Askok ez badakite ere, italiar idazlearen kronika galdu egin zen. Gauza bera gertatu da espedizioko funtsezko beste lekukotza askorekin ere, hala nola nabigazio-egunkariarekin eta Elkanoren beraren narrazioarekin. Halako garrantzia duen gertaera izanik, ulergaitza da, eta asko mugatzen du hari buruzko gure ezagutza.
Elkanoren lorpena errepikaezina izan arren, itsasgizona ez da oso ezaguna eta baloratua izan, ez munduan eta ez hemen ere, bere lurraldean. Eta Pigafettaren Prima Viaggio in Torno al Globo… izeneko narrazio sonatua desagertu izana aipatzen da hori azaltzeko arrazoi nagusien artean. Izan ere, narrazio hura bihurtu zen abentura hori kontatzeko iturri “kanonikoa”, nahiz eta badauden protagonisten beste lekukotza batzuk ere, horietako batzuk askoz ere koherenteagoak, hala nola Ginés de Mafra jereztarrarena.
Lehen mundu-biraren ardura hartu zuen pertsona ez aipatzeak, Pigafettaren kronikarekiko interesa murriztu beharrean, biderkatu egin duela dirudi, eta ez mundu anglosaxoian bakarrik, baizik eta batik bat hispaniarrean. Oro har, eta modu erabat arbitrarioan, Elkanorenganako ustezko ezinikusi bati egotzi izan zaio haren aipamenik eza. Eta Elkanorenganako ezinikusia, hain zuzen ere, San Julianen Magallaesen aurkako altxamenduan parte hartu izanak eragingo zuen, Magallaes italiarraren patroia baitzen. Ez dago hori egiaztatzen duen ezer; ez dela aipatzen bakarrik esan dezakegu, eta beraz, ondorioa kausa bihurtzen da.
Beste batzuek uste dute, eta askoz zentzu handiagoa du, Pigafettak Elkano desagerrarazten duela bere buruari aitortu nahi diolako lehen mundu-bira egin izanaren lorpena. Erraz ikusten da zenbait ataletan puztu egiten duela bere rola; hain zuzen, Italiako zenbait testuk baieztatzen dute bidaia Magallaesek eta "Pigafetta kapitainak" egin zutela. Azken finean, Ameriko Vespuziori eta Marconiri ondo atera bazitzaien, zergatik ez “Pigafetta kapitainari”?
Alabaina, nabarmendu behar da ez dugula ez Pigafettaren jatorrizko testurik, ez egileak bizi zela egindako kopien alerik ere –eta jakin badakigu kopiak egin zituela–. Ziur asko, Vatikanoko artxiboetan desagertuko zen bat, bitxia bada ere, Pedro Mártir de Angleríaren jatorrizko kronika bezala. Garai hartan, Aita Santuaren estatuak Frantziaren aliatuak ziren, Karlos enperadorearen aurka. Lehia hark sacco di Roma ezaguna ekarri zuen 1527an, Karlos enperadorearen tropen eskutik. Harrapaketa hura aitzakia ezin hobea izan zen dokumentu horien desagerpena justifikatzeko (baina ez beste askorena). Ez dago horren inolako frogarik, eta ez dakigu zer gertatu zen gainerako kopiekin; beraz, logikoena da pentsatzea Espainiako eta nazioarteko ehunka ikertzaile ari direla haien bila. Bada, ez da horrela, ia inor ez baita arduratu haiek aurkitzeaz, ez lehen eta ez orain. Bosgarren mendeurrenera bideratutako diruak, zalantzarik gabe, askoz erabilera hobeak ditu.
Kopia bat aurkitzeko interes falta horren errudunetako bat, neurri batean, Milango Liburutegi Anbrosianoa da. Hango artxibozainak, Carlo Amorettik, Prima Viaggio in Torno al Globo… eskuizkribuaren ale bat aurkitu zuen 1800. urtean. Berehala sortu ziren haren benetakotasunari buruzko zalantzak, ustez idatzia izan zen garairako ortografiako eta sintaxiko akats ugari baititu, eta alearen heren bat zuri baitago. Amorettik onartu behar izan zuen idazki hura ez zela jatorrizkoa, baina ziur asko kopia bat izango zela esan zuen, eta horrek aurkikuntzaren balioa mantentzeko aukera eman zion. Horren erakusle da gaur egun ere eskuizkribu hori egiazkotzat onartu eta aurkezten dutela historialari eta editore askok, nahiz eta jakin ez dela egia.
