Emakumerik gabeko historia irakatsi? Erdi Arotik Aro Modernora arteko urratsa ikasliburuetan

Janire Castrillo, Historian Doktorea. UPV/EHU.
8 UZT, 2020

Emakumeen historia, 1970eko hamarkadan sortu zenetik, garapen handiko korronte historiografiko bat izan da. Horren adibide da azken hamarkadetako ekoizpen zientifiko zabala. Arlo horretan diharduten historialari emakume nahiz gizonek ahalegin handia egin dute emakumeak berreskuratu eta kontakizun historikoan txertatzeko, eta arloa sendotzeraino.

Erdi Arotik Aro Modernora arteko iragateari buruzko ikerketek zenbait gairi lotutako alderdiak azaleratu dituzte. Hauek dira horietako batzuk: emakumeen izaera juridikoa, lan-munduan zuten askotariko partaidetza, familiaren barruan bizi zuten egoera, nola joan zen moldatuz bizi-fase bakoitzean zuten erabakitzeko ahalmena, emakumeen gizarte-protagonismoko eremuak (hala nola mezenasgoa), eta komentu eta serorategietatik hedatutako espiritualtasuna eta erlijiotasuna. Azken urteotan, beste arlo batzuk ere hasi dira aztertzen, hala nola “reginalitatea” (erreginen autoritatea) eta “emakumeen kereila”, XIII. eta XVIII. mendeen artean Europako hainbat lekutan azaleratu zen misoginiari erantzuteko mugimendua.  

Baina... lortu al da mundu akademikoaren ezagutza hori guztia irakaskuntzaren mundura transferitzea? Ikasliburuetan kontatzen den eta eskoletan belaunaldi berriei transmititzen zaien historiak bere egin al ditu jakintza horiek? Ez, oraindik ez.

 

Ikasliburuetako edukien analisia eta kritika genero-ikuspegitik

Gaur egungo material didaktikoak, eta, bereziki, ikasliburuak, hainbat arrazoirengatik dira kritikagarriak genero-ikuspegitik. Lehenik eta behin, eduki politiko-instituzionaletan ainguratuta jarraitzeagatik. Adibidez, Erdi Aroa lantzen dutenean, eskuarki erresuma bisigodoaren garapenean, Al-Andalusen edo erresuma kristauen hedapenean jartzen dute arreta, baita gizarte estamentalean, gremioetan, Donejakue bidean eta arte erromanikoan eta gotikoan ere. Aro Modernoari buruzko unitateetan, berriz, Amerikaren konkista, Hispaniako monarkia eta Austriako Etxearen eta Borboien erregealdiak nagusitzen dira, Humanismoaren garapenarekin, Errenazimentuarekin, Barrokoarekin, Urrezko Mendearekin eta beste gai batzuekin batera.

Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako liburuek inondik inora ez dute emakumeen historiari zuzenean lotutako gairik jasotzen, hala nola ugalketari, hazkuntzari, emakumeen soziabilitate-espazioei, haien harreman-sareei, haien ogibideei eta jakintzei buruzkorik. Hala, tradizioz emakumeei lotuta egon diren funtzioak eta espazioak ez dira eremu garrantzitsuak eta esanguratsuak historian.

Horregatik guztiagatik, liburuetan beti agertzen da emakume gutxiago gizon baino, bai testuetan, bai hura osatzen duten ilustrazioetan.

Testuetan, oso emakume gutxiri egiten zaie aipamena izen propioarekin. Erdi Aroan, Teodora enperadorea eta Elisabet erregina Katolikoa bakarrik aipatzen dira. Modernitatean, erregina gehiago agertzen dira, Joana Eroa eta Maria Luisa Parmakoa kasu, bai eta idazle mistikoak ere, hala nola Santa Teresa Jesusena. Izen horiekin, historiari “ekarpen” bat egiten zaio askotan, hau da, emakume gutxi batzuek “gizonen mundu” batean izandako aparteko rolaz hitz egiten da, eta ez da azaltzen zer egiten zuten gainerakoek eta zergatik ez ditugun esparru jakin batzuetan parte hartzen aurkitzen.

