Elkano, egungo gizartea berriz pentsatzeko inspirazioa

13 ABE, 2018
Elkano Fundazioak lehen mundubira ospatzeko egitarauaren zati bat aurreratu du

Fundazioak 2019-2022 eperako lan lerroak aurkeztu ditu. Helburuen artean, ezagutza historikoa landu eta ikertzea egungo gizartearen erronkak aztertu eta aintzat hartzeko, eta baita eredu sozio-ekonomikoak birpentsatzeko ere. 

Fundazioaren lehen ahalegina lan akademikoa bultzatzea eta ikerketa historikoan sakontzea izango da. Era horretan, oinarri zientifiko sendo batekin garatu ahal izango dira Fundazioak aurreikusita dituen proiektuak. Gaur egun gauza gutxi dakigu eta Elkanori eta lurraren inguruko lehen itzuliari buruz.

Ion Irurzun zuzendariak azaldu du Fundazioak lankidetza sareak egituratuko dituela, bai bertakoak eta baita nazioartekoak ere, proiektu bakoitza garatu eta gauzatzeko. Entitatea behin behinekoa dela ere nabarmendu du -2022an desegingo da-, baina gizarteari ondare bat utzi nahi dio kulturaren, ekonomiaren eta gizartearen garapenari lotuta.

Fundazioko lehendakari Nikanor Lertxundiren hitzetan “orain 500 urte euskaldunak ilargian izan ginen”. Izan ere Lurraren lehen zirkumnabigazioa burutzean Juan Sebastian Elkanok lortu zuen balentria ilargia zapaltzearekin parekagarria da: “aldaketa garrantzitsuak eragin zituen gizaterian, gizartearen eta historiaren garapena aldatuz” hainbat arlotan, hala nola industrian eta ontzigintzan, elikaduran, nazioarteko merkataritzan edo pentsamenduan eta kulturan.

Hain zuzen ere eraldaketa eremu horien inguruan ari dira egituratzen urteurrenaren edukiak,

Ezagutza akademikoa sortu eta zabaldu

Markel Olano, Gipuzkoa Diputatu Nagusia eta Elkano Fundazioko patronatuko kidea, Fundazioak doktoretza tesiak abian jartzea sustatu du EHUrekin, eta baita Elkano Katedra ere Montrealgo unibertsitatean, Etxepare Institutuarekin lankidetzan. Horrez gain, 2019. urtean zehar, euskaldunei eta zirkumnabigazioari buruzko nazioarteko kongresua antolatuko du, inguruko kultura eragileekin lankidetzan. Elkano pentsamendu eskola ere abian jarriko da; espazio horren helburua izango da egungo gizartearen balioei buruz hausnartzea eta kultura zein giza garapena bermatzeko bere funtzioaz gogoeta egitea.

Ezagutza akademikoa ezagutzera emateko eta gizartera zabaltzeko Elkano Fundazioak hainbat ekintza sustatuko ditu: ipuin edo aldizkarien argitaratzea, mintegiak, dokumentalak, hezkuntza zentroetarako produktu pedagogikoak diseinatzea eta ihes-gela sarea.   

Itsasoari lotutako garapena

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako Sailburu Arantxa Tapiak, bere aldetik, garapen ekonomikoari lotuta Fundazioak abian jarriko dituen proiektuez hitz egin du.Besteak beste itsasoari lotutako lanbideak berreskuratzeko ekimena aipatu du, zentro teknologiko eta lanbide heziketako zentroekin lankidetzan. Itsasoaren zaintza izango da beste lan ardatzetako bat, “teknologiak, ezagutza-sareak eta sentsibilizazio nahiz kosta berreskuratzeko jarduerak barne hartuko dituzten proiektuak sustatuz”.    

Gastronomiak eta elikadurak ere leku nabarmena izango du Elkano Fundazioak hurrengo hiru urteetan sustatuko dituen jardueren artean. Sailburuak azpimarratu duenez, Hazi eta Elika Fundazioekin elkarlanean jasangarritasunaren ikuspegitik landuko da arlo hau.