Elkano, katastrofe historiografiko baten bilakaeraren eta motibazioen kontakizun laburra (2/5). Izan en zen ilustrazioa: Martín Fernández de Navarrete.

Enrique Santamaría, Historialaria eta nobelagilea
19 ABU, 2020

Bost artikuluko sorta honetan, ikusiko dugu denboran zehar hainbat eta hainbat gezur bildu direla Elkanoren inguruan. Gaurko sarreran, espedizioko jatorrizko testigantza guztiak galdu zirela aipatuko dugu, eta hori garbiketa sistematiko baten bidez bakarrik gerta zitekeela azalduko. Halaber, Martín Fernández de Navarrete historialariari buruz hitz egingo dugu; haren lana, baieztapen okerrez eta gezurrez betea, lehen zirkunnabigazioari buruzko espainiar historiografia osoaren oinarria da. 

Ulertzeko oraindik nola egon daitekeen indarrean hain faltsutze historiko larria, datu bat jakin beharra dago: espedizio horretako milaka agiri badaude ere, hura hornitzeko egindako erosketa txikienaren egiaztagiriak barne, Espainian galdu egin dira jatorrizko testigantza guztiak, atzerrian kopiarik ez zutenak, edo liburutegi eta artxibategi pribatuetan agertu dira kasualitatez. Beste guztiaren arrastorik ere ez dago, ez jatorrizkorik, ez eta kopiarik ere, zalantzarik gabe, egin izango baitzituzten kopiak. Eta hori ulertzeko modu bakarra da pentsatzea norbaitek garbiketa sistematiko bat egin duela.

Liburutegi Nazionala, Madril.

 

Ez ontziko libururik, ez Elkanoren idazkirik
Hasteko, ontziko liburua, Magallaesek eta Elkanok idatzia, eta Elkanok entregatua Sanlúcarrera iritsitakoan. Agiri horrek ongi gordeta behar zuen, bitxi baten pare, baina inork ez daki non dagoen edo zer gertatu zaion. Haren edukiaren zati bat bakarrik ezagutzen dugu, Maximiliano Transilvanok Salzburgoko artzapezpikuari bidalitako gutunaren oinarria delako, eta haren kopia ugari zabaldu zirelako Europan. Era berean, ez dakigu zer gertatu zen Elkanok idatzitako bidaiaren kontakizunarekin, Oviedok hura existitu zela fede ematen badu ere. Ez eta León Pancaldoren roteiro agiriarekin ere. Lehorreratu ondoren Elkanok Enperadoreari idatzitako gutuna ere galdu egin zen, baina, XIX. mendean, zenbait kopia agertu ziren zenbait hiri europarretako artxibategietan, eta horiei esker iritsi da guganaino. Orobat, ez dakigu non dauden San Martínen idazkiak; koroa portugaldarrak hartu zituen Trinidad mendean hartu zuenean, eta Espainiari igorri zizkion bi erreinuen bateratze dinastikoaren ostean. Ustez Albok idatzia den itsasbideari dagokionez ‒horrek bai, biziraun zuen‒, daten eta kokapen geografikoen zerrenda hutsa da gehienean, eta ez du bestelako xehetasunik ematen. Agian horri esker iritsi da guganaino. Bestalde, Ginés de Mafraren zerrenda Madrilgo Liburutegi Nazionalean aurkitutako eta egile ezezaguneko idazki baten barruan kasualitatez aurkitutako kopia bat da. Idazkia XVI. mendean idatzi zen, eta XIX.ean koadernatu, edukiari aipamenik egin gabe. Beste gauza batzuen artean, hura osatzen zuten irudiak falta dira. Erregeak Elkanori emandako indultua ere, eta haren beste dokumentu pribatu batzuk, fitxategi pribatu batean aurkitu ditu Borja Aguinagaldek, Eusko Jaurlaritzako Dokumentazio Ondarearen arduradunak. Beste alde batetik, “Pilotu genoar bat” (ia ziurtasun osoz Punzorol) kontakizunaren kopiak gorde ziren Parisko Liburutegi Nazionalean eta Lisboako San Frantzisko komentuan. Azkenik, Martín de Ayamonteren aitorpena Torre do Tomboko artxibategi nazionalean zegoen, Portugalen. Hori da guganaino iritsi den jatorrizko testigantza zuzen bakarretakoa, jatorri ezezaguneko kopia bat ez dena, eta bidaiako zenbait gertakari argitzen ditu. Ondoko herrialdean transkribatu eta argitaratu zuten 1933an lehen aldiz, eta 1986an ondoren, baina Espainiako edo nazioarteko historialari bakar batek ere ez zion entzuterik eman, beste behin ere partikular bati esker, Tomás Mazóni esker, hain zuzen ere, komunikabideetara iritsi zen arte. Desagertu egin dira, baita ere, Carvalhoren aurkako prozesuko aktak, Elkanok entregatu zituenak Sevillara iritsitakoan, bai eta funtsezko beste hainbat dokumentu ere, San Antonio ontzian iritsi zirenen adierazpenak, esaterako, oso luzeak zirenak, Recaldek Fonsecari idatzitako gutunean adierazten duen eran: «…ez da izan haietako bat ere [tripulatzaileak] egun erdia behar izan ez duenik [adierazpena hartzeko]». Gutun berean, honako hau eransten du ikerketa bukatu ostean: «…hain aztoramen handia eragin dit gertakari haren ankerkeriak [Magallaesen ekintza]»[1]; hortaz, imajinatu dezakegu erantzunen edukia.

