Euskal Herriko historia tradizionalean mito ugari daude. Horietako bat bikingoen euskal kostaldeko ustezko asentamenduetan eta ontzigintzako jakinduriaren transferentzian oinarritzen da. Aspektu biak zalantzan jarri beharko genituzke ez baitira ez dokumentalki ez arkeologikoki sostengatzen eta bestelako iturri fidagarri batzuk hartu beharko genituzke kontuan hipotesi berriak planteatzeko.
Euskal Herriko historian beste leku guztietan bezala mito historiko ugari daude eta horietako bat bikingo-normandoekin lotuta dago. Gure kostaldeak arpilatu, bertoko zenbait tokitan egonkortu (IX. mendea baino beranduago esaten da baina ez dago zehaztuta) eta ondorioz sasoi hartako euskaldunei ontzigintzako ezagutza berri bat transferitu zietela esaten da. Hobeto ulertzeko kultura honi buruzko zenbait pintzelada emango ditugu. Baregoak, bikingoak eta normandoak Eskandinavian jatorria zuten herri germaniarrak ziren eta VIII. mendetik XI. edo XII. mendera artean Europan, Afrika iparraldean eta Amerika ipar-ekialdean nabigatu zuten, hau da, itsas-kultura oso errotuta zeukaten. Tradizio horren adierazpen esanguratsuenetako bat buruzagien hilobiak ziren izan ere egurrezko ontzietan edo ontzi formako harrizko egituretan sartuta lurperatzen zituzten. Honi esker itsasontzi bikingoak heldu zaizkigu gaur egunera arte eta haien ontzigintza teknologia hobeto ulertzen dugu. Hilobi horietako batzuk XIX. mendetik gaur egunera arte induskatu dira eta horien artean daude honako hauek: Gredstedbro, Oseberg, Graveney, Skuldelev, Tune, Gokstad, Hedeby, Ladby eta Gjellestad.
Erdi Aroko herri nordikoen herentzia nagusia drakkar, snekkar, knorr, nef eta antzeko ontzi motak eraikitzeko erabiltzen zuten ontzi-krosko teilakatua edo trinkatua izan zen. Teknika hau gila eta errodetatik (txopa edo popa eta branka simetrikoak direnean), edo gila, erroda eta ukondotik (codaste) hasita zurezko oholak errematxeen bitartez gainezarrita edo teilakatuta armatzean zetzan. Hau da, koadernak edo beste modu batera esanda barangaz eta jobaltaz edo genolez eraikitako ontziaren hezurdura bigarren mailako finkatze-elementua zen. Zuaker batetik bestera espazio handia mantentzen zen eta ez zeuden gilan finkatuak; solte zeuden. Krosko mota honekin egindako ontziek Atlantikoko olatu-enbata gogorrak ondo eusten zituzten Mediterraneoko ontziekin alderatuta. Are gehiago, ebaki berri zegoen egur hezez ere eraiki zitezkeen eta ez zuten iragazkortasunik galtzen. Hala ere teilakatze teknikak dimentsioa mugatzen zuen ontzi mota zaharrenetan, hau da, txopa eta branka simetrikoak zirenean, istriborreko eta ababorreko aldeek ilargi erdi forma zeukatenean.
XIII. mendeko euskal itsasontzi baten maketa
Tradizio honetako beste ezaugarrietako bat arraun lema edo istriborreko hegala zen. Gerora Behe Erdi Aroan txopan zentratu zuten lema eta korasta lema (gazteleraz timón de codaste) edo lema axiala izatera pasatu zen. Ondorioz Txopako erroda zuzena izatera pasatu zen, hau da, jada ez zen brankakoarekin simetrikoa eta horrek lemari joko gehiago ematen zion. Gila ere orain zuzena zen, ontzia azkarrago mugitu zitekeen eta itsasontziaren jitoa gutxitzea lortu zuten. Harrigarria da espresuki Euskal Herriko ontziei erreferentzia egiten zietenean mota honetako lemari baionatar lema edo nafartar lema ere esaten zitzaiola. Azkenik, txopako eta brankako gazteluak gehitu zitzaizkion (normalean behintzat txopakoa izaten zuten) eta propultsio sistema bela karratuko masta luze eta bakarrean oinarritzen zen. Garai honetan oraindik ontzigain edo kubierta bakarra zeukaten ontziek.
