaia dokumentatzeko eta ikus-entzunezko hau ekoizteko asmotan, gure lurraldeko itsas kontaketa eta ekimenaren emaitzak gizartearekin partekatu ahal izateko.
'Pedalkadak itsasoan' saioak Mendi Film jaialdian parte hartzen du 52 filmen artean, luzeak zein laburrak, 11 herrialde ordezkatuz, hein handi batean europarrak. Espainia eta Frantzia dira ordezkaritza zabalena dutenak, 15 eta 11 filmekin ondoz ondo; tartean 11 euskal ekoizpen daude. Europaz kanpoko herrialdetan, AEB eta Kanada aurten ere present daude, 7 eta 4 filmekin. Erresuma Batua (5), Italia (3), Austria (3), Eslovakia (2), Alemania (2) eta Polonia-Alemania-Suitza arteko elkarlana den ‘Sciana Cieni (The Wall of Shadows)’ dira zerrenda osatzen dutenak.
Edizioari buruzko informazio guztia hemen.