Emakumezko merkatari euskaldunak: profila erakusteko hiru kasu

Janire Castrillo, Historian Doktorea. UPV/EHU.
9 MAR, 2020

Historiari, askotan, ikuspegi androzentriko batetik begiratzen zaio. Horregatik, beharrezkoa da kontakizunetan emakumeekiko sortzen diren hutsuneei aurre egiteko irakurketak egitea. Helburu horrekin, Erdi Aroaren amaieran emakumezko euskal merkatariek izan zuten rola argitara eman nahi dugu hemen. Lekeition jarriko dugu arreta, eta Toda Likona, Mari Juan Mezeta eta Maria Perez Larrinagari erreparatuko diegu. XV. mendearen amaierako hiru pertsonaia dira, eta euskal merkataritza-eliteko familietako emakumeek hainbat esparrutan izandako eragina erakusten dute.

Toda Likona andrea

Toda Likona andreak, 1515ean testamentua egin zuenean, Lekeitioko Santa Maria elizan bere amarekin batera lurperatu zezatela agindu zuen; horrek argi erakusten du zenbateko lotura zuen bere jatorrizko familiarekin. Hain zuzen, likonatarra zen, hiribilduko leinurik boteretsuenetako batekoa, eta haren familiak eragina zuen kontzejuan eta eskribautegietan. Emakume hura bere ondareagatik nabarmentzen zen, etxeak, baratzeak, mahastiak, gaztainondoak eta jantzi baliotsuak baitzituen. Ziur aski, portuko bizitzan parte hartuz elikatuko zuen ondasun hori. Izan ere, honako hauek zituela adierazi zuen: “reçibos, cuentas, mercaderias e tratos tengo como escrituras, albalas e conosçimientos padrones e cuentas” [1]

Ordurako, bazen denbora bat Pedro Saez del Puerto senarra hil zitzaionetik. Itsasontziko maisua zen hura, eta ez zuten seme-alabarik izan. Senarraren oinordetzako ondasun guztiak erabiltzeko eskubidea zuela zioen: “con derecho e facultad de poder disponer dellos libremente, a mi boluntad, commo de mis propios bienes”. Hain zuzen, askatasun hori modu adimentsu eta pragmatikoan erabili zuen. Izan ere, familia-adar bakoitzeko bi ahaide ezkongai izendatu zituen oinordeko, eta ezkontzeko agindu zien. Hirietako patrizioen egitura genealogikoa eta ondarea erabakitzeko emakumeek zer-nolako eragina zuten erakusten du ekintza horrek: 

“Dexo por mis universales herederos a mi sobrina, Domeca de Çareca, hija legitima de mi hermano Innigo de Çabala, e San Juan del Puerto, sobrino del dicho Pero Saes, mi marido, hijo legitimo de su hermano Juan del Puerto. Los quales mando que se casen en uno e consuman matremonio”

 

Lekeitio XV. mendean.

 

Mari Juan Mezeta andrea

Mari Juan andrea Iñigo Arteita Bizkaiko armadako kapitainaren arreba zen. Itsasontziko maisu hark eragin handia zuen kontzejuan eta Lekeitioko San Pedro marinelen kofradian. Juan Perez Landaren alarguna zela 1510ean bere dorretxean emandako testamentuak argi erakusten du haren aberastasuna. Era berean, askotariko jarduera ekonomikoetan esku hartu izana ere adierazten da bertan. Hori dela-eta, esan daiteke funtsezko ekarpena egin zuela bere leinuari sona ematen zion ondare multzoa eratzeko. Testamentuan titulartasun hau erregistratu zuen: “la otaba parte que tengo e me perteneçe en la nao de San Sebastian de Jauregui, maestre”. Eta argi ikusten da itsasontziak armatzen eta pleitatzen parte hartzen zuela; izan ere, adierazi zuen kobratu gabe zuela inbertitutako diru kopuru bat, hain zuzen, honako honetan inbertitutakoa: “en la armada de la carabela de Juan Martinez de Hormaegui, por lo que puse este año y en el año pasado en los biajes de la pesca”.

