Euskal Herria itsastarra, jatorriaren bila (4/4)

Aitor Leniz, Historiako gradua eta arkeologiako eta irakaskuntzako masterrak
30 ABE, 2020

Baranga-jobalta edo baranga-genol sistema Mediterraneoko ontzigintza tradiziotik eskuratutako eraikuntza teknika bat dela esaten da baina antzeko sistema bat jada Historiaurretik ezagutzen zen Europan larruzko itsasontziak eraikitzeko. Hauek gaur egunera arte biziraun dute zenbait tokitan.

Aurreko atalean esan bezala, XIV. mendetik aurrera euskaldunak geroz eta gehiago zebiltzala Mediterraneoko merkataritza plazetan eta harreman horretatik ontzigintza-teknologia transferentzia bat eman zen zentzu bietan: Mediterraneotik Atlantikora eta alderantziz. Mediterraneoko influentziatik ontziak baranga-genol sistematik hasteko ohitura hartu zuten euskaldunek baina badaude zantzu batzuk antzeko sistema primitiboago bat jada Europako isurialde atlantikoan ezagutzen zela pentsarazten digutenak. Ontzi galo-erromatarrak aipatu ditugu jada baina larruzko itsasontziak ere interesgarriak dira. Ontzi mota hauek normalean sinpletasunagatik edota gutxi ikertu direlako oharkabean pasatzen dira eta horregatik kapitulu honetan espresuki hauetaz hitz egingo dugu. 

Larruzko txalupek ziurrenik Historiaurrean daukate jatorria baina testigantza arkeologiko gutxi ditugunez, iturri idatzietan eta zenbait arte lanetan oinarritu dituzte gehien bat itsasontzi mota hauei buruzko ikerketak. Ontzi mota hau ondo erreparatu ezkero baranga-genol antzeko sistematik abiatu eta ondoren larruz estaltzean datzan. Hau da, XV.-XVI. mendeak baino gizaldi batzuk atzerago jada baranga-genol sistema primitibo bat ezagutzen zen. Esan bezala informazio iturriak oso urriak dira eta asko dago aurretik ikertzeko, beraz kontziente izan behar gara tentuz jokatu behar dela gai honekin eta ziurrenik hipotesi ezberdin ugari sortu daitezkeela. Artikulu honetan ontzi mota hauek ere kontuan hartu beharko liratekeela aldarrikatu nahi dugu.

Bere simpletasunagatik edota gutxi ikertu direlako larruzko ontziak oharkabean pasatzen dira 

Iturri idatziei dagokienez, K.a. I. mendean Bruto erromatarraren espedizioan (K.a. 137-138) Iberiar Penintsulako ipar-mendebaldean ontziteria mota hau erabiltzen zutela zioen Estrabonek. Bestetik K.o. IV. mendean berriz Avieno poetak Ora Maritima obra idatzi zuen Himilko kartagotarraren K.a.VI. mendeko nabigazio liburua irakurri ostean. Bertan oestrimnioen herriak larruzko ontzietan itsasoratzeko trebetasuna azpimarratu zuen. Adituek zalantza daukate Finisterrekoak zirela aipatzean Avienok Finisterre britainiarrari edo Galiziarrari egiten ote zion erreferentzia baina gehienak lehenengo hipotesiaren alde daude.

Honako hau zioen Avienok: “Indar handiko herri bat dago hemen, animo sutsukoa, trebetasun eraginkorrekoa, merkataritzarekiko grina daukana; larru josiekin eraikitako ontzietan adorez nabigatzen duena itsaso nahasia eta munstroz beteriko ozeanoko infernuan zehar. izan ere ez zuten jakin pinuz eta gorostiz egiten itsasontzirik, ezta ere izeiarekin ontziak kurbatzen, alderantziz, miresgarria da nola beti larruak batuz itsasontziak eraikitzen zituzten, itsaso zabala larru horien gainean zeharkatuz askotan” (AVIENO: 90-119, <RIUS SERRAren gaztelerazko itzulpenaren moldaketa euskaraz>).

Plinio Zaharrak ere (K.o. I. mendea) Naturalis Historia lanean britainiarrek Ingalaterra hegoaldean erabiltzen zituzten larruzko itsasontziez hitz egin zuen eta Julio Cesarrek eta Lucano poeta hispanoerromatarrak Farsalia obran itsasontzi mota hauek aipatu zituzten.Zera zioen Pliniok: “Pasatu gaitezen orain berunera. Bi mota daude, beltza eta zuria. Zuria oso preziatua da; greziarrek <cassiterum> deitu zioten, Mare Atlánticum-eko zenbait irlatan erauzten zela zabaldu zuten eta larru josiz estaltzen ziren zumezko itsasontzietan garraiatzen zuten” (PLINIO,  156 orr., <RACKHAMen gaztelerazko itzulpenaren moldaketa euskaraz>).

