Elkano eta Euskal Herria, zergatik izan zen euskaldun bat munduari lehenengo biraren kapitaina azaltzen duen liburua

30 EKA, 2022
Liburuak bidaia hura aurrera eramateko euskal herritarrek egindako funtsezko ekarpenak biltzen ditu. Liburua jada salgai dago Elkano Itsas Herria zeharkaldi kulturaleko informazio puntuan, aurtengo udan euskal itsasertza zeharkatzen ari dena Juanita Larando patatxean.

Kasualitatea izan ote zen munduari bira eman zion lehenengo pertsona Elkano izatea? Kasualitatea izan ote zen Victoria ontzia ere, itzultzea lortu zuen itsasontzia, euskal jatorrikoa izatea? Elkano eta Euskal Herria. Nola egin zen posible lehen mundu bira, Euskal Itsas Museoak editatutako liburua da, Elkano Fundazioaren, Albaolaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta bertan adierazten da kasualitate hori ez zela ustekabekoa izan, baizik eta Euskal Herriko ontziteriak XVI. mendeko mendebaldeko merkataritza-ibilbideetan zuen hegemoniaren ondorio logikoa.

Xabier Alberdik, Euskal Itsas Museoko zuzendariak; Rafa Zulaikak, Elkano Fundazioko proiektuen koordinatzaileak; eta Xabier Agotek, Albaolako zuzendariak, liburua aurkeztu dute gaur goizean Donostian, Elkano Itsas Herria zeharkaldi kulturaleko programazioaren testuinguruan. Izan ere, bihar, uztailaren 1ean Gipuzkoara itzuliko da,  ekainean Bizkaiko itsasertza zeharkatu eta lurraldeko 11 portutan lehorreratu ondoren.

Alberdik honakoa azpimarratu du: “liburu honetan Euskal Herriak, itsas herri horrek, munduari lehenengo bira eman ahal izateko egindako funtsezko ekarpenak biltzen dira; eta herritar gehienek aldez aurretik entzun gabeko gertakariak bildu ditugu”.

Zulaikak, bestalde, gogorarazi du Elkano eta Euskal Herria. Nola egin zen posible lehen mundu bira liburua azkeneko hiru urteetan sortutako ezagutza berrian oinarritzen dela, munduari emandako lehenengo biraren 500. urteurrenaren harira sustatutako ikerketei esker. “Fundazioan lan gogorra egin dugu hiru urteren buruan Elkanori, bidaia horri eta garai hartako euskal testuinguruari buruz 2019an genekiena baino gehiago jakiteko. Orain, informazio hori guztia gizarteratu behar dugu formatu desberdinen bidez, mota guztietako publikoak horren berri izan dezan liburu, abesti, jaialdi edota kongresuen bidez”.

Liburuak, besteak beste, honako gaiak jorratzen ditu: euskal ontziteriak Mendebaldean zuen nagusitasuna, Magallanes-Elkanoren espedizioan jokoan zeuden interes geoestrategiko nagusiak, edo Sevillako Kontratazio Etxeko euskaldunen arteko harremana. Horrez gain, kapitulu batek euskal itsasontzien teknologia jorratzen du, izan ere, hiru itsasontzi eman zituen espediziorako, horien artean, bidaiaren amaierara iritsi zena. Amaitzeko, liburuan Getariako kapitainaren eta horren zientzia- eta kultur-legatuan sakontzen du.

Liburua euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez dago eskuragarri. 3.000 ale argitaratu dira, eta jada salgai daude 10 eurotan, Elkano Itsas Herria zeharkaldi kulturaleko informazio puntuan, Euskal Itsas Museoko dendetan eta Albaola Itsas Kultur Faktorian.

Elkano Itsas Herriaren ibilbidea Gipuzkoan zehar

Bihar, uztailaren 1ean, hain zuzen ere, Elkano Itsas Herria, Euskal Herri osoak partekatzen duen itsas-historiaren bidez itsasoarekiko harremana berreskuratzeko zeharkaldi kulturala, Gipuzkoara itzuliko da ekainean Bizkaiko kostaldea zeharkatu ondoren. Xabier Agotek patatxeak uztailean zehar egingo duen ibilbidea aurkeztu du, eta “Juanita Larando euskal itsas herri guztiak elkar lotzen dituen egurrezko jostorratza da” adierazi du.

