Ipar Euskal Herriko hiru kultur erakundeek urtero antolatzen duten beka honen hamaikagarren edizioa da. Aurten, bigarren aldiz, Elkano Fundazioak bat egin du antolatzaileekin, eta genero libreko eta euskarazko lanaren gaia Juan Sebastian Elkanoren pertsonaia eta berak gauzatu zuen lehen mundubiraren inguruko gai bati edo gai batzuei buruz bideratuko da, esaterako itsasketa, esplorazioa, aurkikuntza, kartografia, astronomia edota itsasontzien eraikuntza. Literatura idatzia zein ahozkoa landu ahal izango dira, eta haur eta gazteei zuzendu proposamenak begi onez ikusiko dira.
Egonaldia hilabetez egingo da, 2021eko urritik abendura bitarteaz, Hendaiako Nekatoenea baserrian, Abbadia inguruan. Irabazleak 1.500 euroko dirulaguntza izango du.
Interesatuek honakoa aurkeztu beharko dituzte 2021eko ekainaren 15a baino lehen: hautagiatza formularioa osatuta, ibilbidea jasotzen duen Curriculum Vitaea, motibazio gutuna eta egonaldi egitasmoaren aurkezpena. Dokumentazioa posta elektronikoz aurkeztu beharko dute jfrahier@hendaye.com helbidean. Deialdiaren xehetasun guztiak erantsitako dokumentazioan daude eskuragarri.
Epaimahaia lau erakunde antolatzaileetako ordezkari banak osatuko dute.
Sortu zenetik, Elkano 500 Fundazioak Iparraldeko lurraldearekiko lankidetza aukera bat dela herritarrei kultura-eskaintza aberasteko ulertu du, Bidasoaz bestaldeko erakunde erreferenteekin lankidetzan arituz, beti ere helburuak eta lan-irizpideak konpartituz. Hemen kokatzen da Elkanoren, lehen munduko itzuliaren eta bere testuinguruaren inguruan sormen proiektu bat garatzeko lankidetza-hitzarmena Euskal Itsasbazterra - Ekimenen Zentro Iraunkorrarekin (CPIE Littoral Basque - Euskal itsasbazterra), Euskal Kultur Erakundearekin (EKE) eta Euskal Idazleen Elkartearekin (EIE). Iazko edizioko irabazlea Nahia Zubeldia musikari, sortzaile eta itzultzailea izan zen eta Elkano eta itsasoa inspirazio iturri dituen olerki bilduma bat landu zuen; bertan, itsasoak gaur egun duen aurpegi ilunenetariko bati heltzen dio, errefuxiatuen dramari hain zuzen. Egindako lana aurtengo udaran aurkeztuko da publikoaren aurrean.