Itsasoan kokatzea: nabigazioko tresnak eta teknikak lehen mundu biran (3/3)

Alberto Rodríguez, Industri ingeniaria, Nabigazio goi mailako teknikaria eta Alturako patroia.
22 UZT, 2020

Non daude Molukak? Gaztelakoen ala portugaldarren aldean? Auzi hori ebazteko, Gaztelako eta Portugaleko erresumek longitude geografikoa zehaztu beharra zuten, eta hori ez zen erraza garai hartan.

Aurreko kapituluaren bukaeran, longitude geografikoa edo, garai hartan esaten zen eran “ekialde-mendebalde altuera”, zehazteak hainbat zailtasun zekartzan.

Gogora dezagun espedizioaren helburuetako bat zela frogatzea “Moluka uharteak” Gaztelaren aldean zeudela, Tordesillasko Itunean ezarri zen mugaren arabera. Horretarako, beharrezkoa zen uharte horien longitude geografikoa zehaztea, eta hori oso zaila zen garai hartan eskura zituzten baliabideekin.

Longitudea, ebatzi gabeko arazoa.

Harreman zuzena dago denboraren eta longitudearen artean, jarraian ikusiko dugun eran.

Lurrak abiadura konstantean egiten du bira, egunean 360 graduz, (24 orduko batez besteko eguzki-eguna). Ondorioz, aldi berean jakin bagenezake jatorriko eta itsasontziko ordua, bien arteko aldea, orduko 15 gradutan bihurtuta, longitudean dagoen aldea (ekialdea edo mendebaldea) izango litzateke.

Itsasontziko ordua jakitea nahiko erraza zen; arazoa, beraz, aldi berean jatorrian zuten uneko ordua ezagutzea zen.

XVIII. mendearen erdialdera arte itxaron behar izan zuten: itsas kronometroa asmatu zen orduan, eta tresna hori behar bezain zehatza zen jatorrizko meridianoaren ordua gordetzeko, gorabehera gehiegirik gabe.

Jatorrizko puntuko ordua haiekin eramatea ezinezkoa zenez, kosmografo eta astronomoek efemeride astronomikoetan oinarritutako metodoak garatu zituzten.  Hainbat taula eta almanaka erabili zituzten toki zehatz batean zenbait gertakari (eklipseak, astroak elkartzea edo kontrajartzea...) zein ordutan gertatzen ziren jasotzeko. Gertakari hori bera planetako beste puntu batean zein ordutan gertatzen zen ikusi eta bi orduak alderatuta, denboran zegoen aldea ondoriozta zitekeen eta, ondorioz, baita bi puntu horien arteko longitudean zegoen aldea ere.

Rui Faleiroren proposamenak.

Longitudeak kalkulatzeko metodoak bereziki garrantzitsuak izan ziren Magallanes eta Elkanoren espedizioa prestatzeko lanetan. Zeregin horren arduraduna “astrologo” portugaldar eta Magallanesen bazkide Rui Faleiro izan behar zen.  Azkenean, lehorrean gelditu behar izan zuen, gaixo zegoelako. Haren ordez, Andrés de S. Martín espainiarra joan zen; historialari portugaldarren esanetan, “astrologian ikasia” zen.

Rui Faleirok zenbait jarraibide edo “Regimento” prestatu zituen, longitudea neurtzeari buruz, eta jarraibide horiek haiekin eraman zituzten espedizioan.

Faleiroren “ekialde-mendebalde altueraren regimentoak” hiru metodo zituen “longitudea, hau da, ekialde-mendebalde altuera, ezagutzeko”:

  • “Ilargiaren latitudea kontuan hartuta”.
  • “Ilargiak izar finkoekiko edo Eguzkiarekiko duen konjuntzioa edo oposizioa kontuan hartuta”.
  • “Orratzaren aldaketak kontuan hartuta”.

 

San Julián portuan eman zuten denboran, Magallanesek pilotuei galdetu zien ea metodo horiek erabilgarriak ziren. Pilotuek ezetz erantzun zioten. San Martínek, bere aldetik, pentsatzen zuen hiru horietatik metodo bakarrak funtzionatzen zuela: Ilargiak izar finkoekiko edo Eguzkiarekiko zuen konjuntzioa edo oposizioa kontuan hartuta lortzen zen longitudea.

Regimento da altura leste oeste.” AGI/29//PATRONATO,262,R.3

Andrés de San Martínen longitude-neurketak

Andrés de San Martínek hainbat behaketa astronomiko egin zituen, bidaiako zenbait puntu esanguratsuren longitude geografikoa zehazte aldera.  Lurretik egin zituen, askotariko emaitzekin; erreferentzia gisa, Sevillako meridianoa hartu zuen.

San Martín Cebuko segadan hil zen, 1521eko maiatzaren 1ean; hala, haren egunerokoa portugaldarren eskuetan erori zen, Trinidad itsasontzia atzeman baitzuten. Zoritxarrez, egunerokoa galdu egin da. Dena den, zenbait xehetasun ezagutzen ditugu, kronikari portugaldarrei esker (Joao de Barros, “Décadas da Asia”).