Martín de Ayamonteren aitorpena, rutaelcano.com webgunearen arduraradunak, Tomas Mazonek, berriki topatua

Galduta dago, halaber, Badajoz-Elvaseko hitzaldiari buruzko dokumentazio espainiarraren zati handi bat, Elkanok aurkeztutako nabigazio-mapa eta mundu-esfera eta ordezkarien gutun gehienak barne; Elkanok goi-bileran izandako paperaren eta haren prestakuntzaren eta ezagutzaren erakusgarri ziren horiek guztiak. Oraingo honetan ere, fitxategi portugaldarrak dira han gertatutakoaren iturri hoberena, baina historialari espainiarrek ez dituzte inoiz aipatzen, nahiz eta hurbilekoak eta ulerterrazak diren. Izan ere, Juan Sebastian Elkano garai hartako kartografo, kosmografo eta pilotu hoberenekin parez pare eztabaidatzen egotea zenbait astez, eta eztabaidaren ardatz ere bihurtzea, ideia hori ez dator bat historiografia espainiarrak, oro har, aurrerago ikusiko dugun eran, Elkanori egotzi izan dion eta, inpunitate osoz tamalez, oraindik ere egozten dion irudiarekin: gizon oportunista, nabigazio-ezagutzarik gabekoa, baita analfabetoa ere, eta zoria beste merezimendurik ez zuena.

Martín Fernández de Navarrete, Elizaren zerbitzura ziharduen historialaria
Desagerpen horiei guztiei esker, askoz ere errazagoa izan zaie batzuei historia berridaztea, bakoitzak bere filien eta fobien arabera. Edo unean-uneko boterearen arabera. Espainian, zehazki, pertsona xelebre bat arduratu zen historia haren zati handiena idazteaz: Martín Fernández de Navarrete; haren izenari “Historialari ilustratua” bukaera gehitu ohi zaio maiz.

XVIII. mendeko Europan, garaiari zegokion zorroztasun zientifikoa eman nahi zitzaien ikasketa historikoei. Baina Espainian, Ilustrazio espainiarraren distira laburrak ez zuzen denborarik izan, ez eta aukerarik ere, ardura izugarriz Elizak kontrolatzen zuen historia baten lanketa eta narratiba berrikusteko. Ideia berrien eta hierarkia erromatarrak bultzatutako indar atzerakoien arteko talkak Iraultzara eraman zuen Frantzia, eta agian Espainiara ere hedatu izango zen, Napoleonen Okupazioagatik izan ez balitz. Okupazio horren kontrako borrokak kontzientzia nazional espainiar berri bat eraiki zuen, Europako gainerako lekuetakoaren guztiz desberdina, kontrakoa ez esatearren. Han iraultzaileak ziren abertzaleenak, baina Espainian, berriz, atzerakoiak jabetu ziren kontzeptu horretaz, Napoleonen kontrako borrokako pertsonaia gehienak liberalak izan baziren ere. Ezarri zen kontakizunean, espainiar abertzaletasuna muturreko erreakzionarismoarekin eta katolizismoarekin lotuta gelditu zen, eta horixe bihurtu zen berrezarpen absolutistaren ardatz ideologiko berri, eta aurrerakoitasuna eta ideia liberalak, aldiz, "Espainiaren aurkakotzat" jo ziren. Kontakizun horri eusteko, haren oinarri izango zen historia bat landu beharra zegoen, eta bere gain hartu zuen ardura hori Martín Fernández de Navarretek, arreta handiz hartu ere.

