Victoria izeneko itsasontzi baten itzulera

Daniel Zulaika, Historian graduatua. Elkano 500 Fundazioko Aholku batzordea.
19 MAI, 2022

1521eko abenduaren 21ean, Victoria itsasontzia, Juan Sebastian Elkano kapitainaren agindupean, Moluketatik abiatu zen, eta historiako itsas balentria handienetako bati ekin zioten. Bederatzi hilabete luzeren ondoren, 18 gizon akitu eta gaixo Sanlúcarrera iritsi ziren. Bidean gelditu ziren 29 espediziokide europar: 15, Indiako Ozeanoan eta Atlantikoan hilak; 12, Cabo Verden preso hartuak, eta 2, Timorren ihes eginak. Iritsi zirenen artean, Moluketan ontziratu ziren hamahiru asiarretako hiru zeuden. Beste hamarrak hil egin ziren. Kontakizun honetan itsasaldiko sei une dramatikotan jarri dugu begirada.

Victoria ontziaren ibilbidearen lau etapak.  Iturria: MAZÓN, Tomás. La primera vuelta al mundo [sarean]. [Kontsulta: 2021-11-18]. Hemen eskura daiteke: https://www.rutaelcano.com/ (egileak egokitua)

 

Zikloia Indonesiako uretan

Itsasaldiaren lehen partea, Indonesiako uretan, oso zaila izan zen: neguko montzoiaren eraginpean ibili ziren, zikloi-denboraldi betean, uharte, kanal eta arrezife artean. Oso erne egon beharra zegoen hondoa ez jotzeko.

1522ko urtarrilaren 10ean, ekaitz tropikal ikaragarri batek harrapatu zituen bat-batean, seguruenik zikloi bat izango zen, zuen indarragatik. Hor, beren bizia arriskuan ikusi zuten, eta salbatuz gero Andre Mari Gidariaren ermitara erromesaldian joateko promesa egin zuten. Ekaitzaren ondorioz, ontziaren alboak hondatuta geratu ziren; hala, Mallua uhartera joan behar izan zuten, karenatzera.

Oso gogorra behar izan zuen ekaitzak kronistak egoera arriskutsuetara ohitutako gizon zaildu haien erromesaldi-promesa jaso izateko, eta ontziaren okerrak ere handiak behar zuten bi asteko konponketa-lanak behar izateko. Victoria ez omen zen ondo geratu, Timortik ateratzean artean ere ura sartzen zen, eta ura atera behar izaten zuten: “hamabi bider egunez, eta beste horrenbeste gauez”.

 

nahiz eta artean ez zekiten, Indiako Ozeanoan, Ozeano Barean ez bezala, ez zegoen uharterik elikagaiez hornitzeko eta ontzia konpontzeko, eta halaxe egiaztatu ahal izan zuen Elkanok berak, hegoaldeko bidetik zeharkatu zuen lehena izanik.

Itsaso hutsa

Bigarren etapa Indiako Ozeanoko hegoaldeko itsasaldiari dagokio, Timorren eta Esperantza Oneko lurmuturraren artean. Victoria ontzia bera bakarrik abiatu izanak asko iluntzen zuen Sevillara iristeko aukera. Lehenik eta behin, espedizioa zatitu izanak babesgabeago uzten zituen; ontzi bakar batek probabilitate gutxiago ditu ekaitz, oztopo eta bestelako arriskuetatik onik ateratzeko. Bestalde, 27 hilabete nabigatzen eman ondoren, Victoria egoera makurrean zegoen, Elkanok berak idatzi zuen bezala: “[ontzia] broma dela-eta, Jainkoak bakarrik dakien egoeran egonik”. Gainera, nahiz eta artean ez zekiten, Indiako Ozeanoan, Ozeano Barean ez bezala, ez zegoen uharterik elikagaiez hornitzeko eta ontzia konpontzeko, eta halaxe egiaztatu ahal izan zuen Elkanok berak, hegoaldeko bidetik zeharkatu zuen lehena izanik.