Liburuetako irudietan ere handia da sexu bateko eta besteko pertsonaien arteko proportziorik eza, emakumeak gutxitan iristen baitira %20ra. Gainera, kontakizun ikonografikoan atxikitzen zaizkien funtzioek ez dute laguntzen emakumeak askotariko kolektibo bat zirela irudikatzen, eta gizarte-ekintzako beren arloak eta kultura-sortzaile gisa zuten eginkizuna ere ez dituzte ikusarazten; aitzitik, batzuetan, genero-estereotipoetan erortzen dira edo ez dituzte aipatzen.

Ilustrazioetan normalean islatzen ez den alderdietako bat emakumeek botere-eremu jakin batzuetan zuten presentzia da; adibidez, estamentu-piramidearen gailurrean egon ziren emakume feudalak eta abadesak ez dira ageri ohi, ez eta beren komunitateetan eragin handia izan zuten merkatariak ere:

Euskal Herriko argitaletxeen Lehen Hezkuntzako ikasliburuetako ilustrazioak I

 

Era berean, batzuetan, gizonak bakarrik agertzen dira artisau-tailerren eta gremio-etxeen arduradun gisa, eta gauza bera gertatzen da eraikuntza-lanetan ere; hau da, alde batera uzten da garai hartan esparru horietan emakumeek zuten presentzia zabala. Baina ez hori bakarrik; izan ere, ez da ohikoa emakumeen lanbideei buruzko aipamenik aurkitzea, ahaztu eta isildu egiten baitira:

Euskal Herriko argitaletxeen Lehen Hezkuntzako ikasliburuetako ilustrazioak II

 

Ikasliburuetan kritikagarria den beste alderdi bat da emakumerik ez dela agertzen garai hartako kultura-adierazpen batzuk azaltzen direnean, hala nola monasterioak eta Donejakue bideko erromesaldiak azaltzen direnean, espazio maskulino huts gisa irudikatzen baitira:

Euskal Herriko argitaletxeen Lehen Hezkuntzako ikasliburuetako ilustrazioak III

 

Zenbait proposamen

Beraz, baiezta daiteke gaur egungo ikasliburuek joera androzentrikoa duen kontakizun historikoa egiten dutela. Ondorioz, beharrezkoa da horietan agertzen diren pertsonaia femeninoak eta maskulinoak kopurutan orekatzea, absentziak eta estereotipoak iraultzea, askotariko erreferente femeninoak eskaintzea, eta, batez ere, historia politikoaz harago joan eta iraganeko alderdi sozialagoei erreparatzen dieten gai berriak txertatzea.

Askotariko baliabideak eta aukerak daude ikasgeletan emakumeen historiari heltzeko, eta, orain, hemen, hiru ideia agertuko ditugu Erdi Arotik Aro Modernora doan aldirako:

a. Boterea eta eragina izan zuten emakumeak: andre feudalak, abadesak eta merkatariak. Emakume horiek, adibidez, aztarna ugari utzi dituzte tokiko ondarean, eta aztarna horiek ildo nagusitzat hartuz, proposamen didaktikoei zentzua ematea da aukera bat: Maria Diaz de Harori eskainitako kalea Bilbon, Aiaratarren leinuko andreen hilobiak Arabako Kexaako monasterioan, Maria de Mendozaren dorretxea Martiodan...

b. Emakumeen lanen mundua. Emakumeen lanbideen zerrendak erabilita (labezainak, errekardariak, emaginak, serorak...), ikasleei eska dakieke aztertzeko zer ziren lanbide horiek. Horrekin batera, emakumeen soziabilitate-espazioak identifika daitezke: iturriak, garbitokiak, labeak, merkatuak, serorategiak, komentuak...

c. Emakumeen kereila. Testu-zatiak azter eta eztabaida daitezke, adibidez, Cristina da Pizzanoren Damen hiria (1405) lanetik ateratakoak, mugimendu horretako pertsonaia garrantzitsua izan baitzen. Iragana eta oraina lotzeko saiakera egin daiteke, lehengo eta oraingo emakumeen egoera eta posizionamenduak alderatuz.