Elkano, katastrofe historiografiko baten bilakaeraren eta motibazioen kontakizun laburra (3/5): nazionalismoen sorrera

Enrique Santamaría, Historialaria eta nobelagilea
2 IRA, 2020

Sorta hau osatzen duten bost artikuluetan, denboraren joanean Elkanoren inguruan hain kopuru harrigarrian zabalduriko gezurrak aztertuko ditugu. Gaurkoan, Pigaffeta-k bere kronikan —edo, zehatzago esateko, Amoretti-k 1800ean argitaraturiko testuan (Pigaffeta-ren jatorrizkoa galdu egin baitzen)— Elkano hain modu enigmatikoan ahaztu izana hartuko dugu ardatz. Amoretti Milango Liburutegi Anbrosianoko artxibozaina zen, eta haren testua susmopean egon da betidanik, benetakoa ez zelakoan, eta, hala ere, hura izan da lehen mundu-birari buruz egin diren azterlan aitortuenen oinarria.

NAZIONALISMOEN SORRERA. Pertsonaiaz jabetzea eta hura arbuiatzea. Amoretti, Eustaquio Fernández de Navarrete.

Pigafetta-ren Prima viaggio in torno al globo… kronika ospetsutik desagertu izana da Elkanoren balorazio eskasaren beste arrazoietako bat. Badakit zuetako askori harritu egingo zaizuela orain arte aipatu ez dudan hori atal honetara ekartzea, baina kontuan izan hizpide dugun narrazioa ez dela jatorrizkoa, 1800ean aurkituriko kopia bat baizik. Beraz, testua dagokion sasoiko testuinguruan aztertu beharra dago. Ordura arte galdutzat jotzen zen, eta gerora, berriz, zatika argitaratu zen: Frantzian aurrena, herrialde horren eta Espainiaren arteko gerrak beteenean zeuden garaian, nahiz ongi funtsaturiko zalantza ugari dauden pasarte horren benetakotasunaz; eta beste kronikagile batzuen aipamenetan geroago, hala nola Oviedoren iruzkinetan.

Amoretti-ren kopiaren akatsak

1800. urtean, mugimendu nazionalistak sortzeaz batera —eta kontuan izan nazionalismoak mito aglutinatzaileen premia duela—, Milango Liburutegi Anbrosianoko artxibozainak, Carlo Amoretti-k, Pigafetta-ren jatorrizko eskuizkribua aurkitu zuela zabaldu eta izenburu durunditsu hauxe ipinita argitaratu zuen: Primo viaggio intorno al globo terracqueo ossia ragguaglio della navigazione alle Indie orientali per la via d'occidente fatta dal cavaliere Antonio Pigafetta patrizio vicentino sulla squadra del capit. Magaglianes negli anni 1519-1522 ora pubblicato per la prima volta, tratto da un codice MS. della Biblioteca Ambrosiana di Milano y corredato di note da C. Amoretti. Berehala sortu ziren zalantzak ea testua benetakoa zen ala ez, eskuizkribua ortografia- eta sintaxi-akatsez josirik baitzegoen, ustez idatzia izan zen garaiko arauak aintzat harturik, eta testuaren herena zuri baitzegoen. Amoretti-k onartu behar izan zuen bere testua ez zela jatorrizkoa, Pigafetta-ren sasoian eginiko kopia bat baizik, eta horri esker, testuak bere balioari eutsi zion. Amoretti-k berak transkribatu zuen testua italiera modernora eta itzuli frantsesera, eta halaxe argitaratu zuen. XVIII. mendean sorturiko Filipinen mapetatik kopiaturiko zenbait termino geografiko ere ageri dira testuan, XVI. mendean erabiltzen ez zirenak, eta horrek sekulako ika-mikak piztu zituen: Magallaesek lehen meza zer portutan eman zuen, besteak beste. Maparekin batera zetozen irudi-orriei dagokienez, akats geografikoak esplika litezke nolabait, baina ez beste gauza batzuk, hala nola Lapurren uharteko biztanleak tiroldarrak diruditen arropekin jantzirik erakusten dituzten marrazkiak, edota bertan ageri den iltze-belarrak —eta hura lortzea zen espedizioaren helburu nagusia—, testuan xehetasun guztiekin deskribatzen den arren, zerikusirik ez izatea benetakoarekin. Horrek guztiak zer esan nahi duen? Bada, irudi-orrien sortzaileak ez zituela berak marrazturikoak sekula ikusi.

