Esplorazio handien eta ozeanoan zeharreko nabigazioen garaiak zenbait behar eragin zizkion nautikaren munduari, eta horrek, aldi berean, aldaketa bat ekarri zuen nabigatzeko artean.
Merkataritza-bide berriak aurkitzeko helburuarekin hasi ziren, nagusiki, itsas esplorazioak. Portugalgo nabigatzaileek alde zuten beren kokapen geografikoa, eta itsaso irekira abiatu ziren. Hala, Afrikako kontinentea inguratuz, Indiarako bidea ezarri zuten. Gaztelak, berriz, ez zion Asiako helburuari uko egin, eta “ekialdea mendebaldetik” bilatzen jarraitu zuen.
Ondorioz, baliabideak eta ezagutzak garatzen eta egoera berrira egokitzen joan ziren, eta ontzigintzak eta nautikak, oro har, izugarrizko bultzada eraldatzailea izan zuten.
Fantasia puntua
Hasieran, ordura arte ezagutzen ziren nabigazio-teknikak aplikatu zituzten. Itsasoan kokatzeko Mediterraneoan erabili ohi ziren teknikak ziren, eta, beraz, toki horretara egokituak.
Hain zuzen, “barneko itsasoaren” baldintzengatik, ez zuten denbora askorik igarotzen marinelek ezagutzen zuten kostalderen bat ikusi gabe. Normalean, bi eta hiru egun artean. Distantziak ez ziren handiak, eta estrategikoki kokatutako uharteak zeuden. Horrek, nabigatzeko modu jakin bat ekarri zuen, funtsean norabidea eta egindako distantzia kalkulatzean oinarritzen zena, eta esperientzian oinarritutako osagai enpiriko indartsu bat zuena. Gaur egun, balioespen bidezko nabigaziotzat (dead reckoning) ezagutzen dugu modu hori.
“Puntua botatzea” esaten zioten ontziaren egoera mapan islatzeari, eta “fantasia-puntua” era horretara lortutako ontziaren egoerari. Jakina, emaitzak aldakorrak izaten ziren, orratz nautikoen berezko akatsengatik, deklinazio magnetikoagatik, belaontzi baten berezko norabide-aldaketengatik nahiz ontziaren abiadura hautematean izandako akatsengatik.
“Fantasia” deitzeak berak ematen zuen aditzera lortutako datuek ziurgabetasuna eragiten zutela. Azken batean, nabigatutako distantzia (abiadura eta erabilitako denbora) eta jarraitutako norabidea ezagutzea zen metodoaren oinarria, hori guztia eskura zeuden baliabideak aintzat hartuta.
Indietako Artxibo Nagusian (AGI.PATRONATO, 34, R, 1) gordetzen den "Relaçión del coste de la armada de las çinco naos que ban al descubrimiento del Maluco" dokumentuari esker, lehen mundu birako espedizioak baliabide horiek zertarako erabiltzen zituen jakin dezakegu. “Cartas de marear y cuadrantes y astrolabios y agujas y relojes” atalaren barruan, besteak beste, honako hauek ageri dira ontzi haien barruan:
- 35 itsasorratz
- Lau kutxa handi lau itsasorratzentzat
- Hemezortzi harea-erloju
- Sei konpas-pare
Ikus ditzagun abiadura, denbora eta norabidea kalkulatzeko erabiltzen zituzten metodoak. Garai hartan eskuragarri zeuden elementu horiek funtsezkoak ziren itsasoan kokatzeko.
Abiadura
Itsasontziaren abiadura kalkulatzeko zenbait oinarrizko modu zeuden: “begiz” zen horietako bat, uberatik; beste bat, berriz, flotatzen zuen objektu bat botatzea brankatik eta popatik pasatzeko zenbat denbora behar zuen ikustea (luzera bat). Hala, abiadura kalkulatzen zuten hiruko erregela sinple baten bidez. Korrikina deritzona geroagoko asmakizun ingeles bat da (William Boune, 1579)
Ontzian emandako denbora: harea erlojua
Itsasontzian, hareazko erlojuen bidez kontrolatzen zen denbora. Iraupen bat baino gehiagokoak zeuden arren, 30 minutuko iraupena zuena zen ohikoena. Eguerdian doitzen zen ordua, eguzkia meridianotik pasatzen zenean. Erloju horiek hartzen ziren kontuan egunaren gainerako zatian.
