Eskorbutoa gaixotasun lazgarrienetako bat izan zen, itsasontzietako izurri izenaz ezagun egiteraino. Oso gogor jo zuen Magallaes eta Elkanoren espedizioan ere, eta Victoria itsasontziko tripulazioari eragin zion bereziki.
Espedizioak ustez iraungo zuen bi urteetako dietak edo marinel-errazioak osagai hauek zituen: 600 bat gramo bizkotxo eta irin, 40 ml olio, litro bat ardo eta litro eta erdi ur. Horri beste elikagai batzuen kantitate txikiak gehitzen zizkioten: baratxuri eta tipulak, eltzekariak (garbantzuak, lentejak eta babak), haragi eta arrain lehorra, gazta eta eztia. Dieta egokia zen kaloria-kopuruari begiratuta; 3000-4000 kaloria, gutxi gorabehera. Baina ez zen orekatua bitaminei eta mineralei dagokienez, ez baitzuen elikagai freskorik barne hartzen, batez ere fruituak eta barazkiak. Azido askorbikoa falta zitzaion, bereziki: bigarren mailako elikagai batzuetan baino ez zegoen (tipulak, baratxuriak eta menbrilloak), eta ez marinelek haren gabezia ez sumatzeko behar adina, bidaian zehar elikagaik freskoak biltzen ibili gabe.
Juan Sánchez Cotán. 1603. Pradoko museoa. Madril.
Eskorbutoari buruzko artikulo sail honen lehenengo atalean Antonio Pigafetta kronista vicenzarrak Ozeano Bareko zeharkaldian marinelek pairatutako gaixotasunari buruz idatzi zituen hitzak irakurri ditugu, baina ez dira bakarrak; ez da hain ezaguna Jerezko Ginés de Mafra marinelak gertaera hari buruz jasotakoa:
Hemendik zuzenean mendebalderantz nabigatu zuten, eta hiru hilabete eman zituzten nabigatzen. Denbora horretan, hornidurak murriztuz joan ziren, jada agortu zirelako edo hondatu egin zirelako. Jende guztia zegoen gaixo; batez ere, janari txar eta nazkagarria zela eta, hortzoiak hanpatzen zitzaizkien. Horren ondorioz, ezin zutenez jan, hil egiten ziren. Jendeak, hura ikusita, txizarekin eta itsasoko urarekin garbitzen zituen hortzoiak, eta gaitz haren kontrako erremedio berezia izan zen hura.
Pigafetta eta de Mafraren kontakizunak irakurrita, eta ikusita hiru hilabetez baino gehiagoz elikagai freskorik jaten ez bazuten marinelak gaixotu egiten zirela eta elikagai freskoak janda berehala sendatzen zirela, atzera begirako diagnosia egin daiteke: zalantzarik gabe, Ozeano Bareko zeharkaldian marinelek eskorbutoa izan zuten. Gertakari hartan 19 pertsona hil ziren; besteak beste, Bilboko Otxoa Erandio itsasmutila eta Martin Barrena merio (aguazil) ordiziarra. Patagoniar bat eta Brasilgo indiar bat ere hil ziren. Esanguratsua da hildako gehienak Victoria itsasontzian zihoazela, baina susmatu baino ezin dugu egin zergatik jo zuen han gogorren gaixotasunak.
Hala ere, ez zen gertakari bakarra izan: eskorbutoa beste bi bider agertu zen Espezien uhartediaren bila abiatu zen armadaren bidaian. Bigarren agerraldi bat izan zuen Victoria itsasontziaren itzulera-bidaian. Oraingo honetan ez dugu inolako erreferentzia klinikorik. Pigafettak nahiz Elkanok esan zuten gaixoak gosez hil zirela, baina azkenak adierazi zuen ez zitzaiela ez arrozik ez urik falta izan:
Uharte haietako azkenetik abiatu ostean, bost hilabeteren buruan, garia eta arroza besterik jan gabe eta ura bakarrik edanda… hogeita bi gizon hil zitzaizkigun gosez; hori dela eta, eta hornidurak falta zitzaizkigunez, Cabo Verde uhartera iritsi ginen.