Asteburuan Mutrikun botako du aingura Elkano Itsas Herriak; ondoren, Juanita Larando patatxeak eta berarekin daraman jarduera-programak Deba-Itziar, Zumaia, Orio eta Hondarribia bisitatuko ditu, Lapurdirantz jarraituko du, Hendaian porturatuko da eta Azkaineko barne-porturaino iritsiko da.

Elkanoren Lehenengo Mundu Biraren testuinguruan, bisitatutako udalerrietako plazetan mota guztietako jarduerak egingo dira, eta itsasoari lotutako kulturetan ipiniko da arreta, itsasertzeko herrien ondare komuna da eta. Proiektu honetako enbaxadore nabarmendu gisa, Juanita Larando (XVIII mendeko patatx baten erreplika, haize-oihalez eta arraunez bultzatutakoa, Albaolako Aprendiztegiko erriberako zurgindegi eskolan eraikitakoa), ibilbidea egiten ari da itsasoan zehar hiru hilabetez. Era horretan, adin guztietako ehundaka pertsona haize-oihal eta arraunen bidezko usadiozko nabigazioa ezagutzen ari dira Elkano marinelaren garaietan euskal portuetan ikustea ohikoa zen itsasontzietako batean.

Elkano Itsas Herria zeharkaldi kulturala erakusketa ibiltari batekin osatzen da. Erakusketa gai desberdinetako blokez dago osatuta, eta itsas kulturak euskal gizartearen garapenean izan duen garrantzia azpimarratzen du. Erakusketaren bereizgarri bat da portu bakoitzean handitzen doala porturatutako udalerriari buruzko informazioarekin; era horretan, gogorarazten du Euskal Herriko itsas-munduaren garrantziari balioa ematea euskal itsasertzak batera egin beharreko lana dela. Guztiek partekatutako ondarea da, eta beren kontakizuna partekatutako historia izan behar du. Gainera, erakusketa horrekin batera beste hainbat jarduera egongo dira, eta lotuta egongo dira itsasoari, nabigazioari, munduaren lehenengo birari, itsasoaren ezagutzari, Euskal Herriko itsas‑historiari, eta bisitatutako udalerriei, hain zuzen ere. Historiari buruzko hitzaldiak, mahai‑inguruak, bertsolariak, musika, dantza, ipuin kontalariak, itsasoko eta astronomiako lanbideei lotutako tailerrak, dokumentalak, bai eta Juanita Larando ontzia nabigatzen ikasteko txangoak ere egongo dira, plaza guztietan adin guztietako jendearentzako programa eskaintzeko. Programa hori hainbat kultur-, zientzia- eta sormen-eragile elkarlanaren bidez diseinatu da.

Uztailean Gipuzkoako kostaldean zehar egindako ibilbidearen ondoren, Elkano Itsas Herriak atsedena hartuko du abuztuan, eta irailean jarraituko du bere bidearekin Gipuzkoa eta Lapurdiko kostaldean zehar, aurretik bisitatu gabeko herrietara iristeko. Era horretan, Getariara iritsiko da Elkanoren Egunaren programazio bereziaren harira, eta eskala egingo du Donostiako Euskal Jaietan. Hortik aurrera, ibilbidearen azkeneko zatia Lapurdin zehar egingo du, eta Ziburu, Donibane Lohitzune bisitatuko ditu Ondarearen Europako Jardunaldietan.

Instituzioen sareko lana

Elkano Itsas Herria instituzioen eta euskal kostaldeko udalerrien arteko sareko lanaren emaitza izan da. Elkano Fundazioak, Albaolak eta Donostiako Itsas Museoak garatu dute, eta Getaria eta Paisaiako udalen laguntzaz ez ezik, Eusko Jaurlaritzak edo Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herri osoko eragile eta administrazio publikoek ere lagundu dute, hala nola, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoak, Urola-Kostako mankomunitateak, Basquetourrek, Eusko Labelek, HAZIk eta Pasaia Itsas Festibalak, Urmugak eta EuskarAbenturak. Elkano Itsas Herria proiektuan Gipuzkoa, Bizkaia eta Lapurdiko hogeita bost udalek bat egin dute, eta era horretan euskal kostalde osoak itsas-ondare komunarekiko eta kulturarekiko duen mendetako lotura indartu du.