Mende batzuk beranduago, VI. mendean San Gildas kronistak ere pikto eta eskoto irlandarrak larruzko ontzietan mugitzen zirela uharteen artean kontatzen zuen eta San Isidoro Sevillakoak baita VII. mendean herri germaniarrek antzeko itsasontziak erabiltzen zituztela zioen (PLINIO: 156, <RACKHAM, Itzulp.>; ALONSO ROMERO 1995: 129, 131). “Mioparoa zumez egindako txalupa da eta zurratu gabeko larruekin estalita eraikitzen da. Hauek dira mugikortasunagatik pirata germaniarrek ozeanoaren kostetan eta beraien lakuetan erabiltzen dituztenak. Historiak dio haietaz: <Herri saxoia haien indarrean baino gehiago fidatzen da mioparoetan, eta errazago ekiten diote ihesaldiari eta errazago ekiten dute gerrara> […]. Po-an eta lakuetan erabiltzen den carabus-a. Carabus-a ere zurratu gabeko larruz estaliriko zumezko txalupatxoa da” (ISIDORO DE SEVILLA, pp. 21, 26 <moldaketa euskaraz>).

Irudia: Topographia Hibernica and Expugnatio Hibernica, Gerald de Barri

Azkenik, VII. eta VIII. mendeetan monje irlandarrek larruz forratutako ontzietan bidaiatu zutela dakigu Britainiara eta Penintsula Iberikoko ipar-mendebaldera bertan diozesiak fundatzeko. XII. mende amaieran Gales inguruko Gerald de Barri elizgizon eta kronikariak baita harritasuna adierazi zuen mota honetako itsasontziak ikustean Irlandara egindako bidaian.

Esan bezala ebidentzia arkeologiko gutxi aurkitu dira larrua eta egurra errez endekatzen diren materialak dira eta. Hala eta guztiz ere badaude gutxi batzuk inguru berezi eta egokietan kontserbatu direnak, adibidez Barns Farm-en, Dalgety-n (Fife kontseilua, Eskozia) Brontze Aroko 3 hilobi aurkitu ziren bakoitza bere hatuarekin larruzko itsasontzietan hilobiratuak. Beste aurkikuntza garrantzitsu bat Broighter-en (Derry, Irlanda) aurkitutako K.o. I. mendeko larruzko ontzi baten urrezko errepresentazio txiki bat izango litzateke. Interesgarriena da Britainia Handian eta Irlandan gaur egunera arte heldu dela mota honetako itsasontzien eraikuntza tradizioa. Irlandako Aran uhartean esaterako curraghs deritzete eta Galesen berriz coracles.

Hau da, Europako hainbat eskualdetan garai ezberdinetako testigantzak aurkitu dira eta jarraipen bat egon da Historiaurretik edo gutxienez Antzinarotik gaur egunera arte. Bestetik Estrabon, Plinio, Avieno, Isidoro Sevillako eta Gerald Barri-ren aipamenetan ahoberokeriak eta subjektibotasuna egongo direla kontuan hartuta ere itsasontzi horiek nahiko sendoak eta erabilgarriak izango zirela ere ondorioztatu daiteke.

 Gure historia propioa eta Euskal Herriak munduko itsas-historian izan duen lekua aldarrikatzeko, ikerketak egite jarraitzea beharrezkoa da, bai dokumentazio historikoan eta bai indusketa arkeologikoetan oinarrituta

