XIX. mendearen bukaera aldera, euskal nazionalismoa eraikitzen hasi zenean –nazionalismo espainiarra, frantsesa, ingelesa eta ipar-amerikarra eraiki ziren garaian, hain zuzen ere–, euskal esentziaren arketipotzat ezarritako irudiak euskal landa-eremutik hartu zituen erreferentziak; horri, hain justu, “utopia landazale erregresiboa” izena eman diote zenbait autorek. Orduz geroztik, euskal gizartea itsasoari bizkarra emanda bizi izan da, nahiz eta XI. mendean hasi eta XVIII. mendera arte, finean, itsasoaren inguruan sortutako ekonomia hura funtsezkoa izan zen, eta, are, euskal gizartearen garapenaren muina eta faktore nagusia ere bai.
XIX. mendearen bukaera aldera, euskal nazionalismoa eraikitzen hasi zenean –nazionalismo espainiarra, frantsesa, ingelesa eta ipar-amerikarra eraiki ziren garaian, hain zuzen ere–, euskal esentziaren arketipotzat ezarritako irudiak euskal landa-eremutik hartu zituen erreferentziak; horri, hain justu, “utopia landazale erregresiboa” izena eman diote zenbait autorek. Nolabait ere, erreferente horiek hartzea logikoa da; izan ere, gure herriaren historiaren garai hartan, industrializazioaren eragina izugarri handia izan zen; industrializazio-prozesu horrek berekin ekarri zuen, besteak beste, landa-gizarteak deslokalizatzea eta Espainiako beste leku batzuetatik Euskal Herrira etorkin mordoa era masiboan etortzea. Nolabait ere, “kanpotik” zetorren errealitate berri horri aurre egin nahian, euskal nazionalismoak euskalduntasun guztiz garbi eta esentziazkoa ezarri nahi izan zuen, hain zuzen ere ekonomia landatartuta zegoen garaian. Zehazki, XVIII. mendearen hondarrean hasi eta XIX. mende osoan gertatu zen ekonomiaren landatartze hori; lehenagoko urteetan, kasik Goi Erdi Arotik Antzinako Erregimenera arteko garai osoan, euskal lurraldeetako bizitzan nagusi izandako itsas jarduera guztiak utziz joan ziren pixkanaka, arrantza-jarduera izan ezik. Orduz geroztik, euskal gizartea itsasoari bizkarra emanda bizi izan da, nahiz eta XI. mendean hasi eta XVIII. mendera arte, finean, itsasoaren inguruan sortutako ekonomia hura funtsezkoa izan zen, eta, are, euskal gizartearen garapenaren muina eta faktore nagusia ere bai.
Euskal Herria, osorik hartuta, bai penintsularen aldekoa eta bai kontinentala, itsasora begira zegoen lurralde bat zen; horretan jarduten zuen batez ere. Are gehiago, itsasoko zibilizazio bat zen, hitz gutxitan esateko. “Itsasaldeko” hitza aipatzen denean, pentsatu ohi da kostako lurraldeei soil-soilik egiten zaiela erreferentzia, baina, egiaz, esan beharra dago barrualdeko lurraldeek, marinelek, produktuek, elikagaiek, egurrek, burdinek eta kapitalek ere parte hartu zutela ekonomia horretan, ez kosta ingurukoek soilik. Are gehiago, ezin genezake ulertu euskal lurraldeen garapena Akitania, Biarno, Gaztela, Aragoi eta eremu kantauriarraren parte hartzea kontuan izan gabe. Era berean, ezin da ulertu Euskal Herriko itsas jarduerak izandako dinamismo hori guztia, baldin eta lehorreko merkataritzak izandako garrantzia kontuan hartzen ez badugu. Euskaldunek, berek zuzenean edo zeregin horretarako bitartekariak erabilita, burdina eta Europako bestelako produktu batzuk esportatzen zituzten, Mediterraneoko espezieen, gatzaren, ardoaren, ehunen eta halakoen truke.
Hala barrualdeko nola itsasoko merkataritza-sareei esker, hain justu ere, euskal lurraldeak beti zeuden produktu horiez ondo hornituta. Behe Erdi Aroan, halaber, lurralde mailako erakundeek zein toki mailakoek, bake soziala ziurtatzeko asmoz, sistema berri bat ezarri zuten: herri xeheak oligarkiaren erabakitzeko gaitasuna onartu zuen, oligarkiako kideek herria prezio bidezko eta onargarrietan hornituko zutela ziurtatzearen truke; hau da, bi aldeek onartuta, ekonomia morala delakoa ezarri zen. Lurraldeetako erakundeek, gainera, Gaztelako Koroak emandako pribilegioei esker, Bizkaia eta Gipuzkoa zerga-presio txikiko lurraldeak izatea lortu zuten, eta, horrela, bada, lurralde horietako portuak portu franko bihurtu ziren. Hortaz, portu haietara iristen ziren produktuek arrazoizko prezioei eutsi ahal izan zieten. Horrez gain, tokiko erakundeak, XIV. eta XV. mendeetatik hasita, herritarrak premia-premiazko produktuez hornitzeaz ere arduratu ziren, hala nola ogiz, haragiz, arrainez, olioz eta ardoz, besteak beste. Urte osorako jarri ohi zituzten enkantean, baina eskaintza onena egiten zuenak baldintza batzuk ere bete behar zituen, kontsumitzailea babesteko asmoz prestatuak. Esate baterako, ordutegiak errespetatu behar zituzten, baita hornitzeko baldintzak ere, prezio tasatuak eta, esan bezala, kontsumitzailea babestea helburu zuten beste neurri batzuk ere bai. Dena dela, kontsumitzailea babesten zuen sistema horrek berak ez zion uzten errentariari onura handiak lortzen; beraz, espekulazioa eta kontrabandoa ohiko ihesbideak izaten ziren garai hartan.
