Kartografiak berebiziko garrantzia izan zuen Aro Berriko monarkientzat. Tresna politikoa eta estrategikoa bilakatu zen, informazio geografikoaren gaineko kontrola erabatekoa zen eta soilik errege eta bere serbitzariek eskuratu zezaketen –Gaztela-Aragoiren kasuan, Kontratazio Etxeak.
Estrabon, Eratostenes edota Ptolomeoren geografíak VIII. mendean ailegatu ziren Europara geografo musulmandarren bidez. Klasiko hauen lanak ezinbestekoak izan ziren XIV. mendean sortutako “portulano”entzat, non iparorratzaren bidez kaien arteko itsasbide nagusiak marrazten ziren. Portulano hauek baliagarriak ziren kabotaizko nabigaziorako, baina motzak geratu ziren itsas haraindiko espedizioentzat; dena den, ezinbesteko pausua izan ziren kartografiaren bilakaeran. Erdi Aroan zehar Mediterraneoa izan bazen Europako gune nagusiena, Aro Berriaren hasieran eta Amerikako aurkikuntzarekin gunea Atlantikora mugitu zen. Europako geografia ikusteko era berri horretan Penintsula Iberiarreko estatuek kokapen estrategikoa zuten, bi Europen -Mediterraneokoa eta Atlantikoa- artean, eta aintzindari bilakatu ziren, bi munduetatik uztartutako merkataritza, itsasontzigintza eta nabigazio teknikei esker. Portugaldarrek Afrikatik Hegoalderantz eta Gaztelarrek Ozeano Atlantikoa zeharkatuz Ekialderantz egin zuten.
Mapak, “arcana imperii”
1494an Tordesillasko hitzarmenak marra bat ezarri zuen Cabo Verdetik 2.054 kilometroetara mundua bitan zatituz: meridianoaren mendebalderantz zeuden lurrak Gaztela-Aragoiri eta ekialderantz zeudenak Portugali zegozkien. Marra horrek antipodasetatik luzatzen zen, hain zuzen ere, behintzat gaztelarren ustetan, Moluka edo Espezietako Uharteetatik. Uste horrek bultzatu zuen Karlos I.a Magallanesen espedizioa onartzera. Hegoaldeko Itsasoaren aurkikuntzak, Panamaren konkistak eta Portugal eta Gaztelaren arteko ezadostasunek mugarazi zuten interes gunea Ozeano Pazifiko aldera. Kontestu honetan kartografiak berebiziko garrantzia izan zuen, garaiko monarkientzat: tresna politikoa eta estrategikoa bihurtu zenez, informazio geografikoaren gaineko kontrola areagotu zuten hortik aurrera, sekretupean mantenduz. Mapak “arcana imperii” edo inperioaren sekretuak bihurtu ziren, bakarrik errege eta bere serbitzarien esku. Zientziaren erabilpen politiko berriak aurkikuntza berrien informazioa estaltzea, espedizioetan atzerritarren partehartzearen debekua eta bere herria utzi beste herri batean aritzen zirenen jazarpena ekarri zuen.
Egia esan, 1503an sortutako Kontratazio Etxea izan zen kartografiaren gaineko menpea burutu zuena, Koroaren izenean. Bertako pilotu nagusia arduratzen zen geografo taldea koordinatzen; talde horrek espedizioetatik etengabe jasotako aurkikuntzek eta nabigazioek sortutako txosten eta mapekin karta nautiko berri bat osatzen zuten, Errege padroia, behin eta berriz eguneratua. Kartografo horiek nabigatzeko kartekin hornitzen zituzten espedizio berrietako pilotuak, zeinekin beren helburuak lortzen zituzten. Pilotu horiek bueltatzen zirenean haiek emandako informazioarekin kartografoek aurkikuntza berriak beren mapetan sartzen zituzten. Horien artean aipagarriak dira, garai ezberdinetan, Juan de la Cosa, Andres Morales, Americo Vespuccio, Nuño García Toreno, Diego Riveiro, Alonso Chaves, Alonso Santa Cruz, Jerónimo Chaves edo Juan López Velasco. Beren mapek nabigazioa erraztu zuten, longitude kalkuluen arazoak nahiko handiak ziren garaian; arazo hauek XVIII. mendera arte iraun zuten, John Harrisonek kronometro nautikoa eta Jesse Ramsdenek doitasun-sestantea asmatu zuten arte, kartografiaren eta Malaspina edo Cook bezalako espedizio zientifikoak bultzatuz. Mende hortaraino nabigazioa estimazioz egiten zen, hots, itsasontziaren kokapenaren gaineko kalkulu zehatzagoak edo zehastugabekoak eginez, erabilitako tresneria (astrolabioa, koadrantea, ballestilla, ondar-erlojua, e.a.) eskuz egin eta kalibratzen baitzuten. Hain zuzen ere, Magallanes zuzendutako eta Elkanok burututako espedizioaren balentria 1519 eta 1522 bitartean mundubira burutzea izan zen, askotan itsaso ezezaguna nabigatuz, izarrak behatuz eta itsas korronteak aprobetxatuz.
