Daniel Zulaika: “Ez geunden han halabeharrez”

4 UZT, 2019
Magallanes-Elkano espedizioan euskaldunek izan zuten betekizuna aztertu du; 31 izan ziren espedizio hartan parte hartu zuten euskaldunak, eta horietatik seik eman zioten bira munduari

Elkano 500 Fundazioak sustatuta eta UPV/EHUrekin lankidetzan, “Elkano eta munduaren inguruko lehen bira: 500 urte geroago” ikastaroa izango da gaur eta bihar Donostiako Miramar jauregian. Gaurko saioan, Elkano 500 Fundazioko Aholku Batzordeko Daniel Zulaikak, Magallanes-Elkano espedizioan euskaldunek izan zuten betekizuna aztertu du; Sevillako Unibertsitateko katedradun Pablo E. Pérez-Mallaínak, bere aldetik, XVI. mende hasieran itsasontzietako bizimodua nolakoa zen aztertu du, eta Euskal Itsas Museoko zuzendari Xabier Alberdik euskal itsasgintzaz eta munduaren inguruko itzulia burutu zuen Victoria naoaz hitz egin du.

Daniel Zulaika Historian lizentziaduna da eta Elkano 500 Fundazioko Aholku Batzordeko kideetako bat. Hitzaldian euskaldunek munduaren inguruko lehen biran izan zuten betekizuna aztertu du; bere hitzetan,  espedizio hura izan zen “Aurkikuntzen garaiko nukleo nagusiaren amaiera”, eta historiako garai zinez laburra izan zen, Amerikaren aurkikuntzarekin hasi eta 1922an Elkano Sanlúcar-era iritsi zenean amaitu baitzen. Euskal Herriak espedizioari egindako ekarpenen artean daude hiru nao, 31 espediziokide, arotzak eta bikeztatzaileak eta ontzigintza tradiziotik jasotako ontzi-teknologia. 

Zulaikak azpimarratu du “euskaldunak ez geundela espedizio hartan halabeharrez”, 1245. urteaz geroztik euskaldunak ugari izan baitziren Sevillan, merkatariek, garraiolariek eta marinelek osatutako komunitatea hain zuzen, eta Kontratazio Etxean ere betekizun garrantzitsua izan zuten.  Nabarmendu zirenen artean daude Ochoa de Isasaga ordiziarra, Juan Lopez de Rekalde azkoitiarra eta Domingo de Ochandiano durangarra, besteak beste.  Azken bi horien parte-hartzea garrantzitsua izan zen Magallanes-Elkano espedizioaren prestaketa-lanetan; eta gainera, Ochandiano arduratu zen Elkanori laguntzeaz itzuleran.

Itsasontziak prestatzeko prozesu luzean ere parte hartu zuten euskaldunek. Naoetan lan egin zuten berrogeita hamazazpi arotzetatik zazpi (%16) euskaldunak ziren, eta baita hirurogeita sei bikeztatzaileetatik hamabost (%23) ere. Lanean aritu ziren, halaber, maisuak, kontramaisuak, marinelak, peoiak eta beste batzuk. Bilboko Juan eta Rodrigo de Garaik espediziorako materiala hornitu zuten.  

Espediziokide euskaldunak

Espedizioa osatzen zuten gizon guztietatik, euskal herritarrak gehiengoa ziren (31) andaluziarren (73) ondotik eta italiar (27) nahiz portugaldarren (24) aurretik. Horietatik 22 bizkaitarrak ziren eta 9 gipuzkoarrak. San Antonio naoan joan ziren 14, Concepcionen 9, Victorian 6 eta bana Trinidad eta Santiago naoetan. Nao batean edo bestean joateak erabaki zuen horietako askoren etorkizuna.

31 euskaldunen artean zeuden bi maisu, kontramaisu bat, zazpi marinel, bederatzi itsasmutil, bi morroi, hiru arotz, hiru bikeztatzaile, despentsari bat, osasun-langile bat, armagizon bat eta kapitainorde bat. “Armadako bost arotzetatik hiru eta sei bikeztatzaileetatik hiru euskaldunak ziren, naoetan hain garrantzitsuak ziren lanbide tekniko horietan euskaldunek zuten esperientziaren erakusle”, adierazi du Zulaikak. Hitzaldian zehar, horiek guztiek bidaian izan zituzten gorabeheren berri eman du; badakigu seik bakarrik lortu zutela munduari bira ematea, eta 1522ko irailaren 6an iritsi zirela, edo bost hilabete beranduago, Cabo Verden askatuak izan eta gero; hauek ziren sei gizon horiek: Elkano, Juan de Acurio, Juan de Arratia, Juan de Zubileta, Pedro de Tolosa eta Pedro de Chindarza.

Elkano, gaur egungo liderra

Zulaikaren ustetan, Getariako itsasgizonak oso gaztetatik erakutsi zuen “besteen artetik nabarmentzen zuten jakin-nahia eta anbizioa”. “Ez zuen amore ematen zailtasunen aurrean. Porrot egin eta itsasontzia mailegu-emaileei eman eta gero, Sevillara joan zen berriro hasteko asmoarekin”, azaldu du. Itsas bidaiak iraun zuen 3 urte luzetan izandako hainbat egoera zailek proban jarri zuten bere sendotasuna: “Elkanok gaur egungo lider baten ezaugarri asko ditu, besteak beste ekimena, grina, buru ordenatua, antolatzeko gaitasuna, ez du amore ematen zailtasunen aurrean, helburu garbiak jartzen ditu, bere lankideak inplikatzen ditu, entzun egiten die erabakiak hartu behar direnean, eta beraiekiko kezka azaltzen du”.

Hitzaldiaren amaieran, Daniel Zulaikak esan du “espediziokide haiei buruzko azterketa sakon gehiago behar direla, bereziki itsas bidaiaren aurreko eta ondorengo urteetan”.