Martín Fernández de Navarrete.

 

Aristokrata bat zen, eta, bere hitzetan, Cid Campeador beraren ondorengoa zen. Gaztaroan, ilustratuen zirkuluetara hurbiltzen jakin zuen, eta haiekin identifikatua izatea lortu zuen. Frantziar okupazioan zehar, esku orotako makila izaten saiatu zen hasieran, baina 1811n, frantziarren sekulako garaipenen ondoren, San Isidroko Errege Ikasketen zuzendari postua onartu zuen, aurrerago azaldu zuen eran, behar ekonomiko larriek bultzatuta. Napoleon erori ostean, aurre egin ahal izan zien frantsestu izatearen akusazioei, Fernando VII.a errege berria Madrilera iritsi zenean hari ongi-etorria emateko testua idatziz: Fernando VII.a Errege jauna zoriontzeko otoitza, zorionez tronua hartu duelako. Errege absolutista horrek izendatu zuen Historiaren Errege Akademiako zuzendari, eta Navarretek nahieran berrantolatu zuen hura, eta akademiaren benetako sortzailetzat ere jo zuten horregatik. Liberal izanak (Fernando VII.ak honako hau esan zuen hari buruz: «liberal bat da, guztiok izan beharko genukeen eran»), erregimen berriaren zerbitzura egin zuen bere lanaren zatirik handiena, Espainiak munduan egindako “egitandi ebanjelizatzailearen” aldarrikapenean eta Eliza Katolikoaren defentsan oinarritua. Bere lan nagusia izan zen Espainiarrek XV. mendearen amaieraz geroztik itsasoz egindako bidaien eta aurkikuntzen bilduma: zenbait agiri argitaragabekorekin…, 1825 eta 1837 artean argitaratua.Trebetasun handia zuenez unean-unean boterean zeudenetara egokitzeko, harreman estua zuenez Elizarekin eta eskakizun historiografiko berriak formalki betetzen zituen beste lanik ez zegoenez Espainiako historiari buruz, erraz lortu zuen aitorpena estatuan eta nazioartean, eta gaur egun ere, oraindik, laudorio sutsuak eta hiperbolikoak zuzentzen dizkiote bere ondorengo espainiarrek.  Orobat, iraultza amerikarren ondorioz inperioak bizi izandako desintegrazio bortitzaren lekuko izan zen, eta horrek areagotu egin zituen herri-mugimenduekiko zuen ezinikusia eta gizartea eliteek zuzendu behar zutenaren sinesmena. Elite europar eta kristauek, nola ez.  Hori horrela, gizon arrunten ulertzeko gaitasun ezaren aurka borrokatu behar duten elite horien eredu bikain bihurtu zuen Magallaes. Oso hurbil sentitzen zen pertsonaia horrengandik: leinu zaharreko noblea, baina baliabiderik gabekoa, bere erregearen alde borrokatzen dena itsasoz haraindi, merezi duela usten duen saririk jaso gabe. Aitzitik, Elkanoren aginte-modua arbuiagarria iruditzen zitzaion Navarreteri, auzi garrantzitsuenak bozketaz erabakitzeko ohitura baitzuen. Bere heroia, gainera, paganoei benetako erlijioa eramateko saiakeran hil zen, haien arimak salbatzeko saiakeran. Hari esker, mitoa behin betiko finkatuta gelditu zen. Elkanok, aldiz, ez zuen “zibilizatzeko” lan horrekin jarraitu, XX. mendearen erdialdera arte mendebaldeko gizon gehienek beren betebehartzat zutena barneratu gabe. Aitzitik, lehen esan dudan eran, ez zuen inoiz inor konkistatu, ebanjelizatu edo zibilizatu. Ez zen saiatu ere egin. Eta, halere, patu bidegabeak hari eman zion munduari lehen bira emateak dakarren loria. Eta Navarrete bidegabekeria hori zuzentzen eta nor bere lekuan jartzen saiatu zen.