Martxoaren 18an uharte bat agertu zitzaien –gerora Amsterdam izena jarri zioten–, eta horrek tripulazioaren kemena goratu zuen, baina ezin izan ziren lehorreratu eta, hala, bi egun geroago beren bidean jarraitu zuten. Uharte horretan dago Del Cano lurmuturra; holandarrek halaxe izendatu zuten 1633an, Getariako itsasgizona bertatik igaro zela erakusteko. Deigarria da espediziokideek uharteari eguneko santuaren izena (San Zirilo), erregearena eta itsasontziko kapitainarena jarri ez izana edo, hala egin bazuten, inongo kronikatan ez agertzea.

 

Amsterdam uharteko itsaslabarra. Iturria: Amsterdam island. [sarean]. [Kontsulta: 2021-11-18]. Hemen eskura daiteke: https://travelcravings.com/2020/03/03/amsterdam-island/

 

Hortik aurrera mendebaldeko aurrez aurreko haizeak izango zituzten, “berrogei orrolari” beldurgarriak. Elkano hego-ekialderantz doa, hego latitudeko 40 º lortu arte, hau da, nabigaziorako eremu arriskutsu baten mugara iritsi arte. Bestalde, haize gogorrek abiadura moteltzen zuten, eta sentipena da inoiz ez direla iritsiko Afrikako hegoaldeko muturrera; sentipen horri “lurmuturreko sindromea” esan izan zaio.

Ekaitzen lurmuturra

Esperantza Oneko lurmuturra da, baita gaur egunean ere, Lurreko tokirik zailenetako bat nabigatzeko. Hiru faktorek dute eragina horretan: Agulhasko itsaslasterrak, klimak eredu zehaztugabea izateak eta ainguraleku babesturik ez egoteak.

Victoria ontziak Esperantza Oneko lurmuturrean zehar egindako bidea. Iturria: MAZÓN, Tomás. La primera vuelta al mundo [sarean]. [Kontsulta: 2021-11-18]. Hemen eskura daiteke: https://www.rutaelcano.com/; “Bidaiarik luzeena”, San Telmo museoa, Donostia (egileak egokitua)

 

Portugaldarrek “Ekaitzen lurmuturra” izendatu zuten eremu hark, non hamalau egunez etengabeko denborale bati aurre egin behar izan zioten, proban jarri zuen muga guztiak gaindituak zituztela uste zuten gizon haien erresistentzia. Maiatzaren 16an, ezbehar horiei guztiei eta mendebaldeko haize gogorrari aurre eginez, lurmuturra 20 legoa (110 km) eskasera zeukatela, masta eta trinketeko belazurruna hautsi zuten. Artechek bizitasun handiz kontatzen du gertakaria:

“Itsasontzia uhin batetik bestera dabil; orain bitsezko mendi baten puntan, orain amildegi sakonenean [...]. Behin eta berriz Victoria galdu egiten da, baina berriz agertzen da, gila ia airean... Halako batean, klaska gaizto bat branka aldean. Urakanak masta eta trinketeko belazurruna hautsi ditu”.

Zorionez, bazuten ordezko trinket bat, eta ezarri zuten behin-behinean. Seguruenik, maiatzaren 19a izango zen lurmuturra gurutzatu zutenean, baina ez zuten ikusi; eguraldiak ez zuen kosta begiztatzen uzten. Pigafettak hogei lerro eskasetan deskribatu zuen zeharkaldia, eta hitz hauekin eman zion amaiera kontakizunari:

“Azkenean, Jainkoa lagun, lurmutur ikaragarria igaro dugu, baina bost legoara hurbildu behar izan dugu (28 km); hala egin ezean, ez genuen igaroko”.

 

Lurmuturreko zeharkaldian eta Afrikako Atlantikoan gora egitean hamabost espediziokide eta hamar indigena hil ziren.

Herio bisitan Victoria-n

Indiako Ozeanoan beste bidaiari bat agertu zitzaien Victoria-n: eskorbutoa. Apirilean, Timorren jasotako elikagai freskoek eskainitako bi hilabeteko onaldiaren ondoren, tripulazioko batzuk gaixotzen hasi ziren. Hala ere, maiatzaren 12an hil zen lehen europarra, Esperantza Oneko lurmuturretik hurbil zeudela. Lurmuturreko zeharkaldian eta Afrikako Atlantikoan gora egitean hamabost espediziokide eta hamar indigena hil ziren.

