Elkano Fundazioaren eta Euskal Kultur Erakundearen (EKE) arteko lankidetza-hitzarmenaren emaitza da eta Elkanoren lehen mundu-bira inspirazio-iturri hartuta, Getariako kapitainak egindako ibilbideko kondairak eta herri-musika biltzen ditu lanak, eta aniztasuna goresten du.
Datorren ekainaren 5ean, larunbata, getariarrek ‘Elkano battela, xumea baina gurea’ lanaren estreinaldiaz gozatu ahal izango dute. Aniztasuna goresten duen lan hori kontakizunez eta musikaz osatutako ikuskizun moduan aurkezten da eta publiko helduari zuzenduta dago. Koldo Amestoy ipuin-kontalariak, Nerea Alberdi konpositoreak eta Kepa Elgoibar musikariak elkarlanean sortu dute, eta lehen mundu-bira inspirazio-iturri hartzen du. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Iturzaeta Herri Eskolan, musikaz eta literaturaz osatutako bidaia onirikoan eramango dute publikoa, Juan Sebastian Elkano Getariako kapitainak Lurraren inguruan hiru urtez egindako ibilbidean zehar. Edukiera mugatuta dago. Sarrerak doakoak dira eta Getariako turismo-bulegoan eska daitezke ekainaren 1etik aurrera.
Elkano battela, xumea baina gurea lana Elkano Fundazioaren eta Euskal Kultur Erakundearen (EKE) arteko lankidetza-hitzarmenaren emaitza da, eta Elkano eta lehen zirkumnabigazioa ezagutaraztea du xede, literaturaren eta musikaren bitartez; baita garai hartako euskal testuinguru soziala, ekonomikoa eta kulturala ezagutaraztea ere, hau da, itsasoari lotutako ondarea, euskal itsasbazterreko herriek partekatzen dutena.
Koldo Amestoy, Nerea Alberdi eta Kepa Elgoibar artistak lehen aldiz elkarrekin aritu dira proiektu artistiko honetan; pandemiaren ondorioz hein handi batean elkarrengandik urrun egonda garatu badute ere, hirukoteak aste batzuk badaramatza elkarrekin entseatuz.
Ikuskizunean narrazio-ahotsaz arduratzen da Koldo Amestoy, eta Nerea Alberdi eta Kepa Elgoibar abesteaz eta zuzeneko musikaz; Nereak biolina, biola eta instrumentu txikiak txandakatzen ditu, eta Elgoibarrek akordeoia, gitarra eta perkusioa.
Ipuin-kontalariaren esanetan, ikuskizuna “aniztasunaren gorespen bat da” eta “Elkanoren ibilbidean topatu ditudan, baina hark inoiz entzun ez zituen kontakizun eta kondairen inguruan egituratzen den narrazio bat" biltzen du. “Konfinatuta egon garen garaian, aukera izan dut istorio horien bila mundu guztian zehar bidaiatzeko”. Nerea Alberdik, bestalde, kontakizuna lotu eta girotzen duen partitura garatu du “toki askotako herri-musikaren kutsuekin” eta “Elkano igaro zen lekuetako kulturen folkloreetan zeharreko bidaia onirikora” eramaten du ikuslea. Kepa Elgoibarren esanetan, musikak "betekizun bikoitza" dauka ikuskizunean: "errelato desberdinen hasieran, ikusleak kultura haietara eramateko erabiliko dugu eta, beste momentuetan, bigarren planotik narrazioa aberasteko".
Elkano battela, xumea baina gurea ikuskizuna Getarian estreinatu ondoren Iparraldean aurkeztuko da, eta Elkano Fundazioa lanean ari da ikuskizuna Euskadiko beste herri batzuetara zabaltzeko, bereziki lehen mundu-birarekin lotura duten haietara.
Elkano 500 Fundazioak abian jarri zenetik jakin du Iparraldearekin lankidetzan aritzea aukera ona dela lankidetza-sareak sortzeko itsasoarekin lotura estua duten tokien artean. Ekimen horri esker, herritarrei eskainitako eskaintza kulturala aberastu egiten da Bidasoaren bestaldean erreferentziazkoak diren erakundeekin elkarlanean arituz, Fundazioak helburuak eta lanerako irizpideak partekatzen baititu haiekin.