 

Izenburu hau jarri zion lehen mundubirari buruzko kapituluari: Bidaia Moluketara, lehena. Fernando Magallaes eta Juan Sebastian Elkanorena.Getariako plebeioak zirkunnabigazioa lortu zuela aipatu ere ez du egiten. Magallaes noblearen hagiografia bat da, bere esanetan oinarri hartu dituen iturri historikoak batere errespetatzen ez dituena. Okerrez, omisioz, interpretazioz eta ageriko asmakuntzaz beteta dago, baina, sinestezina dirudien arren, gai horri buruzko espainiar historiografia osoaren oinarria da oraindik ere, eta bereziki Historiaren Errege Akademian ondorengo izan dituenentzat. Eta, Pigafettaren kopia anbrosianoarekin batera ‒Navarretek berak eman zion egiazkotasun-agiria‒, baita nazioarteko historiografiaren oinarria ere.

Ez dudanez luzatu nahi, oso ezagunak diren zenbait adibide aipatuko ditut. San Julianeko matxinoen arrazoiak ezkutuan uzteko, Magallaes heroiko eta kristautzailearen erregeren aginduekiko desobedientzia, Navarretek dio haien helburu koldarra Espainiara itzultzea zela. Baieztapen horren iturri gisa, Pigafetta eta Maximiliano aipatzen ditu, baina horiek ez zuten inoiz halakorik esan. Ahaztu egiten zaio bizirik atera zirenek adierazi zutela matxinoek hegoalderantz jarraitu nahi zutela ahal zuten artean, eta pasabidea aurkitzen ez bazuten, Moluketara joan Afrikatik, erregearen jarraibideekin eta Magallaes beraren konpromisoarekin bat.  Guztiz nahita egindako faltsutzea da, eta historiografia akademiko espainiarrak, eta mundukoak, behin eta berriz errepikatu dute gaur egun arte. Badajoz-Elvaseko hitzaldian, Elkano desagerraraztea erabaki zuen, eta Hernando de Colón bihurtu zuen protagonista, baina hark bere lehen mintzaldian bere aitaren lana defendatu besterik ez zuen egin, eta auzia saihestu, esanez, garai hartan eskuragarri zeuden bitartekoekin, ezinezkoa zela jakitea Molukak nori zegozkion.

Are larriagoa da historia kontatzean helburuak hain garbi dituen gizon bat arduratu izana gertakari haiei buruzko agiriak bilatzeaz eta sailkatzeaz.

Sorta honetako hurrengo artikuluan, Pigafettak idatzitako bidaiaren kronikan enigmatikoki Elkano ez aipatu izanari buruz hitz egingo dugu. Edo, zehatzago esanda, Amorettik 1800ean argitaratutako testuan (Pigafettaren jatorrizkoa galdu egin baitzen). Zalantza ugari egon izan dira Amorettiren, Milango Liburutegi Anbrosianoko artxibozainaren, testuaren egiazkotasunari buruz; alabaina, lehen mundubirari buruzko ikasketa nagusien oinarri gisa kokatua izan da.

 

SORTA HONETAKO BESTE ARTIKULU BATZUK

EL REGRESO. Reacciones que provocó su llegada y su figura: los cronistas; las autoridades; la población. Intereses políticos, conflictos sociales e ideológicos. 

NAZIONALISMOEN SORRERA. Pertsonaiaz jabetzea eta hura arbuiatzea. Amoretti, Eustaquio Fernández de Navarrete.

HEGEMONIA NAZIONALISTA: Cánovas, Primo de Rivera eta Franco.

GAUR EGUNGO MUNDUA: europarrak Historiaz jabetzea errefusatzea, gatazka nazionalistak Espainian, espainiar nazionalismoaren krisialdia eta “nazionalismo internazionalisten” agerpena. Akulturazio orokorra. Mundu akademikoaren egoera Espainian.

 


[1] Juan López de Recaldek San Antonio ontziaren iritsierari buruz Rodríguez Fonseca apezpikuari bidalitako gutuna.