Itsas energien erronka

Xabier Ezeizabarrena, Ingurumen Zuzenbideko Irakaslea (EHU eta Deustu. Ingurumen Zuzenbideko Masterreko Zuzendaria (EHU).
21 URR, 2019

Elkano mitikoak Lurraren inguruan itsasoz lehen itzulia egin eta bost mende geroago, ingurumen aldetik eta ozeanoei dagokienez erronka berri handietako bat ozeanoetatik energia garbi eta berriztagarriak eskuratzea da. Izan ere, energia- eta ingurumen-erronka globalek behartuta, trantsizio bat egin beharko da, ezinbestean, energia berriak sortzeko iturri berrien bila, erregai fosilak pixkanaka alde batera utzita.

Bide horretan, eta Estatu Batuetako egungo Gobernuak eragozpenak jarriko dituela aurreikusi arren, Europar Batasunak (EB) aitortu du itsas energiek garrantzi nabarmena izango dutela zeregin horretan, batez ere energia eolikoak, “off-shore” eolikoak, olatu-energiak, itsas lasterrenak eta itsasaldienak.

2012ko Europako Batzordearen Itsas Ingurunearen Ezagutzari buruzko Liburu Berdean aurreratzen zenez, “itsas energia eolikoaren hedapen azkarrak itsas ekonomia eraldatu, sustatu eta bultzatu egingo du oro har. Itsasoetako datuak hobeto eskuratzeko abantailak, 2010eko ekonomiarekiko kalkulatuta, pentsatzen dena baino handiagoak izango dira”. Era berean, dokumentu horretan azpimarratzen denez, “gure itsaso eta ozeanoek gure ekonomiak berraktibatzeko behar dugun bultzada eman dezakete. Enplegu estimulagarri eta atsegingarriak eskain ditzakete, gure gazteen itxaropenak asetzeko modukoak. Klima-hondamendi bat ekiditeko behar dugun energia garbia eman dezakete”.

Dokumentu horretan bertan nabarmentzen denez, “elektrizitatea ekoizteko modu guztien artean, energia eolikoa da instalatutako ahalmenari dagokionez abiadura handienean hazten ari dena. Instalazio eolikoen % 10 itsasoan daude dagoeneko, eta ehuneko hori areagotzen ari da. Energia Eolikoaren Europako Elkarteak kalkulatzen duenez, 2020. urterako, instalazio berrien % 30 itsas instalazioak izango dira, eta 2030. urtearen bueltan % 60ra iritsiko dira. Arrakastak arrakasta dakar. Itsas energia eolikoko plataforma horietarako, inbertsioak egingo dira sare elektrikoetan, eta horrek berekin ekarriko du industriako beste adar batzuk ere haztea”.

Europar Batasuneko araudi-esparruan, gogoetarako hasierako elementu bat Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 663/2009 Erregelamendua da (EB). Erregelamendu horrek laguntza-programa bat ezartzen du ekonomia suspertzeko, energia-proiektuei Europako finantza-laguntza emanez. Europako Batzordeak nabarmentzen du energia-efizientzia eta energia-iturri berriztagarriak direla Europar Batasuneko energia-politikako lehentasunak, ingurumen-arrazoiak eta hornidura-segurtasuneko arrazoiak direla eta. Ildo horretatik, Erregelamenduak lehentasun horiek betetzen laguntzen du, itsas energia eolikoko proiektuak babestuz.

Energia-aurrezpena eta energia-efizientzia bultzatzeko neurrien artean, aipagarria da ekintza espezifikoetarako inbertsio-funts bat, Europar Batasuneko inbertitzaile instituzionalek sortua eta Inbertsioen Europako Bankuak (IEB) gidatua; hain zuzen ere, “Marguerite: 2020 Europako Funtsa, Energiarako, Klima Aldaketarako eta Azpiegituretarako” izenekoa. Energiaren eta klima-aldaketaren esparruetan inbertitzea da funts horren helburua (energia jasangarriaren, energia berriztagarriaren eta teknologia berrien ekoizpenean inbertitzea, bai eta energia-efizientzia eta energia-aurrezpenean, hornidura-segurtasunean eta ingurumen-azpiegituretan ere).

Aurreko guztiarekin, Europar Batasuna klima-aldaketaren aurkako borrokan abangoardian kokatzea lortu nahi da. Horrenbestez, Europar Batasunak asmo handiko helburuak ditu 2020. urterako:

• Berotegi-efektuko gas-isuriak % 20 murriztea.

• Energia-efizientzia % 20 areagotzea.

• Energiaren % 20 energi-iturri berriztagarrien bidez ekoiztea. Esparru horretan, itsas energiak oso garrantzitsuak izan daitezke, bai energia sortzeko aukera ematen dutelako, bai euskal industrian jada badugun elementu eragile eta teknologikoa delako, eta bai Biscay Marine Energy Plataform (BIMEP) plataformarekin lankidetzan aritzeko aukera dagoelako (plataforma hori Eusko Jaurlaritzak zuzentzen du, eta arlo horretako entseguetarako banku teknologikoa da).

Europar Batasuneko egiturazko eta kohesioko funtsek, era berean, itsas energia berriztagarriko proiektuetarako finantzaketa eman dezakete. Berez, kalkuluen arabera, funts horiek 787 milioi eurotik gorako inbertsioa egin dute energia eolikorako, eta 2007-2013 epealdian “off-shore” proiektuak egiteko aukera ere eman dute.

Testuinguru horretan, Europar Batasunak teknologia horiek garatzeko egindako mobilizazioak eta Europar Batasunak berak ingurumen-erronkei emandako erantzunek erakusten dutenez, jardun-ildo hori estrategikoa da, eta teknologia horien inguruan eragile ezberdinak artikulatzeko prozesuek ezinbestean eskatzen dute estatu kideen eta industria-sektorearen inplikazioa.

Euskadin, Euskadiko Estrategia Energetikoa 2020 programan honako hau adierazten da Planeko helburu gisa: “energia berriztagarriak ahalik eta gehien zabaltzea, ingurune naturala zaintzeko: energia eolikoa, eguzki-energia (mota guztiak), hainbat itsas energia, biomasaren energia, eta […] energia geotermikoa”.

Hori guztia lehenbailehen jorratu beharrekoa da, energia berriztagarrietara diru-kopuru egokia bideratuz. Alderdi horrekin batera, itsas energiak egiaz garatzeko ezinbestekoa da konplexutasun eztabaidaezineko hainbat alderdi koordinatzea: alderdi ekonomikoak, itsasoarekin lotutakoak, administratiboak, juridikoak, industria-arlokoak eta ingurumen-arlokoak.

Ez zuen konplexutasun gutxiago izango duela 500 urte Espezien Uharteetara egindako espedizioaren prestaketak eta bidaiak berak. Elkanok Lurraren inguruan itsasoz lehen itzulia eginez burutu zuen erronka itzel hura. Gaur egun beste erronka bat dugu aurrez aurre: itsas energia garatzea lagungarria izan daiteke, erregai fosilekiko dugun energia-mendekotasuna murrizteko.