UPVko irakasle Alvaro Aragonek hasi zuen “Elkano eta munduaren inguruko lehen bira: 500 urte geroago” UPV/EHUko udako ikastaroetako bigarren saioa; Aragonek “itsasaldeko Euskal Herria munduaren inguruko lehenengo biraren testuinguruan” izeneko hitzaldia aurkeztu zuen.
Aragonen hitzetan, XV. Eta XVI. mendeetan “Euskal Herria talasokrazia bat zen, itsasoari lotutako zibilizazio bat”, itsasaldea eta barnealdea lotzen zituzten merkataritza-tradizio batekin, eta tradizio horren sustraiak jada XI. mendean aurki daitezke. Izan ere, badago dokumentazioa egiaztatzen duena euskal itsasaldeko portuetan jarduera zegoela garai hartan, “eta beraz, botere-instituzioek interesa zutela erakusten du”. Irakasleak adierazi duenez, 500 urteko tarte batean euskaldunek lehen mailako itsas indarra izatea lotu zuten, eta hori ezinbestekoa izan zen ozeanoz haraindiko aurkikuntzetan. Horregatik, Aragonek esan du “Elkano izan zela” (munduari bira ematea lortu zuena), baina “beste norbait izan zitekeela”. Izan ere, garai hartan nabigazioaren abangoardian zeuden euskal marinel eta merkatariak “ehunka” ziren, “ezagutza, teknika, tresnak eta behar zen kapitala zutelako”.
Alabaina, XIX. mende amaieran, nazionalismo desberdinak bere idearioak eraikitzen hasi ziren – euskal nazionalismoa, baita nazionalismo espainiarra, frantsesa, ingelesa eta ipar-amerikarra ere–. Testuinguru horretan, lehen industrializazioaren eta horrek ekarri zuen migrazio mugimenduaren garaian hain zuzen, euskal nazionalismoak landa eremuari begiratu zion Euskal Herriaren itsas historiari bizkar emanez. Bere ustez, erabaki hark “ondorio larriak” izan ditu itsasoari lotutako euskal ondarea zaindu eta berreskuratzeko.
Kaparetasun unibertsala eta oligarkia burokratikoa
Hitzaldian, Aragonek kaparetasun unibertsalari buruz hitz egin zuen, eta esan zuen arrakasta sozial eta ekonomiko haren oinarrizko faktorea izan zela. Hainbat mendetan “Koroari eginiko zerbitzuengatik” -Cartagenaren konkista 1245ean edo Gaztelako gerri zibilean Errege Katolikoei emandako babesa besteak besteak-, euskaldunek lortu zuten estatus juridikoak leku pribilegiatu bat eman zien, zerga salbuespenak eta berariazko auzitegiak izan baitzituzten, eta gizarte-maila onean kokatu zituzten. Gainera, XVI. mende hasieratik, Frantziarekin muga babesteko zeregina beren gain hartu zuten euskaldunek, eta hori prozesua azkartu zuen beste faktore bat izan zen.“Kaparetasun unibertsalaren orokortzea prozesu luze eta gorabeheratsua izan zen, baina ezinbestekoa euskaldunek Euskal Herritik kanpo izan zuten arrakasta ulertzeko”.
XVI. mende erdialdean euskaldunek hasi zuten migrazio-prozesua ere aipatu zuen irakasleak, itsasoari lotutako Euskal Herriaren beste oinarrizko elementu bat izan baitzen. Maiorazkoa eta presio demografikoa izan ziren Euskal Herria uzteko arrazoi nagusiak, baina, batzuetan, “leinua zabaldu eta indartzeko pentsatutako estrategia” izaten zen. Euskaldunak Aragoi, Katalunia, Gaztela-Mantxa eta Andaluziara joan ziren; gerora Amerikara joan ziren, eta han era guztietako lanbideak izan zituzten.
Baina testuinguru horretan, askok ikasi egin zuten eta “marrazten hasia zen Estatu Moderno baten, estatu burokratiko baten kide” bihurtu ziren; pixkanaka udalaren indarra, administrazioa eta botere juridikoa sendotzen joan ziren. Merkatari euskaldunek udalaren boterearen oligarkizazio prozesua protagonizatu zuten, eta denborarekin, tokiko instituzioak kontrolatzetik Gaztelako Koroako administrazioaren goi karguetan parte hartzera igaro ziren; era horretan, lobby politiko eta ekonomikoa osatu zuten, merkatu nagusietan aurrera egiteko aukera eman ziena.
Gehiago jakin nahi duzu?
Alvaro Aragon irakasleak Elkano 500 Fundazioaren blogerako idatzi duen artikulua irakur dezakezu hemen.