Fundazioa herri mailan izandako parte hartze prozesu luze baten ondorioz sortu zen eta, horregatik, lankidetza gune bat bezala jardun behar du
Agerraldian parte hartu dute Nikanor Lertxundi, Getariako alkatea eta Elkano Fundazioko lehendakariak, baita Elkano Fundazioko lantaldeko kideak ere: Ion Irurzun zuzendaria, Rafael Zulaika proiektuen koordinatzailea eta Alaia Berriozabal proiektuen teknikaria.
Fundazioa herri mailan izandako parte hartze prozesu luze baten ondorioz sortu zela gogoratu du Ion Irurzunek eta, horregatik, lankidetza gune bat bezala jardun behar duela. “Fundazioa instrumentu eraldatzaila izango bada, eta lan prozesu emankorra nahi badugu, halabeharrez kolektiboa behar du izan”, esan du Irurzunek Udal areto nagusira hurbildu diren getariarren aurrean.
Gogoratu dutenez, iragana aztertzea etorkizuna proiektatzeko da 2019 eta 2022 artean lan egingo duen Fundazioaren helburua. Horretarako, lankidetza maila ezberdinak jorratuko ditu Fundazioak, lokaletik abiatuta, nazioarte mailaraino.
Getariak eta getariarrek, orain arte izan duten moduan, zer esan eta eta egiteko handia izango dute aurrerantzean. Lan prozesu zein proiektuak herritarrekin “sortu, hausnartu eta partekatu” nahi ditu Elkano Fundazioak. Elikagaiak eta jasangarritasuna, itsasoaren zaintza, garapena eta ondorioak eta pentsamendua izango dira lan prozesuen lau ardatzak. Horien inguruan ezagutza sortu eta ondoren, oso era desberdineko proiektu eta ekimenen bitartez gizarteratu nahi dira emaitzak –gastronomia, kirola, ikuskizunak, artea eta dibulgazioaren lotutako proiektuen bitartez, besteak beste.
Elkano Fundazioa honako erakundeek osatzen dute: Getariako Udala, Urola Kostako Mankomunitatea, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Elkano Fundazioak aholkularitza batzordea ere badu, lortu nahi diren helburuekin bat datozen proposamenak egitea xede duena; horrez gain batzorde zientifikoa ere osatzen ari da, eduki akademikoak arautzeko.