Orain 500 urte Lurraren zirkumnagibazioaren berri eman zuten eguneroko, gutun, kontakizun eta adierazpenak aztertuko ditu Varelak bere hitzaldian.
Magallanes-Elkano espedizioan ez zen bidaiaren kronikagile edo historialari ofizialik izan, ez baitzen garai hartako ohitura, baina espedizioan parte hartu zuten hainbatek idatzita utzi zuten bidaiari buruzko bere bertsioa; beste batzuen eskutik berriz, txosten ofizialak bildu behar zituzten epaileen aurrean egin zituzten adierazpenak ezagutu ditugu, edo Portugal eta Espainia artean egin ziren batzarretan emandako lekukotasunak.
CSIC-eko historialari Consuelo Varelak oinarrizko iturriak aztertuko ditu hitzaldian, hala nola Antonio Pigaffetaren idatziak, Elkanorekin Victorian itzuli ondoren hainbat hizkuntzetara itzulitako kronika argitaratu zuena; horrez gain, beste hauek ere aztertuko ditu: Juan Sebastian Elkanok Carlos V.a erregeari idatzitako gutunak, Francisco Albok zehaztasunez idatzitako itsas ibilbidea edo Trinidad-eko pilotu Gines de Mafraren kontakizuna. Bigarren mailako iturrien aipamena ere egingo du, besteak beste Maximiliano Transilvanok Salzburgoko artzapezpikuari bidalitako dokumentazioa, edo Pedro Mártir de Angleriak Adriano VI. Aita Santuari bidalitako gutuna, gerora Europako gorte nagusietan zehar ibili zena.
Hitzaldia 19:00etan izango da, Donostiako San Telmo museoan. Sarrera librea da, bete arte.
Euskaldunon papera lehen mundubiran
Munduaren inguruko lehenengo itzuliari eta gertakari haren testuinguruari buruzko hitzaldi-zikloa antolatu zuen San Telmo museoak 2018an, eta 2019an Elkano 500 Fundazioak bat egin du zikloarekin, entitate laguntzaile gisa. Zikloaren helburua bikoitza da: alde batetik, ezagutzera ematea orain arte ikerketa historikoek erakutsi dutena Elkanori, munduaren inguruko itzuliari eta gertakari hark gizartearen eraldaketan izan zuen eraginari buruz; eta bestetik, Euskal Herriko itsas teknologiak eta euskal itsasgizonek bidaia horretan eta beste batzuetan izan zuten betekizuna aitortzea.
Zikloaren programazioari buruzko informazio gehiago