Aurreko bi sarreretan ikusi dugu Asiako hainbat kulturak –Txinak eta Japonek, baita Persiak eta Indiak ere– Europa aurkitu zutela, eta ‘aurkitzailea’ nor den eta ´exotikoa’ nor den perspektiba kontua baino ez dela. Gaur Afrikari buruz hitz egingo dugu. Tradizioz, beste batzuek idatzi dute bertako historia. Beraz, itzuli dezagun begirada: Nolakoa izango litzateke Europaren historia, Afrikako ikuspegitik idatzi izan balitz?
Egipton hasiko dugu errepaso hau, han ohikoak baitira europarren irudikapenak (zehazkiago, greziarrenak), nahiz eta esan beharra dagoen ia beti mendekotasuneko jarreran eta opariak ekarriz ageri direla. Greziar horiek, eder eta beltzaran irudikatu arren, nolabaiteko kondeszendentziaz deskribatu zituzten: ‘Zuek, greziarrok’ –esan zuen apaiz egiptoar batek VI. mendean– ‘haurrak bezalakoak zarete [...]. Oso aspaldiko tradizioaren bidez antzinatasunari buruz transmititutako sinesmenak falta dituzte zuen arimek'.
Kretarrak opariekin (kobrezko lingoteak eta galdarak), Rekhmire-ren hilobia (K.a. 1479- 1425 inguru). Iturria: Metropolitan Museum
Hegoalderago, Etiopian, bertako enperadoreak IV. mendean kristautasunera bihurtu izanak berekin ekarri zuen han Europa kristauarekiko interesa piztea. Garai hartan, Europako erresuma gehienek ez zekiten Etiopia mapan kokatzen ere, baina Etiopiako bidaiari, erromes eta enbaxadak Europa hegoaldean zebiltzan, Santiago de Compostelatik Napoleseraino, eta Avignon, Erroma eta Valentziatik igaroz. Europako historialariek behin eta berriz eta denbora askoan esan izan dute enbaxada horien helburua babes militarra lortzea zela, baina Etiopiako testuek oso bestelako kezka islatzen dute: altxor erlijiosoak lortzea eta bueltan atzerriko artisauak ekartzea, beren eliza eta monasterio ikusgarriak kristandade osoko materialekin apaintzeko.
Hainbatetan, Europan zehar bidaiatzen ari ziren etiopiarrek, bertan ikusitako ezjakintasunaz izututa, eskuliburuak idatzi zituzten teologo europarrak etiopiar kristautasunaren sofistikazioan hezteko
Etiopiako enperadore haientzat, beraz, Europa ‘kanpoaldea’ zen; Europako artisautza eta asmakizun batzuk miresten zituzten (inprenta bereziki), baina deitoratu egiten zuten Europak munduaz zuen ezjakintasuna (eta Etiopiari buruzkoa, bereziki), bai eta Europan bata bestearekin etengabe gerran ibiltzeko itxuraz zuten premia ere, denak kristauak izan arren, eta edozein gertakariri buruzko liburuak argitaratzeko joera ere bai, gertakaria hutsala izan arren. Hainbatetan, Europan zehar bidaiatzen ari ziren etiopiarrek, bertan ikusitako ezjakintasunaz izututa, eskuliburuak idatzi zituzten teologo europarrak etiopiar kristautasunaren sofistikazioan hezteko, hala nola Sagã Za'ab aditu etiopiarraren Fides, Religio Moresque Aethiopium, 1540koa.