Baina non oinarritzen da euskaldunen eta bikingoen arteko ustezko lotura? Bada tradizionalki esplorazio eta arpilatze kanpainetako batean Lapurdira iritsi eta bertan finkatu egin zirela esaten da 844 eta 1023 urteen bitartean. Hau da, Antso VI.a Gilen Baskoniako dukeak (gazteleraz Sancho VI Guillermo) Nafarroako erregearen jurisdikziopean kanporatu zituenera arte. Baiona hiriburu gisa izendatu zuten eta 1125ean forua esleitu zitzaion. Gerora, Akitaniako Leonor dukesa Enrique Plantagenet edota Enrique II. Ingalaterrakoarekin ezkondu zen 1152an eta beraz 1155an Lapurdiko lurraldea Ingalaterrako koroaren administraziopean geratu zen. Azkenik 1450ean Karlos VII.a Frantziako erregeak bereganatu zuen.
Baionako katedraleko ganga-giltzarrietako batean irudikatutako XIV. mendeko itsasontziaren maketa
Beraz lapurtarrak eta orokorrean euskaldunak XI. edo XII. mendetik aurrera industria horretan nabarmentzen hasi eta ontzigintza-jakintza alde bitatik eskuratu zutela diote hipotesi zabalduenek. Alde batetik zuzenean Baionan ustez asentatutako bikingoengandik eta bestetik beranduago konderria Ingalaterraren menpe egon zenean, Normandiarekin edota Ingalaterrarekin mantendutako merkataritza erlazioen ondorioz. Gogoratu Gilen Konkistatzaileak edo Gilen I.a Ingalaterrakoak (lehenago Gilen II.a Normandiako dukea) Ingalaterrako normandoen leinua finkatu zuela eta era berean normandoak bikingoen ondorengoak zirela.
Lapurtarrak eta orokorrean euskaldunak XI. edo XII. mendetik aurrera (...) ontzigintza-jakintza alde bitatik eskuratu zutela diote hipotesi zabalduenek. Alde batetik zuzenean Baionan ustez asentatutako bikingoengandik eta bestetik beranduago konderria Ingalaterraren menpe egon zenean, Normandiarekin edota Ingalaterrarekin mantendutako merkataritza erlazioen ondorioz.
Bestetik, IX. eta XII. mendeen arteko garaia aztertu zuten lehenengo ikerlariek iturri musulmanetan aipatzen ziren mayus-ak (suaren gurtzaileak) eskandinaviarrak izango zirela interpretatu zuten eta hortik baita hauek Baionako eta Urdaibaiko moduko kostaldeko guneetan egon eta finkatu zirela. Esaterako Julio Caro Baroja ikerlariak alde batetik erreinu musulmanetako iturri idatziak eta Leskarreko Kartularioko dokumentazioan aipatzen diren pirata normandoen erreferentziak kontuan hartuta, eta bestetik IX. mendeko Kondaira Txikia eta ondorengo San Leonen Kondaira Handia aintzat hartuta, Baionako bikingoen asentamendu hipotetikoa benetakotzat jo zuen eta baita hurrengo ikerlari belaunaldiek ere. Zertan datza Baionako kondairak? San Leon santu legendario bat da zeina baskoiak ebanjelizatzera eta gotzaindegi bat fundatzera etorri omen zen. Kondairaren arabera bikingoek burua moztu zioten Baionan IX. mende amaieran. Alabaina ez dago datu historikorik bere existentzia bermatzen duenik. Anakronismoz beteriko eta sinesgarritasun gutxiko istorio bat baino ez da.
Beraz oinarri hauek ez dira fidagarriak eta hipotesi hau ez da ez iturri idatziekin ez arkeologikoekin mantentzen. Are gehiago, Claudio Sánchez Albornoz historialariaren ustez mayus-ak kostaldeko tokiko biztanleak izan zitezkeen. Euskal suaren gurtzaile idolatrak eta ez bikingo-normandoak. Laburbilduz, autore askok oinarri historiko-arkeologikoa begiratu gabe zuzenean onestu dituzte euskal kostaldeko bikingo-normandoen asentamenduak eta ontzigintza tekniken transmisioa.
