'Cuaderno de paseo por la Getaria de Elkano', lehen mundubiraren garaiko Euskal Herria itsastarrera egindako bidaia ilustratua

28 AZA, 2022
Liburuak Arturo Redondoren ilustrazioak eta Daniel Zulaikaren testuak ditu eta trilogia bat osatzen du, aurretik Sevillari eta Sanlúcar de Barramedari eskainitako beste bi lan biltzen dituena. Munduari lehen bira eman zion kapitainaren jaioterriko lekuak, pertsonaiak, gertaerak eta agertokiak birsortzen ditu, XVI. mendeko Euskal Herriko kasu paradigmatiko gisa.  

Zer pentsamolde zuten Elkanoren garaian Euskal Herrian bizi ziren gizon eta emakumeek? Nolakoa zen ingurunea? Azken hiru urteetan, Elkano Fundazioak ikerketa akademikoak sustatu ditu auzi horiek argitzeko, eta udako ikastaroak eta hitzaldiak antolatu ditu, baita saiakerak eta eleberriak argitaratu ere, horiek azaltzeko.

'Cuaderno de paseo por la Getaria de Elkano: el País Vasco y la primera vuelta al mundo' izenburuko lanaren asmoa da mundu guztiari azaltzea nolakoa zen itsasoari lotuta bizi zen gizarte hura. Eta Arturo Redondoren ilustrazioen bidez kontatzen du —Cadizeko ikusizko komunikatzaile eta ilustratzailea, birsortze historikoan espezializatuta eta XVI. mendearen zale amorratua—; lekuak, pertsonaiak, gertaerak eta agertokiak marrazten ditu, orain dela 500 urte Getaria nolakoa zen kontatzeko. Testuak Daniel Zulaikarenak dira, Elkanori eta lehen zirkumnabigazioari buruzko zenbait lanen egilearenak. 

Andaluziako Juntak argitaratu du, Elkano Fundazioarekin, Getariako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan. Cuaderno de paseo por la Getaria de Elkano liburuak Arturo Redondok ilustratutako trilogia ixten du, 2017an Sevillari eskainitako koadernoarekin hasi zena, espedizioa han sortu baitzen, eta 2018an jarraitu zuen Sanlúcar de Barramedari eskainitako liburuarekin (Ozeano Atlantikora irteteko lekua). Liburua  webgune honetan bertan ikusi daiteke eta Fundazioa, Google Arts & Culture plataformaz baliatuta, liburua erakusketa digitalera egokitzen ari da eta 4 hizkuntzatan ikusi ahal izango da (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez).

Redondok, Daniel Zulaikarekin batera, liburua aurkeztuko dute asteartean, azaroak 29, Euskal Itsas Museoan, Donostian, 17:30etatik aurrera. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.

 “Pribilegio handia izan da Getariarekin trilogia hau ixtea, Munduari egindako Lehen Biran protagonista izan diren hiriei buruzkoa. Bai eta, marrazkien bidez, euskal basoetan, burdinoletan eta Kantauri itsasoko herrietan sortzen den istorio liluragarri bat kontatzea ere, Atlantiko hegoaldeko nire lurraldean jarraitzen duena eta handik planeta osoa lehen aldiz zeharkatzen duena. Elkano Fundazioari eskerrak eman nahi dizkiot ilustrazioaren bidez tresna dibulgatzaile eta didaktiko honen alde egindako apustuagatik”, dio egileak.

Fundazioaren aldetik, Irurzunek eskerrak eman dizkio Andaluziako Juntari, liburu hau egiteko ez ezik, munduari egindako lehen bira ospatzeko hainbat ekimenetan parte hartzeagatik ere (esaterako, Magallaes/Elkano espedizioa, Getariatik Sevillara bizikletaz egindako ibilbidea edo Getaria eta Sevilla artean Pottoka belaontzian egindako itsasaldia). “Lankidetza hauekin, Bizkaiko golkoa eta Guadalquivir batu ditugu berriro, mendeetan zehar partekatutako itsas historiaren adierazgarri. Gure lurraldeen arteko itsas lotura hori bizirik mantentzen laguntzea espero dugu”. 

Komikitik hurbil dagoen estiloarekin, eta dokumentazio lan sakon batean oinarrituta, Redondok ibilaldi-koaderno honetan murgildu nahi du irakurlea, munduari lehen bira eman zion kapitainaren Getariako kaleetan, elizan eta portuan, harresietan, baserrietan eta San Antonen barrena. Halaber, Getariako sare sozial eta ekonomikoa erakutsi nahi ditu, itsasoari erabat lotuak nabigazioaren, merkataritzaren eta arrantzaren bidez.    
Azken batean, Elkanoren Getaria garai hartako Euskal Herri osoaren paradigma besterik ez da, XVI. mendeko espedizio ozeaniko handiei egindako ekarpena oso nabarmena izan baitzen: teknologia (ontzigintza eta burdinolak), lehengaiak (zura eta burdina), ezagutzak (arrantza, nabigazioa eta merkataritza) eta, jakina, nabigatzaileak.