Ozeanoa, Elkanoren aurretik eta ondoren (3/4)

José Angel Achón Insausti, Deustuko Unibertsitatea
28 API, 2020

Lurraren lehen zirkumnabigazioak ondorio desberdinak izan zituen, bidaiek berak suposatu zen lorpernaz hareago. Lehenengoz, leku eta lurralde jakin bakoitzak bere buruaren kontzientzia hartu zuen osotasun horretan non kokatuta zeuden kontuan hartuta. Ohartu ziren, baita ere, mundua menperatzeko itsasoa menperatzea derrigorrezkoa zela.

Kolonen bidaia har badaiteke iberiarren bidaien lehen etaparen gailurtzat, ondoren, beste aldi bat etorri zen, eta horretan, gaztelarrak izan ziren protagonista Atlantikoan eta Ozeano Barean, eta portugaldarrak Indiako Ozeanoan. Hain zuzen, Urdanetaren itzulerako itsas bidaia –jada aipatua– izan zen aldi horren gailurra, 1568an. Itzulerako bidaia hori da, beste edozein pasarteren gainetik, itsaso bidez konektatutako munduaren errealitatea hobekien islatzen duen gertaera. Hain zuzen, etapa horretan mugarri bat izan zen Magallaes-Elkanoren bidaia. Ez bidaiaren heroitasunagatik edo munduari eginiko lehen itsas bira izateagatik soilik. Ausaz esanguratsuagoa izan zen itzuli ziren espediziokideek –Pigafettak edo Elkanok berak– beren lorpenaren garrantziari buruz erakutsi zuten kontzientzia. Lehenak, bere eguneroko pasarte aski entzutetsuan, Ozeano Barearen zabaltasuna deskribatu zuen, horrek esan nahi zuen guztiarekin:

 “1520ko azaroaren 28an, asteazkenez, itsasarte hartatik atera ginen, eta Ozeano Barean murgildu ginen. Hiru hilabete egon ginen inolako jaki freskorik probatu gabe (...)Hiru hilabete eta hogei egun haietan Ozeano Barearen lau mila legoa inguru egin genituen itsasbidea aldatu gabe (ondo barea, bai, egiari zor, hainbeste denboran ez baikenuen enbata bakar bat ere izan), populatu gabeko bi uhartetxo beste lurrik bistaratu gabe, zeinetan txoriak eta zuhaitzak baino ez genituen aurkitu” (Pigafetta, 1985: 75-76).

Hernando de Magallaes eta Antonio Pigafetta

 

Ozeano Barearen handitasunaren aurkikuntzak –hiru hilabeteko bidaia lehorrik ukitu gabe, mareak eta haizeak alde izanda, gainera– bertan behera utzi zuen lur-masak itsas masak baino askoz zabalagoak zirela aldarrikatzen zuen teoria oro.

Bestalde, Elkanok berak, zientziaren ikuspegitik espedizioak izandako lorpen handia nabarmendu zuen, baieztapen aski ezagun honetan: “mundua biribila dela aurkitu izana eta, mendebaldetik joan eta ekialdetik etorrita biribiltasun hori inguratu izana, horixe da gehien aintzat hartu behar duguna”; izan ere, argi geratu zen gure planeta esfera bat dela eta inguratu egin daitekeela, zalantzarik ez uzteko moduan.

Juan Sebastian Elkano

 

Lortutakoa deskribatzeko protagonistek agertutako argitasunaren argitan, erabat indargabetuta geratzen dira espedizioaren lorpenak gutxiesteko egin izan diren balorazioak, hala nola Roland Mousnier historialari frantsesarenak, haren hitzetan lehen itsas bira hura “merkataritza aldetik erdipurdiko intereseko kirol-balentria” izan baitzen. Bennassar historialaria bera kritiko azaldu zen Mousnierren iritziarekin (1985: 62). Guztiz kontrako iritzia agertu izan du Peter Slöterdijk filosofo alemanak globalizazioaren jatorriari buruzko gogoetetan, berebiziko garrantzia aitortzen baitio Magallaes-Elkanoren espedizioari. Haren hitzetan (adibidez, Sloterdijk 2018: 57-48), modernitatearen garapenerako giltzarri izandako zenbait ebidentzia baieztatu zituen espedizioak. Zehazki:

  • Lurra inguratu egin zitekeela: bidaiak joanekoak ez ezik joan-etorrikoak bihurtu ziren, eta, hala, itzuli zirenen begietatik hasi zitzaion begiratzen munduari.
  • Ozeanoak elkarri lotuta zeudela, berezko testuinguru bat osatzen zutela eta modu globalean nabigagarriak zirela.
  • Planetak bazuela inguruan atmosfera bat, eta horretan europarrek arnasa har zezaketela, garai hartan hori ez baitzegoen guztiz argi.