 

Victoria-ren itzulbidean eskorbutoak hildako europar espediziokideak. Iturria: MAZÓN, Tomás. La primera vuelta al mundo [sarean]. [Kontsulta: 2021-11-18]. Hemen eskura daiteke: https://www.rutaelcano.com/ (egileak egokitua)

 

Baja horiei gehitzen badizkiegu gaixorik zeuden tripulatzaileak, erraza da irudikatzea zer zailtasun izango zituzten ontzia gobernatzeko eta izango zuten desesperazioa. Pigafettak dio Mozambikera joateko aukera eztabaidatu zutela gaixoak artatzeko. Baina proposamena baztertu egin zuten espediziokide gehienek.

Atlantikoan, nahiz eta zeharkaldia ur ezagunetan egin eta haizeak eta itsaslasterrak alde eduki, heriotzek ez dute etenik; horrek zailtasunak dakartza itsasontzia gobernatzeko, zeina, gainera, oso egoera eskasean zegoen. Egoera hain da jasanezina, non ordura arte Elkanok saihestu zuen arriskua hartzea erabaki zuten: Cabo Verdera, portugesen base batera, hurbiltzea.

Arrisku handiko lehorreratzea

Uztailaren 9an espedizioko kideak Ribeira Granden (gaur egun, Cidade Vehla) lehorreratu ziren, Santiago uhartean (Cabo Verde), baina handik bost egunera portugesek atzeman egin zituzten. Hamahiru tripulatzaile, tartean arotz bakarra, preso hartu zituzten, eta lehorreratu ziren txalupa galdu zuten. Kolpe ikaragarria izan zen.

 

Santiago uhartea (Cabo Verde). Iturria: Cidade Vehla bord de mer. Wikipedia [sarean] [konsulta: 2021-11-18]. Hemen eskura daiteke: https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/1/18/Cidade_Velha-Bord_de_mer_%282%29.jpg

Cabo Verdera iristean 32 tripulatzaile ziren, eta ez ziren nahikoa ontzia eta ura ateratzeko ponpa maneiatzeko; uharteak uztean 19 gizon geratzen ziren. Aurretik, ura sartzeko bideak txalupa erabilita itxi zitzaketen, orain ez zuten horretarako aukerarik. Eta, gainera, horretarako arotzik gabe zeuden. Ura ateratzeko ponpak baino ez zitzaizkien geratzen ura kentzeko. Egoera asko okertu zen.

Egoera hain da jasanezina, non ordura arte Elkanok saihestu zuen arriskua hartzea erabaki zuten: Cabo Verdera, portugesen base batera, hurbiltzea.

Agoniazko bi hilabete

Cabo Verdeko egonaldiaren ondoren eta janari freskoa janda, eskorbutoa desagertu egin zen, eta beste tripulatzaile bat bakarrik hil zen gaitzarekin. Bestalde, nabigaziorako baldintza klimatologikoak artean ere onak ziren. Baina tripulazioko kideen eta itsasontziaren beraren egoera gero eta okerragoa zen. Jada ez zeukaten elikagairik. Pigafettak honela dio:

“Ez geneukan bizigairik, eta, zeruak aldeko eguraldia ekarri ezean, denok hilko ginatekeen gosez”.

Horregatik guztiagatik, itsasaldiaren azken zatia, Cabo Verde eta Sanlúcar artean, oso proba gogorra eta larria izan zen 18 europarrek eta 3 asiarrek osatzen zuten tripulazio harentzat.

Hona hemen Elkanoren testigantza argigarria azken zazpi aste haiei buruz, dramatikoa eta soila, baina oso grafikoa:

“Eta horrela, ponparen lan ikaragarriz, sentinaren azpian, gau eta egun ura kanporatzen, inoiz gizonik hain nekaturik egon ez den bezala”

Eta, egoera horretan, irailak 6 zituenean, larunbatarekin, Victoria itsasontzia Sanlúcarko badian sartu zen. Historiarako finkatuta geratu zen 18 gizon ahitu haien irudia, eta kapitain batena, munduko beste muturrean ia ezinezkoa zen erronka bati aurre egin ziona: bere gizonak eta itsasontzia etxera ekartzea. Eta lortu zuen, bere nortasunari esker, eta itsasoari eta gizakiari buruz zeukan ezagutzari esker. Bost mende geroago ere oraindik entzuten ditugu haren hitzak: “Mendebaldera joan eta ekialdetik itzuli baikara”.