Euskal Herriari dagokionez are gutxiago ezagutzen ditugu larruzko itsasontziak. Hala ere badago zeharka larruzko ontziak hemen ere agian erabiliko zituztela adierazi dezaketen zantzu batzuk ere. Besteak beste Lekeitioko Santa Katalinako kobazuloaren kasua aztertzen badugu, Magdalen aldiko eta Azil aldiko (duela 12.000-8.000 urte bitarteko) iktiofauna aztarnen artean tamaina handiko bakailao, izokin eta pleuronektiformeen (mihi-arrainen familiakoak) hezur pila bat agertu zirela konturatuko gara. Hau da, kasu askotan arrantzaleak itsasoratzea derrigortzen dituzten arrain motak, nekez arrantzatu daitezkeenak lurretik. Bakailaoetako batzuk 20kg-tik gora pisatzen zuten eta metro bat baino luzeagoak ziren gainera. Pinguinoak ere ehizatzen zituzten esate baterako, ziurrenik lurretik gerturatu ezkero errez ihes egin zezaketen animaliak. Beraz larruzko txalupak erabiliko ote zituzten itsasoratzeko? Airean uzten dugun hipotesi bat baino ez da, momentuz oinarri sendo gabea, baina zalantzarik gabe interesgarria izango litzatekeena aztertzea. Ez hori bakarrik, gaur egunean adibidez Adour ibaian eta Galizian ikusten baldin badira larruzko txalupak, sinesgarria da historian zehar Bizkaiko Golkoan ere erabili izana. Etorkizunean indusketa arkeologikoak burutu, testuinguru historikoarekin erlazionatu eta atzerriko ikerketak kontuan hartu beharko dira geroz eta gehiago ezagutu ditzagun.

 

Beraz sagatxo hau laburbilduz, euskaldunok itsas-tradizio luzea daukagu eta beti kanpo-arrazoiekin justifikatu beharrean gure historia ere kikildu gabe aldarrikatu beharko genuke. Hau da, Euskal Herriak munduko itsas historian daukan leku txiki edo ez hain txikia aldarrikatu eta lau haizetara zabaldu behar dugu. Horretarako etorkizunean ikerketak egitea derrigorrezkoa izango da, bai dokumentazio historikoan eta bai indusketa arkeologikoetan oinarrituta batez ere.
 

BIBLIOGRAFIA

-    Alonso Romero, F. (1995); “Las embarcaciones y navegaciones en el mundo celta. De la Edad Antigua a la Alta Edad Media”, Guerra, exploraciones y navegación: del mundo antiguo a la edad moderna, Curso de verano (U.I.M.P., Universidad de A Coruña) 1994ko uztailaren 18tik 21era (koord. V. Alonso Troncoso): Ferrol, 111-146 orr.
-    Alonso Romero, F. (2011); “Las embarcaciones prerromanas del área atlántica europea”. Anuario Brigantino 2011, 34, Concello de Betanzos: Betanzos, 93-158 orr.
-    Avieno (siglo IV. d.C.); Ora Marítima, Rius Serra (Itzulp.), López Cuevillas, F. (1953): “La Oestrimnida y sus relaciones marítimas”, Cuadernos de Estudios Gallegos, XXIV Bol., Instituto de Estudios Gallegos Padre Sarmiento <CSIC>, Santiago de Compostela, 5-44 orr.
-    Berganza, E. eta Arribas, J. L. (2016); “Beti eskamak kentzen. Santa Katalinako kobako arrantzaleak”. Kurik. Ate zulotik ikusten da… Lekeitio (Koord. A. Iturbe Gabikagojeaskoa), Lekeitioko Udala: Lekeitio, 8-14 orr.
-    Elorza Espolosin, M. (2014); “Explotación de aves marinas en el tardiglacial del Golfo de Bizkaia: las aves de Santa Catalina”. KOBIE Serie Bizkaiko Arkeologi Indusketak-Excavaciones Arqueológicas en Bizkaia. La cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia): la intervención arqueológica. Restos vegetales, animales y humanos, 4., Bizkaiko Foru Aldundia-Diputación Foral de Bizkaia: Bilbo, 263-296 orr.
-    Estrabón (siglo I d.C.); Geografía, III. Bol: V-VII Liburuak, Meana, J. eta Piñero, F. (Itzulp.) (1992). Editorial Gredos: Madril.
-    Isidoro de Sevilla (VII. mendea); Etimologías. XIX. Los buques las casas y los vestidos, (1983), Biblioteca de Autores Cristianos, II. Bol., Madril.
-    Plinio (siglo I d.C.); Historia Natural, H. Rackham (Itzulp. ingel.) (1938-1963): The Loeb Classical Library London, García y Bellido, A. (1947): La España del siglo primero de nuestra era según P. Mela y C. Plinio.
-    Rosello Izquierdo, E. eta Morales Muñiz, A. (2014); “Las ictiofaunas de Santa Catalina (Lequeitio, Vizcaya): un registro singular para la Prehistoria cantábrica”. KOBIE Serie Bizkaiko Arkeologi Indusketak-Excavaciones Arqueológicas en Bizkaia. La cueva de Santa Catalina (Lekeitio, Bizkaia): la intervención arqueológica. Restos vegetales, animales y humanos, 4., Bizkaiko Foru Aldundia-Diputación Foral de Bizkaia: Bilbo, 161-262 orr.