Emakume arrantzaleak, arrain-saltzaileak eta errekardariak

Miren Aintzane Eguiluz, Bilboko Ingeniaritza Eskola -Nautikako eta Itsasontzi Makinetako Eskola Teknikoa, Portugalete
20 AZA, 2019

Aro Modernoan arrantzaleen emakumeek lan ugari egiten zituzten, senarrek itsasoan egiten zuten lanaren osagarri ekonomikoa ziren, eta gizonak hainbat hilabeterako itsas zabalean desagertzen zirenean, emakumeek ordezkatzen zituzten.

Lan horiek guztiek etxeko ekonomian laguntzen zuten arren,  gizonen kontrolari ihes egiten zieten lanbideak interesatzen zaizkigu bereziki, emakumearentzat onura ekonomikoa ere izan baizezaketen. Horren harira, Aro Modernoan aipagarriak dira sardina eta beste arrain batzuen “saltzaileak” eta “txerpolariak” kostako hainbat herritan. Emakumeak batel eta txalupetara hurbiltzen ziren arraina saskietan jasotzeko, eta gero, mandazainei saltzen zieten edo beraiek zuzenean saltzen zuten herri garrantzitsuenetan.

Emakumea baliabideak eta nolabaiteko independentzia lortzen joan zen neurrian, txerpolari eta arrain-saltzaile horien kasuan bezala, gizartearen eta erakundeen kontrola zorrotzagoa bihurtu zen, eta behe Erdi Aroaz geroztik, ohikoak bihurtu ziren arraina saltzen zuten emakumeak zaintzeko dekretuak, adibidez “errebeldian” saltzen zuten emakumeak, udal ordenantzek ziotenaren aurka, edo arraina saltzera herritik kanpora joaten zirenak, muga-zergak saihesteko; dekretu horiei muzin egitera ausartzen ziren emakumeak zigortu egiten zituzten lotsagarri utziz (“traydas a la bergüença” (1).

https://elkanofundazioa.eus/site/assets/files/1392/1b__regateras.jpg

XVI. mendeko txerpolariak. “Pilatus erscheint mit Jesus auf einem belebten Markt, und ruft seine Unschuld als "Ecce Homo" heraus. Die Menge rebelliert dagegen”, margolaneko eszena. Pieter Aertsen, 1549, Munich, Alte Pinakothek. Iturria: Wikipedia.

 

XVI. mendean aurrera egin arte eta, hainbat alderdiri dagokienez, mendearen amaiera arte, Euskal Herrian, nahiz eta batzuetan kontrakoa iruditu, Erdi Aroko erabilera, ohitura eta pentsaeretara atxikiak jarraitzen genuen (2). Pentsaera horiek iraupen luzea izan zuten talde ideologian, eta hori emakumeen lanaren trataeran islatuko da.

 

Bilbon, emakume arrain-saltzaileek (3) arraina Bermeon, Laredon, Lekeition, Castro Urdialesen edo Portugaleten (4) erosten zuten. Behe Erdi Aroaz geroztik, Bilbo merkataritza-gunea bihurtu zen, eta garaiko politika eta gizarte arloko segurtasun ezari merkataritza-jarduera bilaua gailendu zitzaion. Emakumea lan-merkatuan sartzea ahalbidetu zuen garapen ekonomikoak, eta hori ez zetorren bat agintarien nahiekin, “errepublika” ondradua nahi baitzuten, ohitura onen eredu.  

Baina, beharrak bultzatuta, emakume arrain-saltzaileak lau edo bost legoa ibiltzen ziren egunero edo ontzi txikietan iristen ziren herrietara, arraina eramanez. XVI. mendera arte ez zuten saltoki finkorik izan: kaleetan barrena ibiltzen ziren saskiekin, beraiek sortzen zituzten lokatzadietan pilatzen ziren, Zamudioko atarian, edo etxeko atarian saltzen zuten. Emakumeen presentzia hark eta beren salgaienak kaleak zikintzen zituen, eta kirats izugarria uzten zuten; hori dela eta, 1512an egurrezko pasabide bat eraikitzea agindu zen udalerriko plaza azpian, kaiaren luzapen bat alegia, eta bertan jarri ahal izango ziren emakumeak, Bilboko kaleak garbituz. Arrain txerpolariak berriz, kaleetan barrena jarraitu zuten, baimenarekin edo baimenik gabe. 1495. urteaz geroztik, arraina zuzenean ontzietan eros zezaketen bakarrak izateko pribilegioa izan zuten, arraina ontzietatik atera eta merkatuetara eraman baino lehen, betiere herria hornitzeko helburuarekin.

https://elkanofundazioa.eus/site/assets/files/1392/2b__sardineras_de_bayona-_museo_vasco_1.826x0-is.jpg

Les marchandes de sardines de Bayonne se rendant a Biarritz” Gustave Janetek diseinatua,  Baionako Euskal Museoko funtsak.

