Elkano Fundazioak literatur eta musika sorkuntza sustatzen du Iparraldeko erakundeekin

4 MAI, 2020
Euskal Kultur Erakundea (EKE) eta Fundazioaren arteko hitzarmenari esker, helduentzako kontakizun eta musika ikuskizuna sortzen ari dira. Horrez gain, zabalik da Elkano, mundubira eta haren testuinguruari buruzko literatura sorkuntza egonaldi baterako proposamenak aurkezteko epea.

Elkano 500 Fundazioak lankidetza hitzarmenak sinatu ditu Iparraldeko bi kultur erakunderekin, Euskal Kultur Erakundearekin (ICB-EKE) eta Euskal Itsasbazterreko Ekimenen Zentro Iraunkorrarekin (CPIE- Littoral Basque Euskal itsasbazterra). Akordio horien helburua da literatura- eta musika-arloko sorkuntza-proiektuak sustatzea, Elkanori eta lehen mundubirari buruzko ezagutza zabaltzera bideratuak; baita garai hartako euskal testuinguru sozial, ekonomiko eta kulturala ere, euskal itsasertzeko udalerri guztiek partekatzen duten itsasoari lotutako ondarea.

Alde batetik, helduentzako kontakizun eta musika ikuskizun bat sortuko da, dagoeneko lantzen ari den ekimena. Bestetik, deialdia ireki da udazkenean gauzatuko den idazle egonaldi batean parte hartzeko interesa duten euskal  idazleen hautagaitzak jasotzeko.

Izan ere, duela bi urte sortu zenetik, Elkano 500 Fundazioak ulertu du Iparraldearekin lankidetzan aritzea aukera aproposa dela herritarrei luzatzen dien kultura-eskaintza aberasteko, Bidasoaz bestaldeko erakunde erreferenteekin lankidetzan, helburuak eta lan-irizpideak partekatuz.

Euskal Kultur Erakundearekin hitzarmena

Euskal Kultur Erakundearekin (EKE) sinatutako hitzarmena Koldo Amestoy kontalari eta Nerea Alberdi Etxebarria konpositore bizkaitarraren arteko kontakizun eta musika ikuskizunaren sorkuntzan gauzatu da. Proiektu honetan Alberdi lehen mundubiraren testuingurura hurbiltzen ari da berriro ere, 'Elkano. Mundubira. Primus' Loraldia jaialdiko ekoizpenena parte hartu ostean.

Bi artistak proiektua lantzen ari dira dagoeneko, elkarlanean. Eta bitartean, Elkano Fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak, Iparralde zein Hegoaldeko ikusleek mugaz gaindiko sorkuntza horren emaitzaz gozatu dezaten datozen hilabeteetan irekiko diren aukerak aztertzen ari dira.

Idazleentzat egonaldia Hendaian

Bestalde, Elkano 500 Fundazioak, Euskal Itsasebazterreko Ekimenen Zentro Iraunkorrak (CPIE - Littoral basque Euskal itsasbazterra), EKEk eta Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) deialdia zabaldu dute euskaraz lan egiten duten idazleek datorren udazkenean Hendaiako Nekatoenea etxean literatur sorkuntzako egoitza bat egiteko proposamena aurkez dezaten.

Ipar Euskal Herriko hiru kultur erakundeek urtero antolatzen duten beka honen hamargarren edizioa da. Oraingo honetan, munduari lehen itzulia eman zitzaionetik 500. urteurrena dela eta, Elkano Fundazioak bat egingo du antolatzaileekin. Genero libreko lanaren gaia Elkanorekin eta zirkunnabigazioarekin lotuta egon beharko da, baita gai periferikoekin ere, hala nola nabigazioa, esplorazioa, kartografia, astronomia eta abar. Elkano Fundazioak dibulgazio-helburuekin argitaratuko du gauzatzen den lana.

Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 31n amaituko da. 

Erakunde horien arteko lankidetzak aurrera jarraituko du 2020-2022 aldian, dibulgazio-hitzaldiak eta erakusketa ibiltariak bezalako ekimenekin, besteak beste. Horiei esker, mugaz haraindiko lankidetzan sakondu ahal izango da, bai eta fundazioaren helburuetan ere, Elkano eta mundubiraren aitzakiarekin, euskal itsas kultura eta ondarea zabalduz.