Bikingoen erasoaldi baten lekuko izan daitekeen albiste bakarra 859. urteko García Iñiguez Nafarroako erregearen bahiketa da Ibn Hayyan historialari hispanomusulmanaren Muqtabis eta beste zenbait idazkitan kontatzen den bezala. Ez dakigu ziur erasoa iparraldetik gertatu bazen, hau da Kantauri itsasotik, edo hegoaldetik, hau da Mediterraneo aldetik Ebro ibaian zehar nabigatuz. Esan beharra dago bigarren hipotesiak sinesgarriagoa dirudiela Ebro ibaia nabigagarria baitzen. Gainera, jakin badakigu Ivar Ragnarsson edo Ivar Hezurgabea eta bere gudarostea Marokoko, Balear Uharteetako, Iberiar Penintsulako eta Galia hego-ekialdeko kostaldeak erasotzen ari zela garai hartan. Are gehiago, monarkia asturiarraren ezarpenak, Santiagoren hilobiaren asmakizunak eta honek sortarazi zuen erromes fluxuak aberastasuna sortu zuen Asturias eta Galiziako kostaldean. Beraz, ziurrenik bikingo-normandoak zonalde honetaz Euskal Herriaz baino interesatuago egongo ziren.
Krosko teilakatuaren teknologiaren harira, badakigu bikingoek jada ezagutzen zutela baina teknika hau VIII. mendea baino lehenagotik Europa atlantiarreko kostaldean ezagutzen zen
Krosko teilakatuaren teknologiaren harira, badakigu bikingoek jada ezagutzen zutela baina, lehenak izan ote ziren? Ziurrenik ez. Hain zuzen ere, europar kontinenteko hainbat lekutan eraikuntza sistema hori lehenagotik ezagutzen zela adierazten diguten aztarna arkeologiko batzuk existitzen dira.
Zaharrenak Antzinarokoak dira, esate baterako Danimarkako Als uhartean aurkitutako III. mendeko Hjortspring-eko ontzia. Baita esaterako Nydam-eko itsasontzi biak ere. Gaur egunean bakarra soilik geratzen da eta ontzi horren egurra IV. mendekoa da. Desagertutakoa berriz III. mendekoa izan zitekeela uste da erlazionatuta agertu ziren piezen ikerketaren arabera. Zalantzarik gabe tribu germaniarren artean jada mende hauetan teilakatze sistema eta ondorengo baranga eta jobalta bidezko sendotze prozesua ezagutzen ziren. Goi Erdi Aroko lehenengo mendeetan ere tradizio horrek jarraipen bat izan zuela dakigu. Horren froga dira besteak beste Gredstedbro-ko eta Sutton Hoo-ko ontziak. Lehenengoa VII. mendeko lehen erdikoa da eta Danimarkan aurkitu zen baita. Bigarrena berriz saxoi jatorrikoa da eta VI. mende amaierakoa edo VII. mende hasierakoa da.
Laburbilduz, ikusi dezakegu teknika hau VIII. mendea baino lehenagotik Europa atlantiarreko kostaldean ezagutzen zela eta esaterako germaniar tribuak (jutoak, angloak, saxoiak, heruloak, sueboak etab.) haien artean merkataritza, gerra eta ahaidetasun harremanak zituztenez, ontzigintza tradizio hau domeinu ezberdinetara zabaldu zitekeela pentsatu dezakegu. Baliteke Euskal Herrian ere ezagutu izana? Iturri idatziak urriak dira eta datozen urteetan arkeologikoki ikertu beharko den hipotesi bat da zalantzarik gabe.
Newport (Gales) hiriko XV. mendeko euskal itsasontzi euskaldunaren irudikapen digitala.