Egia esan, kopia "garaikide" horren teoria hori bera ere guztiz zalantzazkoa da. Paperaren eta letraren kalitatea oso onak dira, eta eskribau kualifikatu baten lan zaindua erakusten dute. Horrek are inkongruenteagoak egiten ditu ortografian eta hizkuntzan egindako akatsak. Liburuak, gainera, ilustrazio asko biltzen ditu. Elementu geografikoak irudikatzeko egindako akatsak garai hartan zeuden baliabideen ondorio izan daitezke, baina beste akats batzuk ez. Izan ere, kontuan hartuta nola dauden irudikatuta Lapurren uharteko biztanleen arropa bitxiak eta ontziak, ezinezkoa da haiek benetan ikusi zituen batek egindako irudiak izatea; eta ezinezkoa da, era berean, haiek benetan ikusi zituen norbaitek egindako irudien kopia izatea.
Horrez gainera, iltze-belarraren marrazkiak ere ez du benetako landarearen inolako antzik, eta kontuan hartu behar da Pigafettak denbora asko eman zuela landare hura aztertzen eta deskribatzen, hori baitzen espedizioaren azken helburua. Horregatik guztiagatik, pentsa daiteke ez zuela jatorrizko marrazki bat kopiatu, baizik eta idatzizko deskribapen batetik abiatuta marraztu zuela. Hain zuzen, aipatutako horiengatik eta beste xehetasun batzuengatik, testu osoak dirudi gerora egindako “birsortze” bat.
Zein testuren “birsorkuntza” izan daiteke? Benetan ezagutzen dugun bakarra Simone Colinesek 1526 eta 1535 urteen artean Parisen argitaratutako frantsesezko edizioa da. Testuan bertan argi uzten denez, italierazko jatorrizkotik itzulitako frantsesezko laburpen bat da. Oraindik argitu gabe dauden arrazoiengatik jatorrizkoa eta haren kopia guztiak galdu zirenez, frantsesezko "laburpen" hori ondorengo edizio guztien oinarri bihurtu zen, 1550ean italierara “berritzulitakoa” barne. Inprimatuta dagoen "berritzulpen" hori egongo da, ziur asko, Liburutegi Anbrosianoko birsorkuntzaren oinarrian; eta Fernández de Oviedo eta beste kronista batzuen bidez ezagututako jatorrizko idazkiaren paragrafoak gehituko zitzaizkion, bai eta marrazkiak ere, "laburpenetik" bereizteko. Pigafetta izena, adibidez, Pigafeta, Pagapheta eta Phigapheta agertzen da, eta horrek agerian jartzen du zenbait jatorri eta hizkuntzatako iturriak erabili direla. Horrek azalduko luke, besteak beste, zergatik utzi ziren zuriz espazio handiak paperean: ziur asko, eranskinak sartzeko utziko ziren, baina arrazoiren batengatik ez ziren inoiz sartu.
Liburuaren "iturria" garai hartan Frantzian argitaratutako zati hori izateak badu bere garrantzia. Espainiak eta Frantziak hamarkadak zeramatzaten gerra odoltsuetan sartuta, eta 1525ean Paviako gudua izan zen. Gudu horretan, Frantziako noblezia gailena hil egin zen edo preso hartu zuten, erregea barne. Egoera horretan, gerrako propagandarik oinarrizkoenari jarraituz, normala da editore frantziarrak bere "laburpenetik" kentzea espainiarrei buruzko aipamen guztiak, bai behintzat positiboak zirenak. Badirudi hori ez dutela kontuan hartu "Pigafettak ez duela Elkano aipatzen" esaten jarraitzen dutenek.
Ez du Elkano aipatzen, baina ezta Espinosa eta beste espainiarrik ere rol positibo batean. Eta hori ez dut nik esaten, edonork egiazta dezake, besterik gabe, testua arretaz irakurriz. Espainiarrei buruz, San Julianen gertatutakoa aipatzen den lau lerro eskasetan soilik hitz egiten du, eta hain gaizki dago idatzita, ezen Cartagena eta Quesada nahasten baititu. Estiloa gainerakoaren guztiz ezberdina da. Iritsi zaigun testuan esaten da Juan Serrano (João Serrão) eta Esteban Gómez (Estêvão Gomes) espainiarrak zirela, baina portugaldarrak ziren. Gómez traidoretzat jotzen du San Antonioren desertzioagatik, eta Serrano bere bizitzagatik erregutzen agertzen du. Elementu gutxiesgarririk ez duen espainiar baten aipamen bakarra ohar labur batean egiten da: Cebun San Martín desagertu zenekoari buruzkoan. Pigafettak, gainera, ez ditu bere ezinikusiak disimulatzen, Carvalhorekin ikus daitekeen bezala. Elkanorekin bat dator horretan. Akaso, Elkanori buruzko aipamenik ez iritsi izanaren arrazoia hau izan daiteke: Pigafettak ez zuela ari buruzko ezer txarrik idatzi.
Hurrengo artikuluan eskura dugun testua aztertuko dugu, eta beste bidaia-kronika batzuekin eta jatorrizko kontakizuna irakurri zutenen lekukotzekin konparatuko dugu.