Itsasoz haraindiko nabigazioari esker kartografiak XV. eta XVI. mendeen artean izan zuen bilakaerak munduaren konfigurazioari buruz lortutako ezagutza ez ezik, Sorkuntzaren erdigunean kokatuz joan zen gizakiaren kontzepzioaren eboluzioa ere islatu zuen. Iberiarren bidaiek markatu zituzten eraldaketa haren mugarri nagusiak.
Ozeanoa eremu guztiz ezezaguna izan zen XV. mendearen bigarren erdira arte. Eta, horren ondorioz, ozeanoak Lurrean hartzen zuen lekua, eta, zehazki, lehorraren eta itsasoaren arteko proportzioa ere erabat ezezagunak ziren. Hori guztia ederki islatzen da adierazpen kartografikoetan. Horietan, eskarmentu falta edo bizipenen bidez eskuratu ohi den jakintza nolabait konpentsatzeko, erreferentzia klasikoak eta biblikoak baliatzen saiatu ziren.
Ezagunak dira T eta TO erako mapamundiak. T erakoak, orduan ezagunak ziren munduaren hiru zatiak lerro bertikal batez eta bi horizontalez bananduta zeudelako. Bertikala Mediterraneoa zen, Europaren eta Afrikaren artean, eta horizontalak, eskuinean Nilo ibaia, Afrika eta Asia bereiziz, eta ezkerrean Don ibaia, Europa eta Asia bananduz. Eta O erakoak, berriz, mapamundi mota horietan lerro zirkular batek mundu osoa inguratzen zuelako: ozeanoak, hain zuzen. Sarritan, Bibliako erreferentziak jasotzen ziren; XIII. mendearen erdialdeko Westminsterko mapamundian, adibidez. Kristoren agintepean zeuden lurraldeen batasuna adieraziz, Paradisua Asian zegoen, maparen goiko aldean, eta haren erdi-erdian Jerusalem zegoen.
Westminsterko mapamundia.
1459an jada, gure planetaren ezagutzan izandako eboluzioaren erakusle esanguratsuenetakoa da Fra Mauroren mapa, Venezian egina, Portugalgo erregeak eskatuta. Oinarrian TO erako mapa bat izanik, informazio eguneratua gehitzen du eta ikuskera tolemaikoaren irakasbideak jasotzen ditu. Hala, mapa horretan Indiako Ozeanoa ageri da, eta argi ikusten da, orobat, Afrika itsasoz inguratzeko aukera zegoela; Paradisuak hor jarraitzen du, orain beheko aldean –gure begietara mapamundia alderantziz dago ordea, hegoa iparrean eta iparra hegoan– eta, aztergai dugun gaiari dagokionez, oraindik ere nabarmena da lur elementuaren erabateko nagusitasuna ur elementuaren gain.
Hain zuzen, azken uste horrek jarriko du auzitan Magallaes-Elkanoren bidaia, ikusiko dugunez. Bitxia da, ordea, 1570 inguruan oraindik ere, Orteliusen Typus Orbis Terrarum mapetan, nahiz eta ordurako munduaren ezagutza askoz zehatzagoa izan, uste berak jarraitzen zuela indarrean: lur-masen hedadura ozeanoena baino askoz zabalagoa zelako usteak, alegia. Garai hartarako deskubritzen hasiak ziren terra australis, eta, hain zuzen, “munduko bosgarren zati” hori handia izan zitekeelako aurreikuspenak elikatzen zuen uste hori.
Typus Orbis Terrarum (Ortelius, 1570).
Mapamundi horien eboluzioa argi ikus daiteke bibliografian jaso dugun kartografiari buruzko webgune interesgarrian (Hainbat egile, 2007-2010), baita Álvaro Aragónek webgune honetan bertan XVI. mendeko kartografiari buruz eginiko lanean ere (Aragón, 2019).
Baina joan gaitezen ordenan. Ordurako, mende bete pasatxoko tartean, planetari eta ozeanoari buruzko ezagutzak aurrerapauso iraultzaileak emanak zituen. Zein izan ziren mugarri nagusiak? Zalantzarik gabe, iberiarren bidaien lorpenak.