 

Narrazioari dagokionez, Magallaes hil bitarteko kontakizuna lineala, zehatza, xehetasunez betea eta koherentea da, baina espainiarrek espedizioa beren gain hartzen duten unetik aurrera, kontakizuna erabat lausotzen eta hutsunez betetzen da; esaterako, Timorren gertatua kontatzen denean. Arazo nabarmen horiek gorabehera, Amoretti-ren testua ziztuan zabaldu zen Europan barrena, eta lehen mundu-birari buruzko ikertzaile ospetsuenek hura hartu zuten oinarri, hala nola Toribio Medina-k, Francis Henry Hill Guillemard-ek (The life of Ferdinand Magellan and the first circumnavigation of the globe, 1480-1521), Zweig-ek (Magallaes) eta baita Martín Fdez. de Navarrete-k berak ere, hura izan baitzen testua benetakotzat hartu zuten aurrenekoetako bat. Eta horiekin batera, gure testua da gaiari buruzko nazio- eta mundu-mailako historiografiaren oinarri nagusia. Ikertzaile batzuek, ordea, behin eta berriro jarri dute zalantzan testua benetakoa ote den; esate baterako, James Alexander Robertson estatubatuarrak, Filipina uharteei buruzko aditu handienetako bat denak, transkripzio libreegia egin izana eta jatorrizkoa ezabarazi izana leporatu zion Amoretti-ri. Hala eta guztiz ere, ahots kritikoek sekula ez dute oihartzun handirik izan, batez ere Espainian, Amoretti-ren testua benetakoa dela eta Pigafettak bere eskuz idatzi zuela uste duten aditu gehien dituen herrialdean.

Elkanorenganako ezinikusi oinarrigabea

Lehen mundu-bira egin zuena, Juan Sebastian Elkano, behin ere ez aipatzea da kronika horretan gure arreta gehien-edo erakartzen duena. Pigafetta-k ezinikusia omen zion Elkanori, San Julian badiako gertaerengatik nonbait, eta horixe omen da, oro har eta modu aski arbitrarioan aitortzen denez, kronikan Elkano aipatu ere ez egitearen arrazoia. Aipamenik eza bera da, ordea, ideia horren oinarri bakarra; alegia, behin eta berriz errepikaturiko baieztapen horrek “arrazoibide” sakon hau du berme bakarra: “Ez al du aipatzen? Tira, ez zuen oso gustuko izango seguruena”. Ideiak ez du inolako oinarririk, noski, baina ez hori bakarrik: disparate bat da, eta gezur biribil-biribila. Izan ere, Espinosa ere ez du aipatzen, kapitain jeneral hori Magallaes-en aliatu nagusia eta San Julian badiako matxinada zapaldu zuen gizona izan zen arren. Hori aski litzateke “arrazoibidea” faltsua dela begi-bistakoa izateko. Egia esan, San Julian badiako matxinada eta hura bezain gaiztotzat jotzen den beste gertaeraren bat kenduta, Elkano bakarrik ez, espainiarrak  ere ez dira kasik aipatu ere egiten. Eta ezin esan Pigafetta espainiar guztiekin liskartuta zegoenik, ezta? Are gehiago: Pigafettak oso sarri adierazten du bere bidaiakideei zien afektu eta miresmena.

Ez aipatze hori, dena den, ez da nobedade Amoretti-ren testuan, edizio frantsesean ere bazeuden horrelakoak, nahiz ordukoak esplikatzen errazagoak izan, gerra-garaian idatzitako “pasarteak” zirelako. Jatorrizko testuan ere berdin gertatzen al zen? Seguru asko, ez. Oviedok eta kronika irakurri eta komentatu zuten enparauek ez dute aipatzen, eta, irakurri balute, atentzioa emango zien inondik ere.

