Munduari lehen aldiz bira eman zion espedizioaz ari garenean eta zerua aipatzen dugunean, esan ohi da Magallaesek hegoaldeko zeruak aurkitu zituela. Baina baieztapen hori Mendebaldeko ikuspegitik egiten da, eta ez gara oroitzen gure planetako hemisferio horretan jendea bizi zela ordurako, eta kultura eta zibilizazio horiek guztiek zeruari begiratzen ziotela eta beren modura interpretatzen zutela.
Munduari lehen bira eman zion espedizioa hasi zeneko 500. urteurrena bat dator beste astronomia-efemeride batekin: 100 urte dira Nazioarteko Astronomia Batasuna (IAU) sortu zela. Nazioarteko hainbat elkartek eratzen dute organo hori, eta planeten nahiz zeruko beste objektu batzuen izenak erabakitzen ditu, bai eta astronomia-estandarrak ere. 100 urte igaro dira IAUk zerua 88 konstelaziotan banatzea adostu zuenetik, eta mendeurren hori “100 urte zeru beraren azpian” lelopean ospatzen ari da. Hau da, 100 urte bete dira zerua 88 eskualde edo konstelaziotan banatu zela, eta horri esker, gure planetako edozein lekutan egonda ere, badakigu zeruko zer lekutara begiratu behar dugun objektu jakin bat ikuskatzeko.
Baina aurrera egin baino lehen, komeni da konstelazioen kontu hori zer den zehatz argitzea.
Argazkia: stellarium.org/
Zeruan orientatu ahal izateko egin ditugun izar-multzoak dira konstelazioak. Mapa bat diseinatu dugu, zeru osoa hainbat eskualdetan edo konstelaziotan banatuta. Ezinezkoa denez zeruan irudizko lerroak marraztea, konstelazioetako izar distiratsuenak lotu ditugu, eta marrazki bat imajinatu dugu lerro horiek hobeto hautemateko. Horrek esan nahi du konstelazio bereko izarrek ez dutela, berez, beren artean loturarik; ausaz mugatutako zeruko eskualdeak direla, alegia. Konstelazio gehienen jatorria Mesopotamian eta kultura klasikoan dago: lehenengoek animaliekin dute zerikusia, eta bigarrenek kultura horretako jainkoekin. Baina historian zehar, zibilizazio bakoitzak bere zeruko mapak edo konstelazioak egin ditu.
Bi urteurren horiek –500 urte munduari lehen aldiz bira eman zitzaionetik eta 100 urte konstelazio-mapa bat egin zenetik– aitzakia ona dira munduko askotariko herrien kultura eta astronomiari balioa emateko.
Argazkia: stellarium.org/
Lehen aldiz munduari bira eman zion espedizioaz ari garenean eta zerua aipatzen dugunean, Magallaesek hegoaldeko zerua aurkitu zuela esan ohi da: Hegoaldeko Gurutzea eta hego hemisferiotik begi hutsez ikus daitezkeen bi galaxia irregularrak; izatez, gaur egun haren izena daramate azken horiek: Magallaesen Hodeiak. Baina baieztapen hori Mendebaldeko ikuspegitik egiten da, eta ez gara oroitzen gure planetako hemisferio horretan jendea bizi zela ordurako, eta kultura eta zibilizazio horiek guztiek zeruari begiratzen ziotela eta beren modura interpretatzen zutela. Horren froga da Patagoniako jendeak zuen kosmobisioa. Espedizio hartako nabigatzaileekin topo egin zuten kulturetako edozein aukera genezake, baina hego hemisferioko zeruez ari garenez, eremu hegoaldekoenean jarriko dut arreta.
Tehueltxeek edo aonikenkek ezagutzen zuten Hegoaldeko Gurutzea, baina gurutzearen ordez ñandu baten oinatz bat ikusten zuten, eta gaur egun guk Zentauroaren hanka deritzogun hori, berriz, Boleadorak ziren haientzat, hau da, ñanduak ehizatzeko tresna bat. Gaur egun guk Orion esaten diogunari Cheljelen esaten zioten: tximeleta bat. Izan ere, Orionen Gerrikoa tximeletaren gorputza zen; Betelgeuse eta Bellatrix hego bat ziren; eta Rigel eta Saiph bestea. Esne Bidea guanakoek beren migrazioetan altxatzen zuten hautsa zen, eta gaur egun Magallaesen Hodeiak esaten diegunak, guanakoek iraulkatzeko eta atseden hartzeko erabiltzen zituzten lekuak.
Patagoien kanpamentua, 1835 inguruan. Chileko Liburutegi Nazionala.
Selknam edo Ona izeneko herriak uste zuen beren legendetako arbasoak izar bilakatu zirela, eta haiek, beren familiekin batera, konstelazioak eratzen zituztela. Temaukel, adibidez, lehen gizakien sortzailea, Aldebaran izarra bihurtu zen; Cenuke Artizarra bihurtu zen; Chaskel Canopus izarra bihurtu zen. Kwanyip, berriz, Orionen Gerrikoko izar gorriari lotuta ageri da begiratutako testuetan, baina asterismo horretan izar gorririk ez dagoenez, susmoa dut Betelgeuse izarrari buruz ari direla; hots, Orion konstelazioko supererraldoi gorriari buruz. Selknamen arabera, Eguzkia eta Ilargia senar-emazteak ziren: Kran eta Kra. Haien sinesmenen arabera, garai batean, emakumeek, Kraren aginduei jarraituz, gizonak mendean hartu zituzten, espirituak izatearen itxurak eginda. Kranek, egiaz jabetu zenean, gudu bati ekin zion eta emakume gehienak hil zituen. Kra zerura bidali zuen kolpe batez, eta orduz geroztik hari jarraika dabil. Selknamek beldurra zioten Ilargiari. Haien ustez, gorriz tindaturik ageri zenean (ziur asko, ilargi-eklipseei buruz ari ziren), Krak gizon bat jan zuela esan nahi zuen. Kra haurrak janez elikatzen zela ere uste zuten, eta, beraz, ilargi betea zenean baino ezin zioten begiratu, aseta zegoenean.
Yaganek, selknamek bezala, uste zuten beren legendetako arbasoak izar bilakatu zirela. Eguzkiari eta Ilargiari buruz antzeko mito bat zuten; Eguzkiari Lem esaten zioten, eta Ilargiari, berriz, Hanuxa. Azpimarratu behar da Ilargia mareekin lotzen zuen mito bat ere bazutela. Mito horren arabera, bere burua itsasora bota eta uholde bat sortu zuen Hanuxak. Uholde horren ondorioz, izaki bizidunak desagertzeko zorian egon omen ziren, baina Hanuxak gizaki talde bat ikusi omen zuen, uhartetxo batean heriotzaren zain bilduta, eta orduan, errukitu eta zerura itzuli omen zen. Horren ondorioz, itsas mailak behera egin zuen.
Kawesqar herriaren ustez, berriz, Eguzkia eta Ilargia ahizpak ziren. Ilargi emakumea zerura igo zen, nahi gabe begia sastatu zuen batean: haren begiko zauritik isuritako odola omen zen Esne Bidea. Zerura iristean, itsaskiz betetako leku bat aurkitu zuen: itsaskiak Lurreko senideei jaurti eta, ondoren, zerura igotzeko eskatu zion bere ahizpa Eguzkiari. Eguzkiak bere izpiez Lurra argitu zuen handik.