Ahozko komunikazioetarako proposamenak aurkezteko data berriak

7 API, 2020
'Elkanoren Euskal Herri barneko bidaia' Uda Ikastaroa uztailaren 23 eta 24an ospatuko da. Ahozko komunikazioen atalean parte hartu nahi duten egileek, beren proposamenak ekainaren 19ra arte  aurkeztu ditzakete.

Elkano 500 Fundazioak eta UPV/EHUren Uda Ikastaroen antolatzaileek 'Elkanoren Euskal Herri barneko bidaia' mintegia atzeratzea erabaki dute. Ekainerako aurreikusita zegoen arren, azkenik uztailaren 23 eta 24an ospatuko da, Donostiako Miramar jauregia eta Getaria artean. Data aldatu arren, egitaraua bere horretan mantenduko da.

Mintegiaren atzerapenak uztailaren 23an izango den ahozko komunikazioen saiorako proposamenak aurkezteko epeetan eragina izan du. Bertan ikastaroan landuko diren gaien inguruko lan lerroak, ikerketak eta esperientziak aurkezteko interesa duten egileek, beren proposamenak Elkano 500 Fundaziora bidali beharko dituzte ekainaren 19a baino lehen,  info@elkanofundazioa.eus helbidera. 250 hitzeko laburpen bat bidali behar dute, word formatoan, euskaraz zein gazteleraz. Datu profesionalak ere adieraziko dituzte: izen abizenak, lan esparrua, emaila eta telefonoa. Pertsona bakoitzak, gehienez, hiru proposamen desberdin arkeztu ahal izango ditu; Fundazioak, hala ere, gehienera proposamen bakarra hautatuko du egile bakoitzeko. Ekainaren 25ean Fundazioak egileei jakinaraziko die onartuak izan diren ala ez.

Ahozko komunikazioen atalean landuko diren gaiak  mintegiko helburuekin lotura izan behar dute. Aurten, ikastaroan, Juan Sebastian Elkanoren garaiko Euskal Herrian bizi ziren gizon eta emakumeen eguneroko bizitza, kezka eta interesen berri izan eta garai hartako testuinguru sozio-ekonomikoa ezagutu nahi da; gainera, bidaia haren ondorioei buruz gogoeta egingo da, eta 500 urtetik gaurdainoko igarotzean gure mundua zein neurritan aldatu den hausnartu; azkenik, garai hartan ontzigintzak eta itsas zein ibaiko merkataritzak euskal gizartean zuten garrantzian sakondu nahi da.

Ahozko komunikazioak hautatzeko orduan Fundazioak honako irizpideak izango ditu kontuan: uda ikastaroko helburu eta gaiarekiko duen lotura, gaiaren originaltasuna eta zagutza berria sortzeko ahalmena eta gaurko gizartearentzat izan dezakeen erabilgarritasuna.

Informazio gehiago esteka honetan.