Planetaren batasunari buruz kontzientzia hartzeak berekin ekarri zuen, orobat, leku eta lurralde jakin bakoitzak ere bere buruaren kontzientzia hartzea, osotasun horretan non kokatuta zeuden kontuan hartuta, alegia. Ordura arte arazo hori ez zen inoiz planteatu (euskal historian afera horrek izan zuen eragina lan honetan garatu dugu: Achon, 2019). Laburbilduz, planeta batez ere urez osaturik zegoen eta mendean hartu nahi zuenak itsasoa menderatu behar zuen; izan ere, elementu likidoa zen bitarteko bakarra pars mundi edo munduaren zatiak komunikatu ahal izateko. Globoa osotasunean hautematea eta hura osatzen zuten zatiak itsasoari esker lotutako mundu gisa ulertzea ez zen Kolon eta Elkanorekin hasitako fenomenoa izan, baina haien eskutik azkartu zen modu atzeraezinean. Ozeanoari buruzko ikuskera aldatzen hasi zen: itsasoa jada ez zen banatzen zuen zerbait, lotzen zuen zerbait baizik, eta, horrenbestez, estrategia geopolitiko berri baten giltzarria zen.

Munduari lehen itsas bira. Egilea: Smarino75, CC BY-SA 4.0.

Bide batez esanda, kontzientzia berri horrek lotura zuzena izan zuen bidaia eta espedizio haietako kronikari eta kontalari askoren behaketarako gaitasunarekin –aipatua dugu jada gaitasun hori–.Mundua ulertzeko beste modu bat ekarri zuen enpirismo sortu berri horrek bazituen helburu politiko eta ekonomiko argiak ere. Beste modu batera esanda, Pigafettak edo Urdanetak kokapen geografikoei buruz, tokian tokiko biztanleen ohiturei buruz edo haietan ugariak ziren produktuei buruz hartutako ohar zehatzek asmo eta helburu garbi bat zuten: itzultzea. Edo, zehatzagoak izateko, itzultzea eta menderatzea; itzultzea espezien bidea kontrolatzeko, urrea eta zilarra erauzteko edo monarkiaren jabegoei beste lurralde bat gehitzeko. Gertaera haien adierazle politiko argia da 1524an Elkanok berak, baita Hernando Colónek eta Ameriko Vespuzioren semeak ere Elvasko (Badajoz) Batzarrean parte hartu izana. Tordesillasen markatutako lerroaren antipodetako ibilbidea zehazten saiatu ziren Batzar haietan, alferrik saiatu ere (Comellas, 2019). Lerro horrekin asko zegoen jokoan: Espezien uharteak noren esku geratzen ziren, edo Portugalen esku edo Gaztelaren esku.

Mundua aldatu egin zen XVI. mendearen lehen hamarkadetan, eta hartutako norabideak ez zuen atzera-bueltarik. Modernizazioa ateetan zen, baina ez Burckhardt historialariaz geroztik Errenazimentuari lotu dizkiogun faktoreen eskutik (indibidualismoa, sekularizazioa, kapitalismoa, estatu-nazioa…); izan ere, artean mende batzuk igaro behar zuten balio horiek ekintza sozialaren eragile eta kulturaren zutabe izateko. Dena den, garai hartan, benetako inpaktua izan zuen ebidentzia batek: alegia, jakiteak mundua konektatuta dagoela eta aurrerantzean den-denek bertan kokatu beharko zutela; eta hor, Europako potentziek beren nagusitasuna bereganatu zuten ekialdekoen kaltetan. Gruzinski historialari frantsesak “beste modernitatea” esan izan dio bilakaera horri, zeinetan “munduko alderdi batzuk eta besteak aldatu egin ziren, beste batzuekin hartu-emanetan sartzean” (Gruzinski, 2010: 93).

 

Sail honetako beste artikuloak:

 

Ozeanoa, Elkanoren aurretik eta ondoren (1/4): Erdi Aroko ozeanoa

Ozeanoa, Elkanoren aurretik eta ondoren (2/4): Mapamundiak eta bidaiak  

Ozeanoa, Elkanoren aurretik eta ondoren (4/4): Ozeanoa menderatzea