Orduan, zergatik erreproduzitzen du pasartea Amoretti-k?
Lehenik eta behin, nik uste, haren testua ez da transkripzio bat: Amoretti-k, testua nolabait birsortzeko, edizio frantsesa hartzen du oinarri, Ramusio-rena, eta horri beste pasarte batzuk gehitzen dizkio, Oviedok eta beste batzuek bildutako jatorrizko testuko paragrafoak eta, beharbada, Amoretti-k berak benetan aurkitutako beste pasarteren bat. Horri esker, gainera, Pigafetta italiarraren rola nabarmentzea lortzen du, Magallaes hil eta mundu-biraren benetako protagonista hura bihurtu izan balitz bezala. Hain zuzen ere, garai hartako eta geroagoko zenbait testu italiarretan zera esaten da: mundu-bira Magallaes-i zor zaiola, eta, horretan, “Capitano Pigafetta” izan zuela laguntzaile. Sentimendu nazionalak sortzeko, gorago ere esan dudan bezala, mito aglutinatzaileak behar dira.

 

Elkanoren 'pedigri inperiala' hari buruzko lehen biografian

Espainian ere, XIX. mendeak halako irekitasun liberal bat ekarri zuen, bai eta sentimendu nazionalisten eztanda bat ere. Giro horretan, Eustaquio Fdez. de Navarretek, Martínen bilobak, Elkanoren lehen biografia idatzi zuen. Navarretek ederki asko zekien lehen mundu-biraren egileak “pedigri inperiala” behar zuela Espainian aitortza lortuko bazuen, eta bera ahalegindu zen Elkanori pedigri hori ematen. Esate baterako, koroak Elkanori ustez ordaindu ez zizkion zerbitzuei buruz, zehatz-mehatz zein izan ziren jakiterik ez badago ere, hara zer idazten duen Navarretek: «Cisneros-ek Afrikara eta Kapitain Handiak Italiara egindako espedizioetan, martxan jarri zituzten gure marinelak eta puntu-puntuan utzi Mediterraneoko portuak. Artean gaztea zen Elkano ere hantxe abiatu zen berrehun tonako bere ontzian gaizki ordaindutako zerbitzuak ematera…» Inon ere ez du esaten Elkanok gertaera haietan parte hartu zuenik, bai baitaki ez dagoela horren inolako frogarik, baina horixe da aditzera ematen duena. Haren ondorengoek ez bezala, Navarretek behintzat errespetu pixka bat bazion fideltasun historikoari.

Sorta honetako hurrengo artikuluan, historiografiak Elkano hain modu bidegabean tratatu izanaren sakoneko arrazoiak aztertu, eta ikusiko dugu Getariako nabigatzailea mito nazional bihurtzeko Navarreteren saiakera hura berehalaxe ito zuela Cánovas del Castillok. “Separatismo periferikoei” buru egin nahirik, Cánovasek, Elkano gutxiesteaz gain, historiaren orrietatik desagerrarazi zituen gainerako euskal itsasgizonak ere, hala nola Blas Lezo, Txurruka, Urdaneta eta Legazpi.

SORTA HONETAKO BESTE ARTIKULU BATZUK

ITZULERA. Zer erantzun eragin zituzten haien itzulerak eta itzulitako pertsonek beraiek: kronistak; agintariak; herritarrak. Interes politikoak eta gatazka sozialak eta ideologikoak.

IZAN EZ ZEN ILUSTRAZIOA: Martín Fernández de Navarrete.

HEGEMONIA NAZIONALISTA: Cánovas, Primo de Rivera eta Franco.

GAUR EGUNGO MUNDUA: europarrak Historiaz jabetzea errefusatzea, gatazka nazionalistak Espainian, espainiar nazionalismoaren krisialdia eta “nazionalismo internazionalisten” agerpena. Akulturazio orokorra. Mundu akademikoaren egoera Espainian.