Portuetatik abangoardia politiko eta ekonomikora
Euskal Herriko itsas jarduerak XI. mendetik aurrera hasi ziren garatzen. XIII. mendetik, jadanik, ohiko bihurtu zen Europako iparraldeko eta Mediterraneoko portuetan euskal itsasgizon eta garraiolariak egotea. Era berean, euskal ontzidiak Gaztelako, Portugalgo eta Frantziako erregeek egindako konkista-kanpainetan parte hartu zuen, baita ontzidi ingelesaren kontrako erasoetan ere, Ehun Urteko Gerra delakoaren barruan, zeinetan Frantzia eta haren aliatu Gaztela Ingalaterraren aurka borrokatu baitziren. Baina XV. mendetik aurrerako garaian izan zuten lurralde horiek ohi ez bezalako bultzada. Nekazaritza eta abeltzaintza indar handiz zabaldu ziren, baina, inolako zalantzarik gabe, siderurgiak, ontzi-eraikuntzak eta merkataritzak bultzatu zuten, batez ere, euskal ekonomia. Foruen lege-esparruak, gainera, abantailak eta pribilegioak eman zizkien lurraldeei, hala barruan nola kanpoan. Koroari zerbitzuak ematearen eta muga defendatzearen truke, Bizkaiak eta Gipuzkoak Kaparetasun Unibertsala eta merkataritza-askatasuna lortu zuten, eta horrek pribilegiozko tokian jarri zituen, Espainiako erregearen gainerako mendekoen aldean. Kaparetasun Unibertsalera iristeko prozesuak luze iraun zuen; hain zuzen ere, XIV. mendetik XVII. mendera. Batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan izan bazen ere, inguruko beste eskualde batzuetara ere iritsi zen: Araban Aiara eskualdera, eta Nafarroan Bortziriak, Erro eta Zaraitzu eskualdeetara, besteak beste. Kaparetasun Unibertsalak komunitate-sentipena handitzen zuen, eta, gainera, lurralde barruko bake soziala ziurtatzen zuen, baina ez hori bakarrik, abantaila argiak eman baitzizkien hainbati: merkatariei, negozio-gizonei, letratuei, abokatuei, eta errege-administrazioko, armadako eta itsas armadako euskaldunei.
Ahalmen handi horren erakusgarri dira euskal portuetatik abiatuta Europako portuekin merkataritzan parte hartu zuten ehunka eta ehunka merkatari eta marinelak, Juan Sebastian Elkano bera barne. Euskaldunek, bost mendeko historia igaro ondoren, bere garaiko abangoardian egotea lortu zuten: espedizioak eta bidaldiak aurrera ateratzeko behar-beharrezkoak zirenak zituzten: jakintza, teknika, tresnak eta kapitalak, hain zuzen ere. Lorpen horiek ulertu nahi baditugu, hala ere, ezinbestekoa da iraganera begiratzea eta Behe Erdi Aroan arreta jartzea. Garai hartan, merkatarien, negozio-gizonen, letratuen, legegizonen eta nabigatzaileen familia haiek guztiek beren boterea eratu zuten. Lehenik, tokian-tokian eskuratu zuten; ondoren, eskualdera zabaldu zuten; eta, azkenik, Gortera eta nazioarteko merkatuetara egin zuten salto. Gizon haietako ia guztiak oligarkietako kideak ziren, hau da, XIV. mendetik aurrera kontzejuetako kargu guztiak monopolizatzen hasi ziren familietako kideak; izan ere, alfabetatuta egoteak eta aberastasun handien jabe izateak modua eman zien ahalmen hori eskuratuz joateko. Arian-arian, boterea eta tokiko finantzak familia gutxi batzuen esku geratuz joan ziren. Familia horiek, gainera, laster asko, lurraldeko erakundeetara egin zuten salto, eta, handik, goi-mailako errege instantzietaraino ere iritsi ziren. Azkenik, euskaldunek arrakasta izatea ahalbidetu zuen beste faktoreetako bat izan zen Gortean euskal patronoak egotea; esate baterako, Idiaquez eta Lazarraga familiak. Administrazioaren eta kontabilitatearen gaineko trebetasunak zituztenez gero –maiz, aldez aurretik tokiko eta lurraldeko erakundeetatik igaroak zirelako–, azkenean kargu garrantzitsuez jabetu ziren, Errege Kontseiluan, Errege Kantzelaritzetan, Sevillako Kontratazio Etxean, Indietako itsas bideekin lotutako jardueretan eta abar.