 

Marjinalagoak eta gaizki ikusiak ziren gizonezkoen esparrura mugatzen ziren lanak egiten zituzten emakumeak, portu eta badiatan arrantzan aritzen ziren emakume apurrak alegia. Horien artean zeuden XVII. mendeko eta XVIII. mende hasierako Pasaiako itsasadarreko emakume arrantzaleak, eta Alberdi Lonberak aipatzen ditu Gipuzkoako itsas ekonomiari buruzko tesian (5). Emakume horiek beti egiten dute lan premia handienaren eta zentsura gorienaren mamupean. Beranduko adibide bat jartzearren, 1.780an Orioko alkate Juan Miguel de Sagarzazuk itsasadarreko emakume arrantzaleen desegokitasunari buruz esandakoak dira hitz hauek, AZPIAZUk jasoak:

“entrando en agua, por su indecencia, y mal parecer en público desnudas lo más del cuerpo, especialmente así mezcladas con los hombres que frecuentemente concurren a dicho trabajo, nunca jamás se aprobó, antes bien, siempre se les ha afeado por los señores alcaldes y personas celosas de esta villa, aunque sacando poco fruto, obediencia y respeto a la justicia, por haber sido sus providencias solo verbales, y viendo sus mercedes cuan digno de enmienda por todos medios es semejante abuso de las mujeres que en el día subsiste, para el efecto mandaron que se levante este citado auto de providencia, por el cual prohibían que en lo sucesivo mujer alguna entre en agua y lodo en dicha río y cual a pescar, bajo la pena de la primera vez un ducado, la segunda dos, la tercera cuatro y procederse a la prisión” (6).

Izan ere, Aro Modernoan “arrantzale” lanbidearen historia gizonezkoek bakarrik idatzi zuten.

https://elkanofundazioa.eus/site/assets/files/1392/3b__pescadoras_1915.585x0-is.jpg

Portugalete- Kaian arraina husten, Mundo Gráfico, 1915/09/08, (2019/09/09an ikusia). Espainiako Liburutegi Nazionaleko funtsak.

 

--

1) Portugaleteko Udal Artxibo Historikoa. Akten liburua, 3 L., 2 n, 20-06-1560, 126 orr.; 8-07-1564, 190 orr.

2) “Erdi Aroko euskal zibilizazioaren ezaugarriak definitzen dituzte zenbait lotura eta elementu aglutinatzailek. Elementu horiek izango lirateke hizkuntza, folklorea, izaera, erlijioa, gotikoko artea eta plastika, sukaldaritza-ohiturak, ohiturazko zuzenbidea eta zuzenbide erromatarra, naturako fenomenoen interpretazioa aintzinako oinarri superstizioso edo kristautasunetik aldendutako (mitologia) oinarriaren arabera…; horietako asko komunak izan ziren Erdi Aroko gainontzeko zibilizazioan, mendebaldeko Europan”. BAZÁN, I., “La civilización vasca medieval: vida(s) cotidiana(s), mentalidad(es) y cultura(s)”, Euskal Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, 46, 1, 2001, 106. Orr. Nabarmena da ezaugarri horiek XVI. mendean ere aurkitzen ditugula, eta Bazanek berak lan honetan ematen dituen adibide asko mende honetako lehenengo erdiari dagozkio.  

3) “Arrain-saltzailea” hitza erabiltzen dut egun erabiltzen dena delako, baina Aro Modernoan eta Erdi Aroan arrain txerpolariak bakarrik zeuden: sardina txerpolariak, bakailao txerpolariak, eta abar.

4)RIVERA MEDINA, A.M.ª., « Cuerpos de mujer en el mundo laboral bilbaíno bajomedieval y moderno (s. XIV –XVI). », Nuevo Mundo Mundos Nuevos [En ligne], Colloques, mis en ligne le 28 janvier 2008, consulté le 14 juin 2019. URL : http:// journals.openedition.org/nuevomundo/21533 ; DOI : 10.4000/nuevomundo.21533 . Paragrafo honek eta hurrengoak Rivera Medinak idatzitakoa jarraitzen dute.

5) ALBERDI LONBIDE, X., Conflictos de intereses en la economía marítima guipuzcoana. Siglos XVI-XVIII [doktore tesia], 2012, (argitaragabea), 194. Orr.

6) AZPIAZU, J.A., Mujeres vascas. Sumisión y poder. San Sebastián: Haranburu, 1995, 815. Orr.