Munduari lehen biraren V. mendeurrenean, Elkanoren itsas biraren inguruan bestelako teoriak ere entzuten dira. Enrique Malaca, Magallanesen jopua, izan ote zen lehena? Ala Zheng He, Txinako marinela, esploratzailea eta militarra? Artikulu honetan hipotesi berri bat planteatzen dugu, hainbat testigantzatan oinarrituz proposatutakoa: baliteke munduari bira eman zion lehen pertsona emakumea izatea. Magallanesen jopua eta interprete izanik, globoaren inguruko itsas bira bi zatitan eta bidaiari moduan egingo zuen –Enriqueren bidaian planteatzen den moduan–.
Munduari lehen biraren 500. urteurrena gerturatzearekin batera, Elkanoren aurretik beste norbait izatearen aukerak ugaritu egin dira. Gehienak zentzugabeko istorioak edo gorritzeko moduko manipulazio landugabeak dira; baina bada bat, frogarik ez izan arren, gutxienez, sinesgarritasuna duena: Magallanesen jopu batek, Enrique Malacak, Lurrari itsas bira bi zatitan eta “bidaiari” moduan egin ahal izan zuela.
Teoria horrek oihartzun handia izan du, historian Europakoak ez direnen papera nabarmentzeko interes logikoaren barnean. Eta erabat frogatuta ez egon arren, askok frogatutzat ere eman dute. Hori baieztatzen dutenek Filipinak uharteetan interprete lanak egin zituela diote eta, beraz, lehen han egona zela ondorioztatzen dute. Hori ez da horrela. Testigantza guztiek baieztatzen dutenez, Enrique malaysieraz komunikatzen zen, europarrak iritsi baino askoz lehenago eskualde kosmopolita, komertzial eta marinel bateko lingua francaz. Batzuetan, bigarren interpretea ere behar izan zen, bere solaskideak ez zuelako malaysiera ezagutzen.
Malakako biztanleak. Akuarela. Códex Casanatense portugaldarra.
Horrela, Maximiliano Trasilvanok, munduari lehen biraren kronika baten egileak, hau idatzi zuela ikusi dugu: “…Magallanesek Moluka uharteetako jatorria zuen jopu bat zeukan […]Malaka hirian […]erosi zuena, […]eta Espainiara ekarrita, espainiera irakatsi zion, ezin hobeki ikasi zuena, eta hitz-jario handiz hitz egiten zuena. Jopu honen bitartez Magallanesek ulertu eta hitz egin zuen Subuth (Cebu) uharteko erregearekin, ez jopuak lurralde hartako hizkuntza ezagutzen zuelako. Subuth-eko erregearekin ordea, bazegoen Moluka uharteetan egondako indiar bat, eta oso ondo zekien malaysieraz, eta Magallanesen jopuak eta horrek elkar ulertzen zuten”.
Bestalde, Ginés Mafra-k, Trinidad itsasontziko marinelak eta bidaiaren bere kronika propioaren egileak, hau baieztatzen du: “... (Magallanesek) Heredia izena zuen gizon bat, itsasontziko eskribaua, lehorrera joan zedin bidali zuen, haiek zeramaten indiar batekin; eta hizkuntza (interpretea) zela zioten malaysieraz hitz egiten zekielako, leku haietan guztietan oso hizkuntza ohikoa”.
Eta Pigafetta ospetsuak adierazi zuen: “Kapitainak bazuen Sumatran (Malaysia) jaiotako jopu bat […]: bere herrialdeko hizkuntzan hitz egiten proba egin zuen, eta ulertu egin zioten..."
Horrek ez du esan nahi itsas bira osatu ez zuenik. Badakigu Filipinak uharteetan geratu zela, eta handik etxera joan ahal izan zen. Baina, berriro diot, ez dago horren froga bat bera ere.
Mikronesiako gazteak, jantzi tradizionalekin.
Magallanesen bigarren interpretea
Baina, bada jende gutxik kontuan hartu duen datu bat: Testigantzen arabera, Magallanesek, gutxienez, bi interprete zituen. Eta Enrique Filipinak uharteetan geratu zen, baina handik espedizioak Borneorantz jarraitu zuen, eta, han, Mafraren arabera: “…Magallanesen jopu baten interpretazioaren bidez, gauza asko galdetu zizkioten (Borneon) […]malaysiera baitzekien, ohiko hizkuntza inguru haietan…”.
Baina inork ez du jopu horren izenik aipatzen eta, Enrique ez bezala, tripulatzaileen zerrendan ere ez da agertzen. Hori deigarria egin zitzaidan, eta hariari tiraka, Francisco Lopez Gomara apaizaren eta historialariaren kronikaren paragrafo honetara iritsi nintzen: “Bazuen Malakan egon zen jopu bat ere, uharte haietakoa izateagatik Enrique Malakakoa esaten ziotena, eta jopu emakume bat Zomatra-koa, uharte askotako hizkuntza ulertzen zuena, Malakan ere egongo zena”. Beste kapitulu batean hau ere esaten du: “Hainbeste uharte aurkitu zituzten, Uhartedi esan zietela; eta, lehenengoei, Lapurrak, hangoek ijitoek bezala lapurretan egiteagatik […], Magallanesen jopu emakumeak zioenez, ulertzen baitzituen”.
Magallanesen bigarren jopua emakumea zen.