Adua-ko gudua, 1896an armada etiopiarraren eta italiarraren artean gertatua. Etiopiarrak izan ziren garaile. Zoritxarrez, XIX. mendearen amaierara arte, Etiopiako arte guztia erlijiosoa izan zen, eta, beraz, ez zuten europarren irudikapenik egiten. Iturria: Collectie Stichting Nationaal Museum van Wereldculturen
Kontinentearen beste aldean, 1446an Nuno Tristão portugaldarra Senegal ibaiaren bokalera iritsi zenean, nazioarteko merkataritzaren aro bat hasi zen kostalde osoan zehar. Lehen kontaktuak ez ziren beti errazak izan: 1455ean Cadamosto kapitain portugaldarra Gambia ibaian sartu zenean, gezi pozoitu zaparrada batekin hartu zuten. Animoak baretu ondoren, portugaldarrek azaldu zuten merkataritzara etorriak zirela, eta gambiarrek erantzun zieten eskerrik asko, baina ezetz, iritsiak zitzaizkiela iparraldetik jende zurbilari buruzko berriak, eta berri horiei esker bazekitela objektu bitxiak eskaintzen zituztela pertsonen truke, eta berek ez zutela salerosketarik egiten kanibalekin (izan ere, nola azaldu gizakiak erosteko hainbesteko interesa, jateko ez baziren).
Hamarkada batzuk geroago, gaur egungo Ghanan, bertako erregea (portugaldarrek Caramansa izenez ezagutzen zutena) harrituta geratu zen Diego de Azambuja kapitaina iritsi zenean, itsasgizon hura ondo jantzita eta garbi zetorrelako, ordura arte ikusi zituen gainerako europarrekin alderatuta (jende ‘zikin eta gaizki jantzia, bere salgaien truke edozerekin konformatzen dena’). Europarren itxura txiroa, izan ere, gai errepikakorra da: Mungo Park eskoziar esploratzailea 1795ean Segou-ra (gaur egungo Mali) iritsi zenean, gosez eta egarriz zegoen, eta soinean zuena baino ezer gutxi gehiago zeraman jantzita; agure bat hartaz errukitu zen eta aterpea eman zion, eta horri esker iraun zuen bizirik. Atseden hartzen ari zela, herriko iruleak berari buruzko abesti bat inprobisatzen entzun zituen Parkek. Honela zioen bat-bateko kanta hark: ‘Haizeek orro egin zuten eta euriak erori ziren // Gizon zuri gaixoa, ahul eta nekatuta, etorri eta gure zuhaitzaren azpian eseri zen // Ez du esnerik ekarriko dion amarik, ez artoa ehoko dio emakumerik // Erruki gaitezen amarik ez duen gizon zuriaz’.
Benin hirian, gaur egungo Nigerian, portugaldarren etorrera pizgarria izan zen bertako artisau eta artistentzat, eta, atzerritar haien etorrerarekin beren lanentzat merkatu berri bat aurkitzeaz gain, etorri berrien itxura bitxiarekin liluratuta geratu zirenez, errege-jauregia apaintzeko letoizko plaketan sartzen hasi ziren izaki zurixka haien irudiak, beren ile lakarrarekin, sudur nabarmenarekin, arropa bitxiekin, eta buruan lumak zituztela. Plaka horietan, portugaldarrak oba-ren (hau da, Beningo erregearen) mendeko beste talde bat dira, eta askotan kobrezko ‘uztaiak’ daramatzate, garaiko txanpon eta merkataritzaren ikur zena.
Beningo errege-jauregiko letoizko bi plaka. Ezkerrean: Merkatari portugaldarrak, eskuetan ‘uztaiak’ dituztela. Eskuinean: Beningo oba (erregea) eta zerbitzari bat, eta erdian portugaldar baten irudi apaingarri txiki bat (txilibitua jotzen eta kapelan luma bat daramala).