Badakigu bost behaketa egin zituela Amerikako kostaldean; hala ere, behaketa horietatik biren emaitzak baino ez ditugu ezagutzen. Lehenengoa 1519ko abenduaren 17an egin zuen, Rio de Janeiron, Ilargiaren eta Jupiterren arteko konjuntzioaren bidez. Behaketa horren datuak inkongruenteak ziren, eta San Martínek berak berehala baztertu zituen, inkongruentzia horiek Zacut eta Monteregioren taulen akatsei egotzita.

Bigarren behaketak, 1520ko apirilaren 17an egindakoak, arreta berezia merezi du. San Julián portuan egin zuen, beste fenomeno astronomiko bat aprobetxatuz: eguzki-eklipse bat.

Sevillako meridianoarekiko kalkulatutako distantzia 61º izan zen; benetakoa 61º  43´ zen.

Emaitza txundigarriki zehatza da, garai hartako baliabideak kontuan hartuz gero. Denbora luzea beharko zen berriz ere zehaztasun hori lortzeko. Zenbait ikerlariren ustez (Laguarda Trías), baliteke beste metodo bat erabili izana. Izan ere, eklipse hori ez zegoen erregistratuta ez Zacuten almanakan, ez MonteRegioren efemerideetan, ezin baitzen Europatik ikusi.

Moluken koordenatuak egiaztatzea

Andrés de San Martinek ezin izan zuen lortu Moluka uhateen longitudea zehazteko helburua.  Ondorioz, gerora Albo eta Pigafettaren egunerokoetan erregistratutako longitudeak ezin izan ziren prozedura astronomikoen bidez kalkulatu. Ziurrenik, zenbatesteko metodo konbentzionalak erabiliz ebaluatu zituzten (norabidea eta distantzia), Suluan uhartearen koordenatuetatik abiatuta; horiek izan ziren hil aurretik San Martínek kalkulatu zituen azkenak. 

Francisco Albok zenbatetsitako longitudeek portugaldarren mugen barruan kokatzen dituzte, benetakoekiko +2 eta +6 graduko akatsekin.

Pigafettak zehaztutako longitudeek, berriz, Gaztelako Koroaren nahien alde egiten zuten nabarmenki, benetakoekiko -17 eta -29 graduko aldeekin.

Moluken auzia

Victoria ontzia Elkanok gidatuta itzuli zenean, eztabaida are gehiago sutu zen, eta jarduera handia sustatu zuen bi potentzien artean.

1522an, Casa de la Contratación de las Especiería sortu zen Coruñan, espezien salerosketak zentralizatzeko.

1524an, Badajoz-Elvasko Batzarra egin zen, akordio batera iristen saiatzeko. Bi herrialdeetako adituek hainbat bilera egin zituzten eta, azkenean, adostasunik gabe bukatu zuten batzarra.

1525ean, 7 ontzik eta 450 tripulatzailek osatutako armada indartsua itsasoratu egin zen, García Jofré de Loaisa buru zuela eta J. Sebastian Elkano bera pilotu nagusi zuela. Espedizioa porrot hutsa izan zen: nekez beteriko 15 hilabeteren ondoren, itsasontzi bakarra eta 105 gizon baino ez ziren iritsi. Trabesia horretan buru nagusiak hil egin ziren, baita Elkano bera ere. Haren testamentuaren lekuko gisa, gazte baten sinadura dugu. Gazte hori Andrés de Urdaneta, euskaldun unibertsala, zen, eta oso famatu bilakatu zen gerora, Manila/Acapulcoko itzulera-bidaia ezarri baitzuen.

Zortzi urtez etengabe izan zituzten liskarrak portugaldarrekin, ez baitzekiten Espainiako Koroak Moluken gaineko eskubideak saldu zituela “Zaragozako Ituna” (1529) deiturikoan. Azken 24 tripulatzaileak 1536 erdialdean iritsi ziren Lisboara.

"India eta Moluken mapa nautikoa" Nuño García de Toreno, 1522. Turingo Errege Biblioteka. Molukak hemisferio espainiarrean kokatzen ditu.

Zaragozako Itunaren bidez, “Espainiak Portugalen esku jartzen zituen Moluketan nabigatzeko, kontratatzeko eta merkataritzan aritzeko eskubide guztiak, bai eta gainerako eskubide, ekintza, domeinu, jabetza, posesio edo ia posesio guztiak ere, urrezko 350.000 dukaten truke (...)”. Gainera, atzera eskuratzeko klausula bat ere bazegoen; horregatik, “Zaragozako Bahia” izenez ere deitu izan zaio.

Itun horrek Portugalen eta Gaztelaren influentzia-esferak Moluketatik 297,5 legoatara (ekialderantz) finkatzen zituen; hala, uharteak portugaldarren esku gelditzen ziren. Horrela ebatzi zuten gatazka.

Inplikatutako potentzien gorabehera geoestrategikoak alde batera utzita, argi dago era horretako erronka bat gauzatzeko, munduari bira emanez eta ordurarte ezezagunak ziren ozeanoetan barrena nabigatuz, aparteko borondate eta ausardiaz gain, marinel-trebetasun eta itsasoari buruzko ezagutza sakonak behar izan zituztela.

Espero dut lan xume honekin ekarpen txiki bat egin izana haien aitortzari.

Itsasoan kokatzea: nabigazio tresnak eta teknikak lehen mundubiran (1/3)

Itsasoan kokatzea: nabigazio tresnak eta teknikak lehen mundubiran (2/3)