Emakumea eta itsasoa Euskal Herrian

Miren Aintzane Eguiluz, Bilboko Ingeniaritza Eskola -Nautikako eta Itsasontzi Makinetako Eskola Teknikoa, Portugalete
13 AZA, 2019

Historian zehar emakumea gutxietsia izan da orain gutxira arte, eta Euskal Herrian ez da emakumeari buruzko azterketarik egin orain dela hamarkada gutxi batzuk arte. Historikoki dagokien lekua betetzeko garaia da, baita itsasoan ere.

Hainbat pentsamendu-korronteren eraginez, liberalismotik hasi eta sozialismora arte, emakumeari buruzko ikerketen izaerak bilakaera bat izan du, eta horrenbestez, egun ez da “emakumeen historiaz” hitz egiten, “genero harremanen historiaz” baizik; esapide egoki hori baliagarria da emakumearen historia ezinbestean gizonezkoaren historiari lotua dagoela azpimarratzeko; gizonak emakumearekiko botere-harremana ezarri du beti, zapaltzaile rolean, eta emakumea, berriz, mendekoaren rolean. Izan diren ikerketa-ildoei jarraiki, orain dela hamarraldi gutxi batzuk arte uste izan da emakumeak itsasoarekin zuen harremana zeregin jakin batzuetara mugatzen zela: arrantzaleen emazteek historikoki lehorrean bete izan dituzten lanak, itsasoko merkatarien emazteak, emazte gutxi batzuk senarrari ematen zioten laguntza nahiz desagertutako senarraren ordezkari-lanetara mugatzen ziren alargunak. Itsasoa gizonen esparrua jotzen zen….baina horrek ez du esan nahi emakumea ez zenik saiatzen itsasora gerturatzen.

https://elkanofundazioa.eus/site/assets/files/1391/1a__sardineras_de_ondarroa.1010x0-is.jpg

Arrain-saltzaileak, Ondarroa, (Panne Maker), (1880?). Zumalakarregi Museoa.

 

Euskal kostaldera hurbilduz gero, baiezta dezakegu emakumeak ez zirela itsas zabalera ateratzen, eta halaxe da, baina horrek ez du esan nahi itsasontzi propiorik ez zutenik, batzuk nabigazio-jakinduriarik ez zutenik, kosta-eremuan salgaiak garraiatzen ez zituztenik, bakailaoa, burdina eta beste objektu batzuk ontziratzen ez zituztenik, bidaiariak leku batetik bestera eramaten ez zituztenik…Maila askotako emakumeek askotan hurbildu behar izan zuten itsasora, nahiz eta beren mugak izan, eta horrela, kostetara hurbildu ziren biziraupen estrategiak aurrera ateratzeko. Hilabete luze edo urte askotako bidaietan itsasoratzen ziren gizonen faltak biziraupen egoeran uzten zituen emakumeak, eta ondorioz, gizartean onargarria zenaren mugetan ibiltzen ziren, bazterkeriaren atalasean.

Aitzindari horiei buruz hitz egiten duten azterlanak oso gutxi dira gaur egun, eta gehienak arrantzaren arlokoak dira: arrantzaleen emazteei buruzkoak eta arraina saltzen ibiltzen zirenei buruzkoak, azken horiek arrantzaleen alaba edo emazteak. Azterlan historikoak baino gehiago etnologikoak dira, eta, XIX. mendera arte egiten dute atzera gehienez. Baina emakumea ez da itsasoan bat-batean agertu XX. mendean, aitzitik historia osoan zehar saiatu da itsasora gerturatzen, eta gizonezkoen esparru itxi horretara gerturatzeko emakumeek egindako ahaleginaren eredu ona da Euskal Herria; baina ahaleginak ahalegin, emakumea ezgaia, desegokia eta gizonezkoak baino gutxiago jo zen itsasoarekin lotutako edozein funtzio betetzeko.  

https://elkanofundazioa.eus/site/assets/files/1391/2a__sardineras_santurtzi-_1896.1025x0-is.jpg

Sardina-saltzaileak itsasoko arroken artean Santurtziko arrantza-portuan, Lo Liso eremuan. Juan Antonio Cortés García de Quevedoren argazkia, 1896. Burgosko Udal Artxiboa.

 

Ironikoa da nola, alde batetik, etxeko eremura baztertzen ziren, beren ahotsari publikoki betoa jarriz, eta era berean, idealizatu egiten ziren, gizonezkoen ohiko ezaugarriekin estaliz, hala nola indarra eta ausardia, gizonezkoen ispilu; eta, bestetik, emakume polit, garbi, emazte eta ama on gisa aurkezten dira, garai hartako ereduaren arabera. Etxeetako sostengua ziren eta emakumeen lana ondo ikusia zegoen etxearen mantenurako, baina, beti ere, gizonezkoek gainbegiratzen zuten neurrian, izan familiako gizonak edo instituzioak.  Lana euskaldunen ezaugarria zen, kapareak guztiak, eta horrenbestez, emakumearen lana, bereziki etxeko esparruan, gizonen lanaren isla ere bazen, lanerako gogoaren eta sendotasunaren isla; landako lana eta arrantzarekin lotutako lanak naturaltzat jotzen ziren. Ikuspegi tradizional hartatik ihes egiten zuten lanak beste gauza bat ziren, gizona falta zenean egiten ziren edo, zuzenean, gizona diru-sarreren iturri gisa ordezkatzeko; bestelako lan horiek maila guztietako emakumeek egiten zituzten, hala ezkongabeek nola ezkonduek edo alargunek, eta horrenbestez, gizonezkoek egin ohi zituzten lanak egiten zituzten: txalupariak, ontzijabeak, pleitatzaileak, zamaketariak…

Aro Modernoan, eta zehazki XVI. mendean, Juan Sebastian Elkanok bidaia hasi zuen garaian hain zuzen, oso ohikoa zen emakumeek soldatapeko lanak izatea familiaren mantenuan laguntzeko edo, ezkongabeen kasuan, ezkontzea ahalbidetuko zien ezkonsaria pilatzen joateko. Baina emakume langileekiko mesfidantza handia zen, batez ere gizonezkoen zaindaritzapean ez zeuden emakume ezkongabeak zirenean, ezkutuan legez kanpoko jardueretan ari zintezkeelako. Erdi Aroa amaitzear zegoen garai hartan, emakumeen lana beharrezkoa zen, baina gizonezkoen mendeko luzakin gisa ikusten ziren.

https://elkanofundazioa.eus/site/assets/files/1391/3a__bateleras_pasajes-_siglo_xix.1125x0-is.jpg

Pasaiako batelariak, XIX mendea, Zumalakarregi museoa.

Kontuan hartuta Euskal Herriak portu ugari dituela eta itsasoa dela lurraldearen garapen ekonomikorako jarduera-arlo garrantzitsuenetakoa, emakume asko oso goiz hasi ziren hainbat lanbidetan, besteak beste, txalupari, gabarrari, zamaketari, merkatari edo ontzijabe, eta horrela leku bat lortu zuten itsasoko gizonen artean. Lanbide horiei eskerrak, askotan senarren falta arintzea eta familia mantentzea lortzen zuten, baina emakumeek egindako lanei inoiz ez zitzaien eman gizonezkoek egiten zituzten lanen balio bera, eta askotan, emakume horiek gizartean onargarria zenaren mugetara eraman zituzten.