Era berean, burdinaren merkataritzan aritu izanaren arrastoa ere utzi zuen; izan ere, besteak beste, Pedro Olaetxek bostehun kintal zor zizkion. Gauza bera esan daiteke ardo-ekoizpenaz. Honako hau esan zuen: “tengo las quentas en mi casa de todo lo que tengo puesto”. Kontuen liburuaz ari zen, haietan baitzituen idatzita bere diru-transakzioak. [2]

Uriarte jauregia (Lekeitio). Mari Juan Mezetarena izandako dorretxearen gainean eraikia.

 

Maria Perez Larrinaga

Merkataritzari esker sortutako aberastasunagatik nabarmentzen ari ziren familiek babesletza artistikoa erabili zuten beren prestigio soziala aldarrikatzeko. Elvira Larrinagarena da adibide bat. Alarguna zen, eta 1506an bere iloba Maria Perez Larrinagaren aldeko enkargu berezi bat egin zuen. Elvirak, bere ilobaren testamentu-betearazlea zenak, ondare handi bat eman zuen Santa Maria parrokian beirateak eta koruak eraikitzeko: “las vidrieras e choros”. Trukean, eskatu zuen obra horren oinean Maria Perezen irudia eta bustoa jar zitezela, ahalik eta debozio handienarekin irudikatuta, errosarioa eskuan hartuta: “al pie de la dicha obra sea puesta la figura y busto personal de la dicha Maria Perez, lo mas devotamente que se pueda, con sus cuentas figuradas en la mano”. Hori guztia errotulu batekin batera: “se escrybiese en commo la dicha donna Maria Perez, con su azienda e vienes por memorya, abia fecho fazer la dicha obra”. Beraz, proiekzio publikoa eta Maria Perezen memoria zituen helburu, eta horretarako, botere ekonomikoaren sinbolo argia zen lengoaia plastikoa erabili zuen. Emakume burges hori Martin Martinez Atxa merkatari eta ontzigilearekin egon zen ezkonduta, eta, harekin batera, bi etxe, bi karabela, lursail ugari eta diru kopuru handiak zituen; horrez gain, etxean erabiltzeko objektuak ere bai, hala nola zilarrezko koilarak eta katiluak, zilarrezko xingolak, “botonaduras e sortijas” eta beste bitxi batzuk. Zeukan botere soziala agerian jartzeko erabili zituen horiek. [3]

Bizkaiko emakumeak elizara joaten.

 

Beraz,  hiru pertsonaia horiek erakusten dute, batetik, zer-nolako ahalmena zuten emakumeek familiaren etorkizuna egituratzean erabakiak hartzeko; bestetik, zer-nolako ekarpena egiten zuten negozioetan, aintzat hartuta negozio horiek eusten ziotela Lekeitioko merkatari-familia haien ondareari, eta ondare horrek nabarmentzen zituela; eta bestetik, zer-nolako papera jokatu zuten botere pertsonala gizartean erakusten.

 

--

[1] Enríquez, J.; Hidalgo de Cisneros, C.; Llorente, A. y Martínez, A. (1992): Colección Documental del Archivo Municipal de Lequeitio (1514-1520), t. III. San Sebastián, Eusko Ikaskuntza, doc. 199, pp. 643-652.

 

[2] Enríquez, J.; Hidalgo de Cisneros, C.; Llorente, A. y Martínez, A. (2006): Archivo Foral de Bizkaia. Sección Judicial. Documentación Medieval (1284-1520), San Sebastián, Eusko Ikaskuntza, doc. 91, pp. 296-302.

 

[3] Enríquez, J.; Hidalgo de Cisneros, C.; Llorente, A. y Martínez, A. (1992): Colección Documental del Archivo Municipal de Lequeitio (1514-1520), t. III. San Sebastián, Eusko Ikaskuntza, doc. 199, pp. 643-652.