Lekeitiok itsasontzi nagusia, Trinidad, eman zion munduari lehen aldiz bira eman zion espedizioari, eta haren hornikuntzan ere parte hartu zuen Nikolas Artietaren bitartez.
Bizkaiko, Gipuzkoako eta Iparraldeko erakundeetako ordezkariek parte hartu dute gaur Lekeition ekitaldi instituzional eta oroigarri batean, itsasoari lotutako ondare historiko komunaren garrantzia agerian uzteko, Elkanoren lehen mundu biraren V. mendeurrenaren testuinguruan.
Izan ere, gaur 503 urte, 1518ko uztailaren 20an, Nikolas Artieta lekeitiarrak Espezieen uharteetara abiatuko zen flota hornitzeko enkargua jaso zuen, eta azkenean huraxe izen munduari lehen aldiz bira eman zion flota. Artieta, gainera, Santa Catalina de Siena izeneko ontziaren jabea zen, 110 toneleko ontzia, Trinitate izena hartu eta espedizioko itsasontzi nagusi bilakatu zena, hau da, Magallaesen ontzia.
Gertaera horiek, lehen mundu birarekin lotutako beste asko bezala, ezezagunak dira hein handi batean. Hala ere, Lurrari lehen aldiz bira eman zitzaionetik 500 urte bete direnean, bidaia haren kontakizun berriak ekartzen ari dira hainbat azterlan, ikuspegi irekiagotik eta Euskal Herriak ere egindako ekarpenari bere lekua emanez. Ezagutza berriak dira, lehen mundu birari buruzkoak ez ezik, euskal udalerri asko batzen dituen testuinguru sozioekonomiko, teknologiko, zientifiko eta kultural komunari buruzkoak ere.
Testuinguru horretan, efemeride hori eta Euskal Herriak Lurrarekiko lehen ingurabidean izan zuen eginkizuna gogoratzeko eta itsasoarekin lotutako kultura komuna azpimarratzeko, hogeita hamarretik gora alkate eta zinegotzi bildu dira Lekeition ekitaldi ofizial batean. Ekitaldian honako hauek hartu dute hitza: Koldo Goitia Lekeitioko alkateak, haritz Alberdi Getariako alkate eta Elkano Fundazioko presidenteak, Isabel Mendiguren Laka Lekeitioko alkateordeak, Izaskun Gomez Pasaiako alkateak eta Jean-Louis Fournier Azkaineko alkateak.
Ekitaldian izan dira, halaber, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkariak, bai eta Elkano 500 Fundazioko arduradunak ere. Fundazio hori arduratu da, Lekeitioko Udalarekin batera, ekitaldi hau bultzatzeaz, espedizioaren irtenaldiarekin bat eginez 2019ko irailean Getarian egindakoari txanda hartzen diona.
Ekitaldian zehar, Getariako alkate eta Elkano Fundazioko presidenteak azpimarratu duenez, “gurea historia partekatua da, itsasoari lotutako herri guztiak batzen dituena, bai kostaldekoak, bai barrualdekoak. Datu fidagarrietatik abiatuta berreraiki behar dugu kontakizun historikoa, hurbilketa lerratuak murrizteko. Horregatik, ezagutza berriak sortzearekin lotu nahi dugu oroitzapen hau”.
Bestalde, Lekeitioko alkate Koldo Goitiak adierazi duenez, “asmo argi batekin hurbildu gara gertaera honetara eta oroitzapenera, iraganetik ikastea gure oraina birpentsatzeko eta zalantzan jartzeko, gure gaurko ekintzek proiektatzen eta eraikitzen baitute etorkizuna”.
Agurraren eta Juan Manu Ugartetxea historialariak hitz egin ondoren —Lekeitiok lehen mundu biran izan zuen zeregina azpimarratu du hark—, Lekeitioko Adierazpena irakurri dute, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, Isabel Mendiguren Laka Lekeitioko alkateordeak, Izaskun Gomez Pasaiako alkateak eta Jean-Louis Fournier Azkaineko alkateak.
Izaskun Gomezek azpimarratu duenez, “mundu mailako gertaera honen dimentsio epikoak itsasoari lotutako herri baten kultura erakusten du funtsean. Garai hartako bizimoduak, motibazioak, egitura sozial eta ekonomikoak ezkutatzen dituen gertaera, gure gaur egungo gizartearen norabidea eta ezaugarriak markatu zituena”.
