Bilboko Itsasmuseumak Elkanoren bizitza errepasatzen duen erakusketa inauguratu berri du

28 EKA, 2019
Itsasmuseumen 'J. S. Elkano. Tras la Huella' izeneko behin behineko erakusketa aurkeztu du, Donostiako Aquariumarekin lankidetzan antolatuta. Erakusketan dokumentu-bilduma garrantzitsu bat dago ikusgai, sarritan argitaragabea,  eta Getariako nabigatzailearen bizitza ezagutzeko aukera ematen duena, zirkumnabigazioa baino lehen, bidaiak iraun zuen denboran eta ondoren.

Erakusketak 400 metro karratu baino gehiago hartzen ditu. Hautatutako irudi eta objektuek aukera ematen diote denboran atzera atzera egin eta nabigatzaile haien egunerokotasuna ezagutzeko, baita  bidaietan ezagutu zuten jendearengana hurbiltzea ere.

Julian Diaz da erakusketaren komisarioa, eta bisitariek aukera dute itsasgizonari buruzko informazioa ematen duten jatorrizko iturriak ezagutzeko.  Elkano maisu izan zen garaia aztertzen du, Fernando de Magallanesek zuzendutako espedizioan izan zuen parte-hartzean sakontzen du eta, zirkumnabigazioa amaitu eta gero, Carlos V enperadorean zerbitzura komisario izan zen garaian, Extremadura eta Portugalgo lurretan bere urratsak jarraitu ondoren, iltzearen uharteetara egindako bigarren espedizioan izan zuen parte hartzeari heltzen dio.  Bermeon izan zuen gunea espedizio hark, eta Ozeano Barean nabigatzen zuten bitartean, Elkano hil egin zen. Bere zerbitzura zegoen Andres de Urdaneta gazte-gazteak hartu zuen Elkanoren lekukoa.

Erakusketako dokumentu bilduma osatu eta zabal honen erreprodukzioak gaztelaniaz, portugaldarrez, italieraz, latinez eta malaysieraz daude idatzita, eta horietako asko inoiz ez dira jendaurrean erakusgai jarri. Hautatutako irudi eta objektuek aukera ematen diote bisitariari bost mende atzera egiteko, eta nabigatzaile haiek munduan zehar egindako bidaietan aurkitu zuten jendearengana hurbilduz, besteak beste Brasilgo indigenak eta Patagoniako erraldoiak.

Eguneroko bizimoduari buruzko pintzelkadak ere erakusten dira, hala nola elikadurari, nabigaziorako erreminta eta tresnei, sexualitate-arauei edo euskararen erabilerari buruzkoak; eta horiek guztiek egungo bizimoduarekin duten lotura antzeman dezakegu. Ibilbidean zehar bisitariak audiogidaren laguntza izango du, lau hizkuntzatan –euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa–.

Erakunde laguntzaileak

Erakusketako edukiak osatzen lagundu dute hainbat artxibategi, erakunde eta museok, hala nola Indietako Artxibo Nagusiak (Sevilla), Euskadiko Artxibo Historikoak, Laurgainen aurkitutako dokumentu garrantzitsuen ekarpena egin duena, Torre do Tombo-ko (Lisboa) Artxibo Nazionalak, Frantziako Liburutegi Nazionalak, Espainiako Liburutegi Nazionalak, Euskal Museoak, Montagna de Torinoko Museo Nazionalak edo Arabako Arma Museoak besteak beste.

 Itsasmuseum Bilbaoko lehendakari eta Bizkaiako Foru Aldundiko euskara eta kultur diputatu Lorea Bilbaok eta Itsasmuseum Bilbaoko zuzendari Jon Ruigómezek aurkeztu dute erakusketa. Honek eragile publiko eta pribatuen laguntza jaso du, besteak beste Elkano 500 Fundazioarena.

Informazio gehiago hemen: www.itsasmuseum.eus