Zer zen XVI. mendeko itsasontzi batean bizitzea: ikusi aurretik usaintzen ziren ontziak

Pablo E. Pérez-Mallaína, Sevillako Unibertsitateko Katedraduna
10 EKA, 2019

“Iragandako garai guztiak hobeak izan dira” dioen esaera zaharra egiatzat jotzen dutenek ahaztu egiten dituzte, maiz, gure arbasoek eguneroko bizitzan pairatu behar izaten zituzten nekeak. Hala, nobela itxurako mundu bat eraiki da Sevilla Indiekin lotzen zuten galeoi eta ontzidien inguruan eta haietan garraiatutako altxorren inguruan, baina ontzi haietako bizimodua ez zen altxor haiek bezain distiratsua, ez horixe. Errege-erregina Katolikoen itsasontziak beren eskifaiako kideen eguneroko bizitzaren lekuko ere baziren: ozeanoaren beste muturretik zetozen zilar-uholdeek abantaila itzelak zekarzkieten garai hartako errege-erreginei eta jende boteretsuari, baina ontzi haietako itsasgizonek oso lan gogorra eginez ordaintzen zuten hori dena.

Indietako itsas bideetan zebiltzan ontzietan bizigarritasun-baldintzak ikaragarri txarrak zirela esan daiteke, inolako erreparorik gabe. Denak pilatuta zihoazen, ezinago estu; pertsona bakoitzarentzako espazioa ez zen 1,5 m2 baino handiagoa, batez beste. Kopuru horrek esan nahi duena zenbaterainokoa den argi eta garbi ulertzeko, alderaketa bat egingo dugu: 150 metro2-ko etxebizitza batean hilabete askoan 100 bat pertsona elkarrekin bizitzearen parekoa litzateke, eta hori, gainera, animalia ez arrazionalak kontuan hartu gabe, haiek ere itsasontzi barruan zihoazen eta! Azken horiek direla eta, esan beharra dago batzuk –esate baterako oiloak eta txerriak– ibilbidean zehar eskifaiako kideak eta bestelako bidaiariak elikatzeko erabiltzen zirela, baina beste batzuk, berriz, mota eta espezie orotako bizkarroiak besterik ez zirela.

Eskifaiako kideek, soldaduek, bidaiariek, denek okupatu behar zituzten espazio estu eta murritzak; gainera, bidaia-txartelek urreak adina balio zuten. Aberatsenek intimitate apur bat alokatzeko aukera zuten; oholen eta gortinen bidez, behin-behineko kamaroteak eraikitzen zituzten, han ostatu hartzeko. Horrela, bada, artilleria erabili ahal izateko libre utzi beharko liratekeen guneak, bizkarrarteak, bionboz eta behin-behineko trenkadaz osatutako logela txikiz beteta zeuden. Urrutira etsai bat ikusten zutenean, arkitektura-egitura efimero hura guztia osorik desegin behar izaten zuten, eta ontzigainak libre utzi, zegokien erabilera eman ahal izateko. Hain zuzen ere, bitxikeria horretatik dator “zafarrancho de combate” gaztelaniazko esaera ezaguna; azken batean, esan nahi du prestatu egin beharra zegoela (“zafar”); hau da, libre utzi behar zirela arrantxoak (“rancho”) edo eskifaiako kideek ostatu hartzeko erabiltzen zituzten guneak.

Pilaketa horrez gain, kontuan hartu behar da bero-sapa izugarria jasan behar izaten zutela bidaldi tropikaletan, eta ontzietan zikinkeria handia pilatzen zela, hainbat arrazoiren ondorioz: alde batetik, garai hartako ohiturak zeuden, egungoez oso bestelakoak, higieneari dagokionez preseski, eta, beste alde batetik, ez zuten izaten garbitzeko ur gezarik. Horren guztiaren ondorioz, beraz, inolako zalantzarik gabe esan daiteke zeharo egoera tamalgarria izaten zela ontzi haietan, ikuskizun tamalgarria; bestela esateko, beldurgarria. Bakarren batek umore handiz esan zuen errege-erreginen itsasontziak ikusi aurretik ere usaindu egin zitezkeela, eta, ezbairik gabe, berezitasun hori laburtzeko modu ona da hori, alajaina.