Hegoaldeko Afrikan ere, europarren itxurak zirrara eragin zuen, nahiz eta balio estetikoari buruzko iritzi kontrajarriak sortu. Adibidez, Shaka erregeak (1787-1828), zulu errege ospetsuak, europarrak beren lurraldean ikusi ondoren, ondorioztatu zuen ‘oso trebetasun eta ondasun baliotsuak heredatu zituztela arbasoengandik’, baina, zoritxarrez, herentzia horretan ez zutela jaso ‘azal beltz ona’. Horren ondorioz, europar gaixoek ‘arropa jantzi behar izaten zuten beti, beren azal zuria, hain desatsegina, ezkutatzeko’. Hala ere, erregearen gorteko poetetako batek honako bertso hauek eskaini zizkion Henry Francis Fynn merkatari ingelesari: 'Badiako sagu-txoriak bezain ederra // Horixkak dituzte hegoak // Gure gizon zuria da, haren belarrietatik egiten du distira eguzkia'.
XVII. mendetik aurrera, Afrikako bidaiarien testigantzak esponentzialki areagotu ziren Europan. Esate baterako, Naimbanako erregearen semeak (gaur egungo Sierra Leonan), XVIII. mendearen amaieran Londresen ikasketa-bidaia bat egiten ari zela, bere kideei esan zien pozten zela ikusteaz ingelesak Londresen apur bat gutxiago zeudela alkoholizatuta, bere herrian aurkitutakoak baino. Beste testigantza ospetsu bat de Khama, Sebele eta Bathoen buruzagiena da. Hirurak Tswana buruzagiak ziren, eta 1895ean Ingalaterran izan ziren, Cecil Rhodes haien lurraldeaz jabetzea saihesteko; lortu zuten beren helburua, eta, horrela, etorkizuneko Botswanaren independentzia bermatu zuten. Britainia Handiko prentsak egunero egiten zizkien elkarrizketak, eta haietan adierazi zutenez, Victoria Erregina xarmagarria iruditu zitzaien, ‘baina ohiz kanpo txikia eta sendokotea’, eta Chamberlain idazkari koloniala, berriz, ‘duina eta ondo informatua, baina gazteegia hain inperio handia zuzentzeko’. Herrialdeari dagokionez, zubi esekiek eta jauregiek txunditu zituzten, baina batez ere belarraren berdeak eta bigunak. Hainbat hiri eta monumentu bisitatu ondoren, honako hau ondorioztatu zuten: ‘Ingalaterrak ondo zaintzen ditu bere gauzak, baina baztertu egiten du bere jendea’.
1895ean Ingalaterran izan ziren hiru buruzagi Tswana, prentsak elkarrizketatuta, honako hau ondorioztatu zuten: ‘Ingalaterrak ondo zaintzen ditu bere gauzak, baina baztertu egiten du bere jendea’.
Deskribapen horiek guztiak batuz gero, zer irudi lortzen da Europari buruz? Batez ere, etengabe gerran dabiltzan kanpoaldeko erreinuak direla, bertako jendeak higiene- eta/edo alkoholismo-arazo larriak dituela, agintari txikiak dituztela, ez dutela zaintzeko amarik, kanibalismorako joera dutela, ilea elektrokutatu berria dutela, beren zurbiltasunaz lotsatuta daudela, eta ez dituztela ezagutzen bizikidetza-ohitura oinarrizkoenak ere. Deskribapen horrek egiazko elementu batzuk badituen arren, inork ez luke onartuko Europako historiaren adierazgarri gisa, anekdota eta gaizki-ulertu kultural batzuetan oinarrituta dagoelako. Eta, hala ere, horixe da, hain zuzen ere, Afrikako historiarekin luzaroan egin dena (eta, zoritxarrez, kasu batzuetan egiten jarraitzen dena).
Gehiago jakiteko:
Europako enbaxada errenazentistei buruz: El País egunkariko artikulu hau eta Africa’s discovery of Europe liburua.
Afrikan europarrekin izandako lehen topaketei buruz: Mungo Park-en egunerokoa (Viajes a las Regiones Interiores de África). Oso interesgarria da eta eleberri baten moduan irakurtzen da.
Hiru Tswana erregeen bisitari buruz: Neil Parsons-en King Khama, Emperor Joe and the Great White Queen liburua.