Bere protagonistek 'Ortzimugaren sustraiak' ezagutu dute

29 OTS, 2020
Adin guztietako getariarrek aurpegia jarri diete Elkano, bere familia eta garaiko Getariako bizilagunei 'Ortzimugaren sustraiak' liburuan; eta, azkenik, emaitza ezagutzeko aukera izan dute egileek eta Elkano Fundazioak Getariako Udaletxean egindako herri aurkezpenean.

'Las raíces del horizonte – Ortzimugaren sustraiak' lana arte-liburua da, elebiduna, eta Juan Sebastian Elkano nabigatzailearengana eta garai hartako Getariara hurbiltzen gaitu, Joseba Urretabizkaiaren argazkien eta Alvaro Bermejoren literaturaren bidez. 

Liburuak 90 irudi baino gehiago biltzen ditu, kostaldeko herri horretako zenbait txoko erakutsiz. Argazkietan, adin guztietako berrogei getariarrek Elkano, haren familia eta garai hartako jendea irudikatzen dute. Herriko kaleetan barrena bertako jendearekin ibiliz, 1500. urteko Getariara hurbiltzen gaitu lanak, eta garai hartako euskal gizartearen testuingurua azaltzen duen erretratu kolektiboa egiten du.

Atzo arratsaldean autoreek eta Itxaro Borda idazle lapurtarrak –liburuko hitzaurre baten egilea– herri aurkezpena egin zuten Udaletxean. Bertan izan ziren liburuko protagonistak, Elkanoren garaiko giza paisaia birsortu duten horiek: arrantzaleak, saregileak, armadoreak, merkatariak eta pertsona anonimoak, bai eta kapitaina bera edota haren ama Katalina Portu ere. Liburuaren emaitza ezagutu nahi izan zuten beste hainbat ere bertan izan ziren.

Xibarit argitaletxeak argitaratu du, eta 500 aleko edizio zaindua da, zenbakitua eta mugatua. Koloretako 90 argazki baino gehiago biltzen ditu. Liburua Donostiako Hontza liburu-dendan dago salgai [35,00 €].

Lan honek Elkano 500 Fundazioaren eta Getariako Udalaren babesa izan du, bai eta herriko zenbait enpresarena ere, hala nola Maisor Kontserbak, Batela eta Engranajes Juaristi enpresena eta Elkano eta Kaia Kaipe jatetxeena.