“Ekitaldi hau gonbit irekia da datorren urtean, Juan Sebastian Elkano kapitain getariarrak munduari eman zion lehen biraren V. mendeurrenean, gertakari hura eta haren testuingurua gogoratzeko konpromiso kolektiboa har dezagun, gogoeta eginez (barrurantz) eta zabalduz (kanporantz), hau da, entzuteko espazioak eta kontatzeko espazioak sortuz”, adierazi du Jean-Louis Fournierrek.
Ekitaldiaren ostean, erakundeetako ordezkariak Mendieta ontziolan izan dira, Kantauriko itsasertzeko zurgintzaren erakusgarri, Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean monumentu gisa katalogatua eta gaur egun zaharberritzen ari dena. Lea ibaiaren ezkerraldean dago, ia bokalean, eta erraz imajina daiteke han, edo handik oso gertu, eraiki zutela duela 500 urte espedizioko itsasontzi nagusia, munduari lehen aldiz bira eman ziona.
Ezagutza berria: Lekeitio eta Bizkaia lehenengo ingurabidean
Lehen mundu biraren 500. urteurreneko ospakizunen inguruan egin diren hainbat azterlanek xehetasun ugari eman dituzte euskaldunek bidaia hartan izan zuten parte hartzeari buruz. Hala, jakina da Espezieria armada ez zela Euskal Herriko marinelez bakarrik elikatu. Euskaldunek parte hartu zuten antolakuntzan, horniduran, ontziak prestatzen eta ontziak eraikitzen ere. Alde horretatik, Lekeitiok, itsasontzi nagusia emateaz gain, espedizioaren horniduran ere parte hartu zuen, Nikolas Artietaren bitartez.
Artieta Lekeitioko familia garrantzitsu batekoa zen, gortean oso harreman onak zituena. Gaztelako administrazioaren konfiantza zuen, eta Magallaes-Elkano flota hornitzeaz gain, Indietara bidaltzen ziren beste armadetako ontziak hornitzeaz ere arduratzen zen.
Armak, bolbora, iltze pila bat, falkoneteak (kanoi txikiak), lonbardak (kanoi handiak), baleztak, lantzak, azkonak, armadurak eta beste hainbat material erosi zituen espedizioarentzat, bai Bizkaian bai Gipuzkoan, guztira 1.500 dukaten truke (562.500 marabedi), Magallaesen armadarentzat egindako gastuen Zerrenda xehean agertzen den lehen idazpenean jasotzen denez. Sevillako Indietako Artxibo Nagusian dago zerrenda hori. Armez gain, Artietak burdinazko beste produktu batzuk ere erosi zituen Euskal Herrian, hala nola aingurak, arrantzarako arpoiak, aitzur luzeak, mazoak, palak, pikotxak, zerrak, farolak, aizkorak, gisatzeko pertzak, burdina barra txikitan, era guztietako iltzeak, baita sutegi bat ere.
Lekeitiokoa zen Domingo Barrutia marinela ere, Magallaesekin batera Trinidad itsasontzian ontziratu zen lekittar bakarra. Ezer gutxi dakigu hari buruz, garai hartako marinelen artean oso ohikoa ez zen datu bat izan ezik, baina badakigu sinatzen bazekiela eta 1521eko uztailaren 21ean atxilotu zutela Brunei herrian, Elkanorekin lehorreratu ondoren bere erregearekin akordioak lortzeko, eta ez zen sekula gehiago haren berri izan.
Guztira, espedizioan parte hartu zuten 34 euskal tripulatzaileetatik 22 bizkaitarrak ziren, hainbat herritakoak, Bermeo, Lekeitio, Mungia, Bakio, Somorrostro, Barakaldo eta Arrigorriaga. Gainera, Moluketara abiatu ziren bost ontzietatik hiru Bizkaiko armadoreenak ziren eta, beraz, Bizkaiko ontzioletan eraikiak izango ziren: Victoria, lehen Santa Maria zena, Ondarroako Domingo Apalluarena zen; San Antonio, jatorrian Santa Maria ere deitzen zena, Erandioko Diego Arsuarena zen; eta Trinidad, berriz, lehen Santa Catalina de Siena deitua, Nikolas Artieta lekeitiarrarena.