Zientziaren ikuspuntutik, Elkanoren bidaia ospetsuak batez ere bi gauzatarako balio izan zuen. Batetik, ideia bat baieztatzeko eta, bestetik, akats bat zuzentzeko.
Ideia, ordura arteko ideia teoriko bat, hauxe zen: mendebalderantz nabigatuz gero, abiapuntura irits zitekeela kontrako norabidetik etorrita, ekialdetik alegia. Edo alderantziz. Hau da, bidaia bat egin zitekeen Lurraren inguruan bira emanez. Onartuta zegoen lurra ez dela laua, baina inork ez zuen hori egiaztatu ordurarte bertatik bertara; inork ez zuen bidaia bera egin. Egia esan, espedizioak ez zuen helburu hori. Moluka uharteetara, espezien uharteetara, egindako espedizio komertziala eta politikoa zen. Bidaia logikoa ekialderantz nabigatzea zen, Afrikako hegoaldeko muturra inguratzea eta Indiako Ozeanoan barrena jarraitzea helmugaraino. Baina etsaiekkontrolatutako ibilbidea zen, portugaldarrek, alegia; beraz, kontrako norabidean bidaiatzeari ekin zioten eta mendebaldeko ibilbide teoriko haren bila abiatu ziren. Horregatik, azkenean, mundubira osatu zuten.
Selectorum Symbolorum Heroicorum Centuria Gemina / Neugebauer, Salomon. - Francofurti : Iennis, 1619. © Herzog August Bibliothek Wolfenbüttel
Bidaiak zuzendu zuen akatsak Lurraren tamainarekin zerikusia zuen. Mende asko ziren planeta oso modu burutsuan neurtu zutenetik, eta, harrigarria bada ere, benetako neurritik hurbil zegoen emaitza.Eratostenes de Cirenek Egiptoko bi hiritan sartutako bi hesolarekin neurtu zuen, eta Lurraren diametroa 250.000 estadiokoa dela kalkulatu zuen, gutxi gorabehera 40.000 kilometrokoa. Baina Elkanoren garaian, diametroaren neurri “ofiziala” erreala baino askoz txikiagoa zen. Eratostenes izan zen neurria hartu zuen lehena, baina ez zen bakarra izan. Haren emaitza ia ahaztuta geratu zen, Estrabon historialariak Posidoniok egindako beste neurri bat jaso baitzuen, K.a. II. mendeko beste greziar batek. Posidoniok behin baino gehiagotan neurtu zuen Luarraren diametroa. Neurketa batzuetan bentako zenbakira asko hurbildu zen arren, beste batzuetan asko desbideratu zen. Estrabonek 180.000 estadioren balioa jaso zuen Geografía liburuan, 28.000 kilometro inguru. Neurri oker hori kontuan hartuta, Magallaes eta Elkano pentsatu zuten bidaia ia amaituta zegoela gaur egun Magallaesen itsasartea deitzen duguna gainditu ondoren. Gutxienez, beste 12.000 kilometroko nabigazioa falta zitzaien, ordea, ur ezezagunetan gainera.
Mende asko lehenago, Erastostenesek planeta neurtu zuen eta emaitza harrigarri hurbil lortu zuen. Gero, Posidoniok neurketa berriak egin zituen, desbideratuagoak, baina Estrabonen bidez zabaldu ziren.
Bere garaian ezagutzen zen munduko Eratostenesen maparen XIX. mendeko berreraikuntza (Bunburyren arabera).
Ideia bat baieztatu eta akats bat zuzendu; esan daiteke horiek izan zirela zientziarako bidaiaren ekarpen handienak. Eta benetan funtsezkoak izan ziren, adibidez, kartografiaren esparruarentzat. Ez zen lur berriak eta itsaso berriak ezagutzea bakarrik. Gainera, munduaren mapa globala esfera bat irudikatzeko marraztu behar zuten.
Baina, egia esan, oso zaila da bidaia historiko batek iraultza bat eragitea zientziaren munduan.
Aitzitik, kontrakoa da; aurrerapen teknologikoei esker egin zitezkeen bidaia handiak. Horixe gertatu zen XV. mendearen amaieran eta XVI. mendearen hasieran. Erdi Aroa atzean uzten ari ziren. Itsasontzi hobeak egin zituzten. Itsasoa eta nabigazioa hobeto ulertzen hasi ziren. Eta aurrerapen handia egin zen Erdi Aroko teknologia iraultzaile txikiei esker. Iparrorratza, astrolabioa, balezta txikia, bela latinoak eta korasta-lema adibide argiak dira. Teknologia horiek guztiek aukera eman zuten haizea baliatzeko, 40.000 kilometroko ozeano-esfera batean bidaiatzeko. Bide batez, energia berriztagarri bati esker egin zen nabigazioa, energia eolikoari esker, baina, jakina, arrazoia da garai hartan ez zutela beste propultsio-aukerarik.
Bidaiak zientziari ekarpenak egin zizkiola argudia daiteke, baina, egia esan, oso zaila da bidaia historiko bakar bat iraultza izatea zientziaren munduan.
Bestalde, nabigatzaileek topatu zituzten konpondu ezin zituzten arazo batzuk, nahiz eta haiek baietz uste izan. Itsasontzia non zegoen jakitea funtsezkoa zen. Itsaso zabalean, posizioaren latitudea zehazteko baliabideak zituzten, baina ezinezkoa zuten longitudea zehaztasun handiz kalkulatzea. Ezin zuten jakin itsaso zabalean zenbateraino mugitzen ziren ekialdera edo mendebaldera. Longitudea zehazteko sekretua hasierako portuaren ordua une oro ezagutzea zen. Horretarako, beharrezkoa zen nabigazio-baldintzetan funtzionatuko zuen erloju fidagarri bat izatea; baina horrelako erloju bat eraikitzeko behar zen teknologia 300 urte geroago garatuko zen.
.
Geografoa eta naturalista. Adriaen Stalbempt. 1621-24. Padro museoa.
Nolanahi ere, zientzia nabigaziotik harago doa. XVI. mendeko bidaiek astronomian, meteorologian, biologian, nutrizioan, medikuntzan eta beste esparruetan ere lagundu zuten. Bidaiari handien kontakizunek, hala nola Elkanok, datu berriak ematen zituzten; banaka baloratu ezin diren datuak dira, baina erabat beharrezkoak zientzia pixkanaka garatzeko. Ez ziren bidaia zientifikoak izan, horrelakorik ez baitzen artean existitzen, baina zalantzarik gabe ezagutza berriaren iturri izan ziren.