Iberiarren bidaiak
XV. mendean, aurrerapen nagusiak Atlantikoaren esplorazioan egin ziren, portugaldarren eskutik batez ere; eta Atlantikoko bidaia haiek haustura handia ekarri zuten ordura arteko nabigazioarekiko: ibaietan eta, areago, Mediterraneoan egin ziren nabigazio haiekiko. Mende oso batean zehar, nabigatzaileek hobetu egin zituzten nabigaziorako tresnak eta itsasontziak berak, eta itsaso zabalerako egokitu zituzten; Atlantikoko haizeen eta korronteen logika ulertu zuten, eta joan-etorria ibilbide desberdinetatik egiten ikasi zuten; eta uharteetan lehen saiakerak egin zituzten, kolonizazio-prozesuak abiatzeko, egokitzapen ekologikoa lortzeko eta tokian tokiko biztanle eta kulturekin hartu-emanak izateko. Bidaia arrakastatsuak izan ziren haietako asko: zenbait mugarri aipatze aldera, Bartolome Diasek Esperantza Oneko lurmuturra igaro zuen 1486an, eta Vasco da Gamak India jo zuen 1497-99an. Eta bidaia haien guztien arrakastari esker txertatu ahal izan zen garaiko mentalitatean, esperientziaren bidez, humanistek eta filosofoek teoriaren esparruan aspalditik aldarrikatzen zutena: gizakiak baduela gaitasuna naturari aurre egiteko, hura ezagutzeko eta bertako oztopoak gainditzeko. Areago: giza gaitasunetan konfiantza izatea ez zen sinesmen erlijiosoekin bateraezina; aitzitik, Jainkoak gizakiarengan jarritako konfiantzari egin zekiokeen omenaldirik onena zen, gizakia baitzen –Pico della Mirandolak aldarrikatu zuen moduan– Jainkoaren obra miresteko eta Kreazioaren erdigunean kokatzeko gai zen izaki bakarra. Artean beldurrak eta fantasiak bidelagun banaezinak ziren altuerako nabigazioan, baina ozeanoaren gaineko ezagutza gero eta zehatzagoa zen; izan ere, itsas bidaia haiek ez ziren aisialdikoak, baizik eta xede jakinak zituzten, erlijiosoak, merkataritzakoak edo politikoak, eta horretarako ezinbestekoa zen lekuen kokapenean eta ibilbideetan zorrotz jokatzea. Cantinoren 1502ko planisferioari begiratu bat ematea aski da atal honetan egin ziren aurrerapenez jabetzeko. Hurrengo kapituluan aztertuko dugu mapa hori.
Andres Urdanetaren sinadura.
Euskal lurraldeetan badugu aldarte berri horren adibide bikain bat, baina hori ikusteko, apur bat aurrera egin behar dugu denboran: Andres Urdaneta gipuzkoarrak itzulerako bidaia aurkitu aurretik, Espezien uharteetarako Elkanoren bigarren espedizioan parte hartu zuen, eta eguneroko bat idatzi zuen; hain zuzen, bidaia haien bultzada eta espirituaren lekukotza ederra da eguneroko hori (Urdaneta, 1907), bai eta jakintza esperimental berriaren ispilu, garai hartako bidaiari haietako askorengan hain adierazgarria dena. Hala, deskribapen geografiko zehatzez, bidaiaren neke eta gabeziei buruzko pasartez, bateko eta besteko indigenen ohiturei eta han eta hemen lor zitezkeen produktuei buruzko kontakizunez beterik daude eguneroko horretako orrialdeak. Ordiziako marinelaren biografia Errenazimentuko homo nuovo gizakiaren berezko erakuslea da (ikusi, horri buruz, Truchuelo 2009). Urdanetaren izatean hainbat irudi gorpuzten dira: marinela, fraidea, konkistatzailea, zientzialaria, enkomiendaduna... eta indiarren babeslea. Jakin-min eta espiritu enpirista horrek bultzatuta egindako behaketei esker lortu zuen Asiatik Amerikara itzultzeko modua aurkitzea. Eta, ez dezagun ahaztu itzulerako bidaia hari esker gauzatu eta berretsi zela Magallaes-Elkanok irekitako aukera, eta lortu zela munduaren alderdi guztiak ozeanoaren bidez benetan lotu ahal izatea.
Hurrengo sarreran, lehen mundubirak ozeanoaren ezagutzan izan zuen eragina landuko dugu.
Sail honetako beste artikuloak:
Ozeanoa, Elkanoren aurretik eta ondoren (1/4): Erdi Aroko ozeanoa
Ozeanoa, Elkanoren aurretik eta ondoren (3/4): Lehen zirkumnabigazioaren eragina
Ozeanoa, Elkanoren aurretik eta ondoren (4/4): Ozeanoa menderatzea