Itsasontziko elikadurari dagokionez, gainera, oinarrizko paradoxa bat aipatu beharko genuke. Batetik, elikagaiak kontserbatu ahal izateko era seguru bakarra gatzetan jartzea edo deshidratatzea zen, eta bestetik, bidaiari eta eskifaiako kide guztien zorigaiztorako, ur geza oso ondasun urria zen; horren ondorioz, ur geza preziatu hori hasiera-hasieratik zorrotz mugatuta egoten zen. Ura garraiatzeko pegarrek bolumen handia zuten eta leku handia hartzen zuten; horrek, hortaz, nabarmen murrizten zuen itsasontziaren errentagarritasuna, bestela ere oso mugatua zen espazioa hartzen zuelako; hori dela eta, ontzietako maisuak eta despentsariak beti saiatzen ziren anoak “pinta-erdiko” kopurura doi-doi egokitzen, hura baitzen garai hartan likidoetarako edukiera-neurririk ohikoena. Hala, jateko, arrain gazitua, gatzartua eta gehiegi egositako ogia (“bizkotxo” famatua) izaten zuten, baina edateko moduko likidoak oso urriak izaten ziren beti, zoritxarrez. Hala, bada, egarria zen bidaiariek eta eskifaiako kideek pairatu behar izaten zituzten amesgaiztoen artean okerrenetako bat.

Jolasak, irakurketa eta amodioa

Noski, bidaia luze haietan, izaten zuten bizitzako plazeretako batzuez gozatzeko aukera ere. Itsas bidaia bereziki lasaitzen zen Kanaria uharteak pasatzen zituztenean, ontziak alisio haizeen esku jartzen baitziren. Itsasoa lasai antzean egoten zen, eta haizea alde izanik, egun asko eta asko igarotzen zituzten belazurrunetatik zintzilik zeuden belen kopurua aldatu beharrik ere izan gabe. Beraz, horrelakoetan, zaletasunetarako tartea ere izaten zen: itsasgizonen zaletasun gustukoenen artean, lehena jokoa zen. Jarduera hori, jokoan aritzea alegia, debekatuta zegoen, teorian behintzat; baina, hala eta guztiz ere, Errege-erregina Katolikoen itsasontzietan ohikoa zen, literalki, alkandora bera ere galtzea jokoan. Dadoak eta kartak izaten ziren tresnarik ohikoenak, baina bidaldiko jaun batzuek nahiago izaten zuten horietan ibili ordez joko aristokratikoago batean aritu: xakean, alegia. Edatea eta berriketan aritzea ere ohiko dibertimenduak izaten ziren ontzian. Ordea, ardoa erruz edaten bazuten eta hizketa-gaietan bizitza pribatuko kontuak aipatzen hasten baziren, liskar larriak ere gerta zitezkeen.

Irakurri ere irakurtzen zen ontzietan; jarduera hori, baina, askoren artean egiten zen, ez bakarka: batek irakurri egiten zuen, eta beste askok, bitartean, adi entzuten zioten irakurleari. Izan ere, itsas jendearen artean analfabetismo-portzentajea oso handia izaten zen, % 80tik gorakoa hain zuzen, baina beti zuten aukera bidaiariren bati eskatzeko irakur zezala mesedez bere irakurgaia ahoz gora. Mexikoko Inkisizioak bildu zituen datuei esker, badakigu erlijioaren inguruko liburuek izaten zutela arrakasta handiena (nola ez!). Hori guztia ikusita ere, ohartarazi behar dugu itsas bidaietan gehien irakurtzen ziren 10 liburuen zerrendan, zaldun-eleberriak ere izaten zirela, bai eta artzain-eleberriak ere.

Maitasun-kontuetan aritzea guztiz debekatuta zegoen, ordea. Espainiar ibilbideetan ez zitzaien baimenik ematen eskifaiako kideei beren emazteak itsasontzian eramateko; horren ondorioz, sexu-harremanek guztiz ezkutukoak izan behar zuten ezinbestean. Harreman eta istorio horiek, gainera, garai hartako erlijio zurrunaren kontrako bekatu izateaz gain, autoritatearen kontrako delitu ere baziren. Alde horretatik, hortaz, itsasontzietako jeneralei eta almiranteei ematen zitzaizkien aginduen artean, izaera militarreko betebeharrez gain, beren mendeko pertsonen moraltasuna zaintzeko betebeharra ere gaineratzen zitzaien. Bidaiari emakumezkoak izaten ziren, bistan da, eskifaiako kideen helburu sexual behinena, eta ez ziren gutxi izan alde horretatik gertatutako iskanbilak, nahiz eta aitortu behar den, harreman heterosexualei dagokienez behintzat, denak, jeneraletatik hasi eta azken marinelera arteko guztiak, prest zeudela disimuluan ibiltzeko eta morala zaintzen zuten lege haien eduki murriztaile osoari men ez egiteko. Askoz ere zorrotzago jokatzen zen harreman homosexual baten berri jakiten zenean; horrelakoetan, garai hartako moral gupidagabeak ankerkeria handiz zigortu ohi zituen harreman horiek.