Propaganda kartografikoa
Mapa batean lur berri bat azaltzeak bere jabegoa eskuratzeko modu sinbolikoa zen, hau da, mapa bakoitzak munduaren bertsioa “ofizial” bat ematen zuen. Are gehiago, mapetan egindako akatsak askotan nahita egindakoak ziren eta propaganda kartografikoaren eta joku politikoaren parte ziren. Hain zuzen ere, hori gertatu zen Moluka Uharteen kasuan. Elkano Sevillara ailegatu zenean Moluketako auziak bere gorenera iritsi zen: Joao III.ak kexu azaldu zen espedizioaren partaideek “lapurtutako” espeziengatik eta Karlos I.ak Cabo Verden atxilotutako espedizioaren partaideengatik. Magallanesek Nuño Garcia Torenok egindako 24 karta nautiko eraman zituen eta Elkanok bueltan ekarritako informazio berriari esker, Asiako hegoaldeari buruzko karta nautikoa sortu zuen 1522an, non Filipina Uharteak agertzen ziren eta Tordesillako hitzarmenak ezarritako antimeridianoa Moluka Uharteen mendebaldean agertzen zen, ondorioz, Uharteen jabegoa Gaztelari emanez.
Mundu biraren ondorengo mapak
1523an Maximilianus Transylvanus-en De Moluccis Insulis mapa ezaguna agertu zen, non Magallanes eta Elkanoren bidaia azaltzen zen. Mundubiraren ondorioz, espainiar geografoek bere interesa Ekialdeko uharteetan oinarritu zuten, ez baitzegoen batere argi nori zegokion haien jabegoa. Urtebete beranduago Moluka Uharteen aldera egingo ziren espedizioak legezkotzeko A Coruñako Espezie Uharteen Kontratazio Etxea sortu zen; handik atera zen 1525ean Garcia Jofre Loaysaren espedizioa, zeinetan azkenekoz Juan Sebastian Elkanok hartu zuen parte, bertan hil egin baitzen. Lurralde horien jabegoa zehazteko 1523ko apirila eta maiatzaren artean Gaztelak eta Portugalek Badajozen eta Elvásen bildu ziren, baina azkenean ez ziren inongo akordiora ailegatu, bi aldeetako kartografoen ezadostasunengatik. Azkenean, 1529an aipatutako Diego Riveirok karta unibertsal bat osatu zuen, Elkano nabigatutako mundua agertzen zela, Magallanesen itsasartea eta Amerikaren kokapen zuzenarekin eta Moluka Uharteak espaniarra balira bezala; ezinbestekoa izan zen bi estatuen arteko tirabirei irtenbidea emateko. Riveiroren mapak Tordesillako hitzarmenean ezarritako marratik 172’5 gradu mendebalderantz kokatzen zituen Moluka Uharteak. Longitude zehazteko garaiko ezintasun teknikoaren ondoriozko manipulazio geografiko honek, Karlos I.ari Portugalekin negoziatzeko aukera eman zion. Manipulazioaz jabetuta, Karlos I.ak uko egin zien lur horiei eta Zaragozan sinatutako hitzarmenaren ondorioz Portugal Karlos I. ari erosi zizkion 350.000 dukaten truke.
Asko izan ziren Zaragozako hitzarmenaren ondoren pootugesek eta espainiarrek egindako Moluka Uharteetako mapak. 1566an Felipe II.ak eztabaida berpiztu zuen Urdanetari eta Alonso Santa Cruz, Pedro de Medina, Francisco Falero, Jeronimo Chaves eta Sancho Gutierrez kosmografoei bere eskatu zienean iritzia eman zezaten Filipina Uharteen kokapenari buruz, Zaragozako hitzarmena kontuan izanik. Baina, tamalez, txostenak Moluka Uharteak espaniarren aldean kokatzen zuen berriro. Filipina Uharteen aferak Filipe II.a nahigabetu zuen bere erregealdi osoan zehar, Portugal eta Espainiaren arteko batasun dinastikoa 1580an gertatu arren.
Amerikako lehen mapa
Bukatzeko, 1500 urteko Juan de La Cosaren mapa Amerikaren lehen errepresentaziotzat jotzen da. 1502an Alberto Cantinok egindako mapan Tordesillasko hitzarmenean ezarritako meridianoa, Espezien Uharteak eta Ternua agertzen ziren. Baina ez zen izan 1507ra arte, noiz -Americo Vespuccio-ren omenez- “Amerika” hitza agertuko zen Martin Waldsemüller-ek sortutako mapa batean. 1519an Martin Fernandez Encisok argitaratutako Suma Geographica izan zen Amerikari buruzko espaniar kartografiaren abiapuntua. Oro har, esan dezakegu kartografiak XVI. mendean bi korronte nagusi izan zituela, bata historikoa edo estrabonzalea, non mundua historiaren eskenatokia zen, eta matematikoa edo ptolomeikoa, non datuak nagusitzen ziren mapen eraiketan.
Munduari begirada berri bat
Beraz, Amerikaren aurkikuntza eta lehen Mundubiraren arteko garaiak kartografia eta mundua ikusteko era aldarazi zituen. Kartografiak mundu berriak ezagutzeko aukera eman zuen eta modu horretan Europarrek munduarekiko zuten ikuspegia eta perspektiba aldatu egin zen, ikuspegi eurozentrikoa indartuz, Asia orduko munduko botere politiko, ekonomiko eta militarraren benetazko gunea izan arren XVIII. eta XIX. mendeetara arte. Aldi berean kartografiaren garapenak Europearrei aukera eman zien mundu berri horiek atzemateko eta menperatzeko eta XVIII.-XIX. mendeetan munduko nagusitasuna eskuratzeko.