Elkano eta itsasoa: Nekatoeneatik, Lumi taldearen lan berrira

7 API, 2021
Nahia Zubeldia idazle musikariak joan duen abenduan Nekatoenean egindako idazle egonaldian sortutako olerki bilduma Lumi taldearen bigarren diskoan bilduko du. Egonaldia babestu duten erakundeen aurrean aurkeztu berri du Elkano eta itsasoaren aurpegi desberdinak ardatz dituen sorkuntza lana. 

Nahia Zubeldiak Euskal Kultur Erakundeak, CPIE- Euskal itsasbazterra elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak eta Elkano Fundazioak deitutako euskarazko egileentzako literatur egonaldia osatu zuen abenduan Hendaiako Nekatoenea baserrian. Lehen mundubiraren 500 urteurrenean, sortzaile, musikari eta itzultzaileak Elkano eta itsasoa inspirazio iturri dituen hogei testuz osaturiko olerki bilduman; Getariako itsasgizona abiapuntu hartuta, Zubeldiak itsasoari, euskaldunen jakin-minari, mundu ezezagunen bilaketari eta itsasoaren aurpegi desberdinei buruzko poema-bilduma landu du. Itsasoak gaur egun duen aurpegi ilunenetariko bati ere heldu dio, errefuxiatuen dramari hain zuzen.

Sortutako testuetako zazpiri musika ere jarri die artistak:  'Aurelia Aurita', 'Itsasoaren hondotik', 'Elkanok itsasoari', 'Sirena saldua', 'Denborako kosmonautak', 'Bezperen dirdira' eta 'Beleen ondora'. Manu Matthysekin baterako bigarren diskoak jasoko du egindako lana, musikatuak zein idatzizkoak, diskaren liburuxkan. 

Literatur egonaldia bultzatu duten erakundeen aurrean aurkezpena egin berri du Nahia Zubeldiak Nekatoenean eta datorren uda partean hegoaldean aurkeztuko du, jada publikoaren aurrean.