Bestetik, tradizionalki esaten da XV mendean zehar teilakatze sistema desagertzen joan zela Iberiar Penintsulan eta horren ordez hurrengo atalean azalduko dudan topekako sistemak guztiz ordezkatu zuela. Ontziteria handian badirudi baietz baina horrek guztiz desagertu zela esan nahi du? Zalantzagarria da. Galesko Newport hiriko portuan arte eszenikoetarako eraikin bat egiten zebiltzala 1450 inguruan eraiki eta 1470 urtea bueltan hondoratu zen merkataritza ontzi bat agertu zen. Ontzi horrek teilakatze sistemako kroskoa zeukan eta euskal jatorrikoa zen gainera. Beste alde batetik Gernikan, Portuzarra izenez ezagutzen den zonaldean, Urbietako pinaza aurkitu zen zeina 1450 eta 1460 bitartean hondoratu zen. 11 metro inguruko eslora zeukan ontziak eta hau ere teilakatze sistemarekin eraikia izan zen. Azkenengo adibidea ematearren, 1560ko hamarkadan Terranobako Red Bay-en ondoratu zen txalupa euskaldunetako batek gutxienez kroskoaren gorengo taulak teilakatuta ditu. Hau da XVI. mendean oraindik mota honetako kroskoak eraikiko zituztela pentsa.
Red Bay-en (Kanada) aurkitututako XVI. mendeko euskal baleazaleen txalupa. Baranga-genol sistemas eraikia dago eta gilatik hasita kroskoaren lehen lau oholak topeka ditu eta gorengo biak teilakatuak.
Hau da, XV. mende erdialdean oraindik ontzi- krosko teilakatuak edo trinkatuak eraikitzen zebiltzan. Are gehiago, hiru ontziek teilakatutako sistema daukate baina orain arte azpimarratu denaren kontrara baranga eta genoletik (eta ez kroskotik) hasitako eraikuntza sistemakoak dira. Beraz oraindik badago lana itsas teknologiako trantsizio garai hau aztertzeko.
Hurrengo atalean Behe Erdi Aroko eta Aro Modernoko euskal ontzigintzaren jatorria azaltzeko erabiltzen den bigarren oinarri garrantzitsuenari buruz hitz egingo dugu: Mediterraneoko ontzigintza tradizioa.
BIBLIOGRAFIA
- Agote, X. (2009); “Gure itsasontziak”. Bertan, 23, Gipuzkoako Foru Aldundia: Kultura saila, 1-72 orr.
- Albaola; Euskal Itsas Kultur Erakundea/Patrimonio Marítimo Vasco (2013), Albaola, La Factoría Marítima Vasca (On line), http://www.albaola.com/es. Azken kontsulta: 2020/09/29.
- Alonso Romero, F. (2011); “Las embarcaciones prerromanas del área atlántica europea”. Anuario Brigantino 2011, 34, Concello de Betanzos: Betanzos, 93-158 orr.
- Auñamendi Entziklopedia (2020); San León (On line), http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/san-leon/ar-101858/. Azken kontsulta: 2020/09/20.
- Care Evans, A. y H. Fenwick, V. (1971); “The Graveney boat”. Antiquity, 45 Bol., 178, 89-96 orr.
- Caro Baroja, J. (1981); Los vascos y el mar, Txertoa, Donostia.
- Ejstrud, B., A. Hunnicke, T., Husum, C., Korre, A., J. Maarleveld, T. eta Vafeiadou, K. (2008); The Migration Period, Southern Denmark and the North Sea. A workbook in relationship to the Gredstedbro find, Maritime Archeology Programme y University of Southern Denmark: Esbjerg.
- Erkoreka, A. (2004); “Los vikingos en Vasconia”, Museo Vasco de la Medicina y de la Ciencia, Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea, 9-40 orr.
- Erkoreka, A. (2006); “A furore normanorum. libera nos Domine. Previkingos y vikingos asolando la costa vasca (siglo V-X)”, Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 5, Untzi Museoa-Museo Naval, Donostia, 15-31 orr.
- Erkoreka, A. (2014); “Los vikingos en Euskal Herria”, Aunia, 11, Avnia Kultura Elkartea, Luyando, 8-23 orr
- Friel, I. (2018); “Three. The rise and fall of the big ship, 1400-1520”, The World of the Newport Medieval Ship. Trade, Politics and Shipping in the Mid-Fifteenth Century (T. Jones, E. <aut. y edit.> y Stone, R. <edit.>), University of Wales Press: Cardiff.
- Gifford, E. y Gifford, J. (1998); “The sailing characteristics of the Saxon ships”, Archaeonautica, 14, CNRS Editions, Paris, 177-184 orr.