XVI. mendeko grabatua. Cidade Velha badia, Cabo Verde
Esperantza Oneko lurmuturra igaro ondoren hil ziren, Ozeano Atlantikoan, Timorretik abiatu eta hiru hilabetera, azido askorbikoaren erreserbak agortu zitzaizkienean. Cabo Verdera iritsitakoan gaixoak azkar sendatu ziren, eta horrek ere erakusten digu eskorbutoa zutela, beste gabezia batzuk baztertu gabe; izan ere, arroz zuritua bakarrik jateak beriberia ere eragin dezake, tiaminaren edo B1 bitaminaren gabezia dela eta (bitamina honen erreserbek C bitaminarenak baino gehiago irauten dute). Alabaina, badakigu eskorbutoa nabigatzaile jada ahituen gabezia nutrizionalaren aurretik datorrela, eta hura iragarri eta areagotu egiten duela.
Bigarren agerraldi horretan armadako 15 gizon hil ziren; besteak beste, Lorenzo Iruna marinel gipuzkoarra, eta Somorrostroko Juan Sahelizes eta Bermeoko Martin Isaurraga itsasmutilak.
Victoria ontzia, kobrezko xafla alemaniarrean. Toribio Medina, El descubrimiento del océano Pacífico, 1920.
Hirugarren agerraldia Trinidad itsasontziaren Ozeano Barean zeharreko itzulera-bidaian gertatu zen. Itsasontzia ez zen helmugara iritsi, eta 31 pertsona hil ziren bidean; besteak beste, Bermeoko Juan Agirre marinela eta Debako Domingo Yarza arotza.
Jende asko hil zen nabigatzen lau hilabete eman ondoren, elikagai freskorik jan gabe, eta gaixoak azkar sendatu ziren elikagai freskoak jan eta gero. Ozeano Barean Victoria itsasontziko kideei gertatutakoa ekartzen digu gogora, eta erakusten digu heriotza guztien kausa probableena eskorbutoa eta desnutrizioa izan zirela. Zalantzarik gabe, dieta monotonoaz eta tiamina-gabeziaz gain, hotzak eta lan gogorrak gizonak are gehiago ahultzen lagundu zuten.
Baina, gainera, ustez itsas zabalean egindako lehen autopsiari buruzko kontakizuna dugu. Litekeena da autopsia hura Juan De Morales mediku eta zirujau sevillarrak egin izana, eta honela kontatu zuen Mafrak:
Bat ireki zuten zergatik hiltzen ziren jakiteko, eta ikusi zuten gorputz osoko zainak zabalik zituela, eta odola gorputz osoan barreiatuta zuela.
Deskribapenak dio odola hodietatik kanpo zuela, eta hori bat dator eskorbutoa dutenen ahultasun baskularrarekin eta ondoriozko bat-bateko hemorragiekin; horrek, gure ustez, eskorbutoaren diagnosia berresten du. Baina Juan de Moralesek ez zuen gaixotasuna ulertzeko behar adina ezagutza. Odol-ateratzearen antzinako erremedioa aplikatu zuen, eta pentsatzekoa denez, ez zuen emaitza onik lortu:
Horregatik, ordutik aurrera, gaixo zegoenari odola ateratzen zioten, ustez eta odolak ito egiten zituela. Baina odola aterata ere hil egiten ziren, ez ziren libratzen: beraz, baten bat gaixotzen bazen, ez zuten sendatzen, ez baitzuen erremediorik.
17 gizon baino ez ziren iritsi bizirik Moluka uharteetara, eta han, Antonio de Brito portugaldarrak jaso zituen. Haietako bat Bermeoko Anton Basozabal itsasarotza eta kontramaisua izan zen. Lusitaniarrak atxiki egin zuen, profesional onak behar zituelako, eta ez dakigu zer gertatu zitzaion ordutik aurrera.
Beraz, pentsatzekoa da 66 nabigatzaile hil zirela eskorbutoaren ondorioz, eta gutxi batzuk baina ez zirela onik atera.