Elkano Fundazioak "Elkanoren Euskal Herri barneko bidaia" argitaratu du

21 API, 2022
Argitalpen honetan, 2021en Donostian egin zen UPV/EHUren izen bereko uda kastaroan izandako hitzaldiak, txostenak eta ahozko komunikazioak biltzen dira.

Doan deskargatzeko moduan dago, formatu digitalean, orri honetan bertan.

Elkano Fundazioak argitalpen batean bildu ditu 'Elkanoren Euskal Herri barneko bidaia' EHUren Udako Ikastaroaren hitzaldiak eta ahozko komunikazioak, 2021eko irailaren 6 eta 7an Donostiako Carlos Santamaría Zentroan egin zena. Aurkezpenak euskaraz edo gaztelaniaz argitaratu dira, egileek idatzi eta eman zituzten hizkuntzan. Lana doan deskargatzeko moduan dago, formatu digitalean, orri honetan bertan, eta Euskadiko liburutegi publikoen sarean banatu da, kontsultarako. Argitalpen honen bidez, Elkano Fundazioak lehen nabigazioa izan zenaren inguruko ezagutza sortzen eta zabaltzen lagundu nahi du, baita gertatu zen testuinguru kulturala eta sozioekonomikoaren ingurukoa ere, bereziki Euskal Herrian.

Udako ikastaroan, eta orain argitalpen honetan, lehen mundubiran Euskal Herriko testuinguru sozio-ekonomikoa zer-nolakoa zen aztertzen da, pertsona haien bizimodua ulertzeko asmoarekin.

Beatriz Arizaga Kantabriako Unibertsitateko Erdi Aroko Historia katedradunak  lehen mundu bira garaiko Euskal Herriko eguneroko bizitza aztertzen du, eta Manuel J. Parodi Álvarez, Historiako Europako doktorea eta Unibertsitate Magallanikoen Sareko kidea, ‘XVI. mendeko Europa mundu berri baten bidean’. Juan José Alvarez EHUko irakasleak, Guillermo Roa Elhuyar Fundazioko zientzialari eta dibulgatzaileak eta Aitor Arregi Getariako Elkano jatetxeko sukaldariak lehen itsas birak hainbat esparrutan, hala nola legedian, zientzian eta elikaduran, ekarri zituen berrikuntza-faktoreez ari dira. Beñat Eguiluzek, University of Wales Trinity Saint David unibertsitateko doktoregaiak, ‘Ontzigintzaren tradizioa eta mugaz haraindiko loturak Elkanoren garaian’ du hizpide eta Janire Castrillo EHUko ikertzaile eta Historia doktoreak, ‘Gizonak itsaso zabalean. Eta emakumeak?’ gaia.

Azkenik, udako ikastaroko ahozko komunikazioen saioko ekarpenak jaso dira, zazpi egilek ikastaroaren gaiarekin loturiko beren ikerketen emaitzak. Hainbat gairen artean, honako hauek jorratuko dituzte: Magallanes-Elkano espedizioaren finantzaketa, garaiko euskal merkatarien egoera juridikoa, Elkanoren eskuizkribuak edota maisuaren lanbidea. Atal honek honako egile eta artikuluak jasotzen ditu: Pedro Cuesta Escudero ('Mercancías de la armada magallánica compradas en el País vasco), Angel Azpeitia de Diego (Los expedicionarios de Deba en la armada a la especiería de Magallanes y Elkano), Borja Mollá Moral (Situación jurídica del mercader marítimo en la Euskal Herria del siglo XVI, Gotzon Garmendia Aldasoro (Kapitalismoaren sorrera), Alberto Rodríguez (Maestres de la armada de Magallanes/Elkano), David López (Dos proyectos, una realidad) eta Fernando Txueka Isasti ( J.S. Elkano. El manuscrito de la Priomera Vuelta al Mundo). 

2022ko udako ikastaroak

Aurten, Elkano eta mundu bira itzuli egingo dira EHUren udako ikastaroetara, eta aurreko edizioetan izandako harrera ona ikusita, bi hitzordu antolatuko dituzte. Ekainaren 13an eta 14an, ‘Elkanoren pentsamendua’ jorratuko da, Joxe Azurmendi katedrarekin lankidetzan. Uztailaren 7an eta 8an, berriz, ‘Elkanoren ospakizuna: ondorioak eta galdera berriak’ saioa izango da. Azken horrek lau mahai-inguruz osatutako formatua izango du, eta ospakizunen, begiraden eta kontakizunen arrazoietan oinarrituko da. Tokian tokikora mugatu gabe, herri hartzaileenak ere aintzat hartuko dira, eta, munduari bira berri bat eginez, iraganetik gaur egunera zer transmititu aztertuko da. Biak doakoak izango dira eta EHUko Carlos Santamaria Zentroan izango dira.