- Grane, T. (2007); The Roman Empire and Southern Scandinavian- a Northern Connection! A re-evaluation of a military-political relations between the Roman Empire and the Barbaricum in the first three centuries AD with a special emphasis on southern Scandinavia, University of Cophenagen: Cophenague.
- Howell, J.K. (2003); “The Newport’s Ship”, Current Archaeology, 184, 176-181 orr.
- Izaguirre, M. y Valdés, L. (1998); “Avance de excavación del pecio del siglo XV de Urbieta (Gernika)”, Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 2, Untzi Museoa-Museo Naval: Donostia, 35-41 orr.
- Kinder, H. eta Hilgemann, W. (1986); Atlas Histórico Mundial. De los orígenes a la Revolución Francesa, Ediciones ISTMO: Madril.
- Lindhardt, C.; “The Gredstedbro ship”, Kongeastien History (On line), http://www.kongeaastien.dk/en/content/gredstedbro-ship. Azken kontsulta: 20/09/2020.
- Litwin, J. (1998); “Medieval Baltic Ships-Traditions and constructional aspects”, Beck (koord.) L’Innovation Technique au Moyen Age. Actes du Vie Congrés International d’Archéologie Mediévale (1-5 octubre de 1996, Dijon-Mont Beuvray-Chenôve-Le Creusot-Montbard), Societé d’Archéologie Médiévale: Caen, 88-96 orr.
- Pujol i Hamelink, M. (2014); “La construcción naval medieval en Cataluña (siglos XIII-XV): un mismo principio, diversos procesos”. Actas del V Congreso Internacional de Arqueología Subacuática. Un patrimonio para la humanidad. Cartagena, 15-18 de octubre de 2014, 731-745 orr.
- Rieck, F., Magnus, O., Gotche, M., Bockius, R., Grabert, R., Mücke, R., Rau, A. y Abegg-Wigg, A. (2013); Nydam Mose 4. Die Schiffe. Beiträge Zu Form, Technik und Historie, Zentrum für Baltische und Skandinavische Archäologie, Stiftung Schleswig-Holsteinische Landesmuseum: Schleswig.
- Rieth, E. (2006); “L’épave d’Urbieta (Gernika): une embarcation à clin du milieu du XV siècle. Étude préliminaire”, Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 5, Untzi Museoa-Museo Naval: Donostia, 603-616 orr.
- Rivera Medina, A. M. (1998); “Paisaje naval, construcción y agentes sociales en Vizcaya: desde el medioevo hasta la modernidad”, Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 2, Untzi Museoa-Museo Naval, Donostia, 49-92 orr.
- Roberts, T.P. (2004); “Llong Casnewydd: the Newport Ship – A Personal View”, The International Journal of Nautical Archaeology, Bol. 33, 1, 158-163 orr.
- Sánchez Albornoz, C. (1957); “¿Normandos en el País Vasco durante el siglo VIII?”, Cuadernos de Historia de España XXV-XXVI, pp. 304-316. Reed. (1976), Vascos y navarros en su primera historia, Madrid, Ediciones del Centro, 95-107 orr.
- Soberón, M., Pujol, M., Llergo, Y., Riera, S., Júlia, R. y Domínguez, M. (2012); “El Barceloneta I. Una embarcación medieval a tingladillo en Barcelona”, Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 7, Untzi Museoa-Museo Naval: Donostia, 411-422 orr.
- Sørensen, A. (2001); Ladby: A Danish Ship-Grave from the Viking Age. Viking Ship Museum: Oslo.
- Tanner, P. (2014); “Newport Medieval Ship Project. Specialist Report: Reconstructing the Hull Shape. Digital Reconstruction and Analysis of the Newport Ship”. Newport Medieval Ship. Archaeology Data Service: Newport, 1-136 orr.
- University of Oslo. Museum of Cultural History (2020); The Gjellestad excavation (On line), https://www.khm.uio.no/english/visit-us/viking-ship-museum/gjellestad-ship/. Azken kontsulta: 2020/21/09.
- Zwick, D. (2016); “Bayonese cogs, Genoese carracks, English dromons and Iberian carvels: tracing technology in medieval Atlantic shipbuilding”, Itsas Memoria-Revista de Estudios Marítimos en el País Vasco, 8, Untzi Museoa-Museo Naval: Donostia, 647-680 orr.
-