Itsasmutilak arduratzen ziren harea amaitutakoan erlojuei buelta emateaz. Ondorioz, akatsak ere izaten ziren, hanka-sartzeengatik nahiz logaleagatik. Erlojuari buelta ematerakoan, kanpai bati jotzen zitzaion, eta kantinela bat errezitatzeko ohitura zegoen.
XVI. mendeko harea-erlojua (Madrilgo Itsas Museoa)
Norabidea: itsasorratza
Funtsezko itsas tresna bat zegoen: itsasorratza. Aurrez ere ezaguna zen Mediterraneoan, eta Atlantikoan ibiltzen ziren ontzietan ere hasi ziren erabiltzen ondoren. Erabilera horren lehen lekukotzak XII. mendekoak dira (nahiko landugabeak ziren, flotagailu bat urez betetako ontzi batean, eta imandutako orratz bat gainean).
Sizialiko “bussola” izenarekin egin zen ezagun (iparrorratza). Gordetzen zen lekuari, berriz, iparrorratz-kutxa esaten zitzaion, bitacle edo habitacle.
Aldian-aldian, iman natural batekin igurtzi behar zen orratza, berriz imantzeko.
XIII. mendean, edo XIV. mendearen hasieran, imandutako orratza modernizatu egin zen. Mediterraneoko haizeen (Tramontana, Gregal, Levante, Siroko, Mediodia, Lebeche, Mendebal, Mistral) arrosa bat grabatuta zeraman disko baten azpitik itsatsi zen, tokian tokiko hizkuntza-aldaerekin.
Itsasorratzaa (Museu da Marinha de Lisboa MM.05263).
Oro har, lirio batekin markatzen zen iparraldea; ekialdea, berriz, gurutze batekin (Lur Santuari erreferentzia eginez). Geronimo Cardano italiarrak (1501-1576) berrikuntza handi bat gehitu zuen, arrosa plano horizontalean mantentzeko esekidura-sistema asmatu baitzuen (bere izena darama sistema horrek).
Arrosa haize mediterraneoen arabera banatzeak ez zuen erabilgarritasunik Atlantikoko nabigazioetarako. Hor, horizontearen zirkulua distantzia bereko 32 norabidetan banatu zen, edo 11,25º-ko "koadrantetan”. Garai hartako beharretarako nahikoa zen hurbilketa hori.
Ozeano Atlantikoaren itsas mapa portugaldarra (xehetasuna). BNF Galli
Deklinazio magnetikoa: orratza ipar ekialdera eta ipar mendebaldera ‘joatea’
Francisco Albo espedizioko pilotuak bere egunkarian noiz edo noiz aipatu zuen orratzak ipar-ekialdera “joaten” zirela. Izan ere, dakigun bezala, iparrorratzaren iparra ez da polo geografikora zuzentzen, polo magnetikora baizik. Beraz, funtsezkoa zen orratza ipar-ekialdera eta ipar-mendebaldera “joatea” esaten zitzaion anomalia hori zuzentzea, desbideraketaren norabidea kontuan hartuta.
Egunero orratzaren eta ipar geografikoaren arteko lerrokadura alderatzea zen prozedurarik ohikoena, Iparrizarraren markaketa edo eguzkiak eguerdian egiten zuen itzalaren proiekzioa kontuan hartuta. Horretarako, hainbat gailu sortu zituzten. Orratzaren gainean jarritako hagaxka edo xafla fin bat ziren funtsean, eta arrosaren graduazioaren gainean proiektatzen zuten itzala, egiaztapena errazteko.
Itsas zabaleko nabigazioak behar berriak sortu zituen. Beste era batera esanda: ozeanoan barneratu beharra zegoen, eta, ondorioz, lurra ikusteko aukerarik ez zegoen denbora askoan. Baldintza horietan, balioespen eta “fantasia-puntu” bidezko nabigazioa ez zen nahikoa.
XV. mendetik aurrera, nabigazio-metodo berri bat jarri zuten martxan, astroen behaketan oinarritua. Blog honetako hurrengo sarreretan jorratuko dugu.
“Breve compendio de la sphera y de la arte de navegar” (Martin Cortes, 1510-1582). BNE.