Urriaren 2an eta 3an, antzerki komunitarioko ikuskizuna izango da Sevillan; ia berrehun herritar eta kolektibok parte-hartuko dute eta mundubirarekin lotutako herrietako dantza tradizionalak erakutsiko dituzte. Dantzen artean euskal aurreskua izango da, omenaldi edo erreberentzia gisa dantzatzen den euskal dantza tradizionala.
Duela 500 urte lehen mundubira bihurtu zen espedizioak hainbat herrialdetako pertsonen parte-hartzea eta elkarlanari esker gauzatu zen. 'Mundo Magallanes – Elcano' ekimenak aniztasun horren lekukoa hartuko du, eta artearen, dantzaren eta kulturaren alorretara eramango du. Atalaya TNT Antzerki Ikerketarako Nazioarteko Zentroaren proiektu honen helburua mundubirari lotutako lurraldeetako artisten eta herritar taldeen arteko elkarbizitza eta interakzio artistikoa lortzea da; esaterako, Cabo Verde, Txile, Filipinak edota Indonesiakoak. Elkano Fundazioa eta Getariako Udalaren laguntzari esker, Aitor Jimenez dantzariak euskal kultura ordezkatuko du proiektu honetan. Getariarrak aurresku batekin parte hartuko du proiektuan, euskal kulturan errotze eta esanahi handia duen dantza, omenaldi edo erreberentzia gisa dantzatzen dena; datozen egunetan, Sevillako Antonio Ruiz Soler Dantza Kontserbatorio Profesionaleko ikasleei erakutsi die.
Proiektuaren lehen fasearen amaiera gisa, urriaren 2an eta 3an, Sevillako Fernando Magallanes Parkean, antzerki komunitarioko emanaldia izango da, parte hartu duten kolektibo guztiekin landutako piezak, irakasleak eta bertaratutakoak bilduko dituena.
Kolektibo askotariko berrehun bat lagunek, eta bertaratutako jendeak, beste kultura batzuen ikuspegiak eta errituak ikasi eta gozatzeko aukera izango dute, dantza tradizionalen bidez, hala nola 'El sirinoque' kanariarra, Cabo Verdeko 'Tabanka' , 'Candombe' uruguaiarra, 'Selk' nam' txiletarra, Filipinetako' Uya-uy ' edota Tidoreko 'Salai Marasa' dantza tradizionala, euskal aurreskuaz gain. Hainbat herritar-taldek interpretatuko dituzte dantza guzti hauek – adineko pertsonak, ijito etniako emakumeak, bakarrik dauden adingabe atzerritarrak, Sevillako bizilagunak, etab. –, eta irailean zehar egindako tailerretan ikasi dituzte dantzak, aipatutako herrialdeetako arte eszenikoetako maisuen eskutik.
Atalaya TNTren ekimen hau konpainiak lantzen dituen bi ardatz nagusietan oinarritzen da: antzerki ikerketa eta antzerki komunitarioa. Biak, Sevillako zentroa nazioarteko erreferente bihurtu duten ezaugarriak. Hiru urteko proiektua da eta, bertan, antzerki-ikerketari eta antzerki komunitarioari lotutako jarduerak, proiektuak eta ikuskizunak egingo dira, hirurtekoan zehar egindako sorkuntzak bilduko dituen ikuskizun handi batean amaituko dena.
Aitor Jiménez
Aitor Jimenezek adierazi duenez, "Getariarra izanik, ohore bat da Juan Sebastian Elkano herritarrak parte hartutako mundu biraren 500. urteurrenaren ospakizunean parte hartzea. Baita proiektu honen bidez, dantzari profesionala izateko bideak ireki zizkidan Euskal dantzak zabaltzeko aukera izatea ere.
Aitor Jimenezek (Getaria, 1995) Gaztela eta Leongo Ana Laguna Dantza Eskola Profesionalean amaitu zituen Dantza Garaikideko ikasketak, 2017-2018 ikasturtean. Ordutik, Dantzaz konpainiarekin kolaboratzen du. 2016an Urrezko Saria eta Dantzari errebelazio Saria jaso zituen Orbe Dantza Lehiaketa Nazionalean.
Informazio gehiago: www.atalaya-tnt.com