Gomararen kontakizuna 1552an argitaratu zen eta lehenagoko kroniketan oinarrituz egina dago; kronikak, sarritan, nahastuta eta ez oso ongi interpretatuak. Baina interesgarria da Gomararen lanak beti izaera ”ez-ofiziala” izan zuelako, eta, gaur egun, galduta dauden dokumentu asko eskura izan zituelako, hala nola bidaiaren ontziko liburua, Elkanoren narrazioa, San Martinen idatziak edo Pigafettaren jatorrizko kontakizuna. Horregatik, han, bakarrak diren datu batzuk aurki daitezke; esaterako, Borneon gertatutakoaren deskribapen oso zehaztua, edo Cebu-ko segadan zortzi lagun bizirik atera zirela, eta txinatarrei (sic!) saldu zizkietela; azken datu hori bat dator Elkanok bere azken-nahian idatzia utzi zuen “aurkituz gero” San Martini legatua uztearekin, ofizialki hiltzat emana izan zenean gertakizun haren ondoren. Baita Magallanesen jopu emakumeari buruzko datu hori ere.
Beste inork ez du aipatzen. Baliteke Gomarak gezurra esatea edo norbaitek hari ziria sartu izana, baina ez da erraz ulertzen horretarako arrazoia. Edo baliteke beste iturriek gauza batzuei buruz ez hitz egitea.
Erregeak eta Magallanesek debekatu egin zuten emakumeak ontziratzea, baina, beharbada, bigarrenak ez zion araua betearazi bere buruari. Agintariaren pribilegioa, eta ez, hain justu, agintari demokratiko batenak. Eta baliteke hori bakarra ez izatea. Iritsi zaizkigun testigantzetan, sexu-konnotazioak dituen ia ezer ez da aipatzen. Sodomia praktikatzen harrapatutako maisuaren gertakaria Elkanok eta Esteban Gomezek bakarrik kontatzen dute, Cartagenaren atxiloketa azaltzeko beharrezkoa zelako. Eta badakigu, Pigafettak bakarrik esanda bada ere, Brasilen, bertako emakumeak arazorik gabe sartu izan zirela itsasontzian, eta sexu-harremanak haiekin ohikoak izan zirela. Ez dago aipamen gehiago harreman homosexualei edo heterosexualei buruz, eta ez da sinestekoa hiru urtetan gertatu ez zirenik.
Malakaren hartzea, 1511, marrazki portugaldarra.
Pedro Martir Angleria kronistak protagonistekin hitz egin zuen eta, bere “De Orbe Novo decades octo” lanean, adierazten du Cebu-ko segadaren benetako arrazoia hau izan zela: “Itzuli zirenetatik, eta horien artean, denean ibili zen Genovako gazte bat, Martin Indico, ikertu dut zer bidegabekeria egin zen Cebu-ko erregea horren errukigabeko traizioa egitera bultzatu zuena. Pentsatzen dute nahasmendu haren arrazoia adin txikiko emakumeekin izandako sexu-harremanak izan zirela, oso jeloskorrak baitira (P. Mártir. De Orbe Novo decades octo. Décade V. Liber VII. Capitulum IV). Hortaz, Espainiara iritsitakoan galdekatutako lekukoen arabera, “traizioaren” arrazoia ez zen Enrique Malaka jopuaren askatasun-ukapenaren istorio nahasia, agian, hori ere egia izan zitekeen arren; baizik eta tripulaziokoek bertako emakumeak bortxatu izana. Ez du argitzen zein zegoen orduan agintean, Magallanes ala Serrano eta Barbosa. Cabo Verde uhartedian atxiki zituztenei hartutako aitorpenetan Genovako Martin Judicibus aipatzen da; esanez, etortzen ziren hiruretako bat zela, uharteetako herri bateko portugaldarrekin hitz egiten zuela, eta kontatu ziela Espezien uharteditik zetozela. Beraz, “gehiegi hitz egiteko joera” zuela dirudi.
“Zibilizazioa” eta “egiazko erlijioa” “basatiei” eramateko borrokan heroikoki hildako martiria gorestearen nahia ez dator bat halako portaerarekin; horregatik, historiako kontakizun guztietan testigantza hauei entzungor egitea nahiago izan dute.
Bizirik atera zirenei buruz, behin etxean eta izan zitzaketen hizketaldi pribatuak alde batera utzita, sinesgarriena dirudi galdeketa ofizialetarako formula hau erabiltzea erabaki izana: “Itsasontzietan gertatzen dena, itsasontzietan geratzen da”. Hura eginkizun komertzialeko bidaia izan zen eta protagonista haiek bultzatzen zituena ez zen gogo ebanjelizatzailea, ez eta “zibilizatzailea” ere, batzuek horretan jartzen badute ere hainbesteko ahalegina; baizik eta aberastasuna eta ospea (edo erregearen barkamena) bilatzea.
Dena den, jopua emakume ala gizonezko izan, kontua da hura Bruneiraino (Malaysia) iritsi zela, eta hiriak Malakarekin merkataritza harreman aktiboa zuela. Beraz, askoz errazagoa izango litzateke munduari bira jopu horrek osatzea, Enriquek baino.
Halaber, Gomarak dio lapurren uhartean interprete lana egin zuela; dena den, baliteke topatu zituzten hurrengo uharteei erreferentzia egitea, Pigafettak biztanleei eta ohiturei buruz, deskribapen oso zehaztua egin zuen haiei buruz. Inork azaltzen ez duena, beste lekuetan ez bezala, zera da: nork egin zuen interprete lana. Mikronesia urrun zegoen Asiako merkataritza bideetatik, han ez zegoen lingua francarik; horregatik baliteke interpretea, egiaz, leku hartakoa izatea. Hala balitz, oraindik lehenago osatuko zukeen munduari bira.
Bere izenik ere ez dakigu, eta hori, historia nola idatzi den ikusita, ez litzateke harritzekoa izango baldin eta emakumezkoa izan bazen bira egiten lehena.