Magallaesen espedizioa Espezien uharteetara heldu ondoren, Monarkiak eta haren mendeko batzuek Europako espezien gaineko kontrola eduki nahiak eragin zuen Coruñan Espezien Kontratazio Etxe bat sortzeko borondatea. 1522ko abenduaren 24ko errege-zedula baten bidez gauzatu zen helburu hori, Lurrari lehenbiziko bira emanda Juan Sebastian Elkano itzuli eta hilabete gutxira.
XVI. mendearen hasieran, Gaztelako Monarkiak Espezien uharteetara heldu asmo zuen Coruñako Espezien Kontratazio Etxearen bidez, eta zenbait pertsona aberastu egin nahi ziren iltze, kanela, piper, intxaur muskatu eta bestelako espezien merkataritzarekin.
Ez zen erraza izan merkataritza-erakunde berri hura sortzea: hasieratik izan zituen arerioak, espezien merkataritzatik kanpora uzten baitzuen Sevillako Kontratazio Etxea, 1503an sortua Gaztelaren eta Indien arteko merkataritza kontrolatzeko. Izan ere, Coruñak kudeatu nahi zuen Espezien uharteetako armada, bai eta espeziak negoziatu ere Europarekin, batez ere mendebaldeko eta iparraldeko kostaldeekin, Moluketako produktuak Coruñan porturatu ondoren.
"Atlas sive Cosmographicae Mediationes de Fabrica mundi et fabricati figura", Gerard Mercator, 1611.
Hura sortu ahal izateko lehenbiziko izapideak 1520an egin ziren, Karlos I.aren erregealdiko une zail batean, 1520-1521eko Galiziako matxinadekin eta Gaztelako Komunitateen Gerra hastearekin batera.
1520ko abenduko lehenengo egunetan, galiziar nobleak –Fernando de Andrade tartean zelarik–, Santiagoko artzapezpiku Alonso de Fonseca y Ulloak deituta elkartu ziren Melideko herrian, Galiziako Erreinu osoan jauntxoen kontra zabaldutako mugimendua zapuztu nahian. Eta, besteak beste, espezien merkataritza eskatu zioten Monarkiari, haren boterea –eta gehien kezkatzen zituena, hau da, beren jabegoak–¬ defendatzearen truke.
Batzar hartako akordioaren 10. atalean, bi kontu zehatz eskatu zizkioten Monarkiari. Alde batetik, Galiziako Erreinuari ematea espezien eta India “aurkitu berrietako” gainerako “gauzen” kontratazioa. Eta, bestetik, Coruñan ezartzea salgai haren Kontratazio Etxea, “hala nola Sevillako hirian dagoen India aurkitu zaharretako gainerakoena”. Horrek esan nahi zuen Indiekiko merkataritzaren kontrola bi hiri eta bi erakunderen artean banatzea: Sevillak eta hango Kontratazio Etxeak Mendebaldeko Indiekiko merkataritza kudeatzen jarraitzea, eta Coruñak eta hango Kontratazio Etxe berriak beste hainbeste egitea Ekialdeko Indiekiko merkataritzarekin.
“Coruñan Espezien Kontratazio Etxe bat sortzeari buruz eta Juan Sebastian Elkanoren gutuna Lurra inguratuz eginiko bidaiaz”. Indietako Agiritegi Nagusia. Patronato, 48, R.20.
Galiziako nobleen ekimenaren alde egin zuen Coruñako udalbatzak, eta hango errejidoreek hala jakinarazi zioten Gorteari abenduaren 11ko eskutitz baten bidez, bai eta helburu berarekin idatzi zuten memorialaren bidez ere.
Monarkak horren berri izan eta espezie-etxeko armadetan interesatutako merkatariekin kapitulatzeko baldintzak seinalatzen zituen 1522ko azaroaren 13ko zedula batean hitzeman zen Kontratazio Etxea Coruñan finkatzea. Eta hala bete zen 1522ko abenduaren 24ko errege-probisio baten bidez, Indietako Kontseiluaren oniritziarekin, Juan Sebastian Elkano itzuli zenetik hilabete gutxira.
Ekimenaren bultzatzaileek hainbat arrazoi eman zituzten horretarako: Coruñako portuaren kokapen geografikoa, Sevilla baino gertuago Flandriatik eta Britainia Handitik; Europaren mendebaldeko eta iparraldeko portu nagusiekiko merkataritza-jarduera sendoa, haietarako baitziren ekialdeko Indietatik Gaztelara heldutako espeziak; coruñar portuko ezaugarri fisikoak, edukiera handiko itsasontziak hartu baitzitzakeen; eta hiriaren eta haren eraginpeko eremuaren baliabide ekonomikoak, espezien merkataritzak eskatzen zituen hornigaiak eta lehengaiak bermatzen baitzituen. Adibidez, itsasontziak eraikitzeko burdina eta zura.
Coruñako Etxea sortzeko zedulan aurreikusten zenez, Coruñako portuak espezien merkataritzarako monopolioa edukiko zuen, jarduera berri hartako itsasontzi guztiak Coruñako portutik irten eta bertara itzuliko baitziren, eta bertako instalazioetan erregistratuko ziren bidaia bakoitzean negoziaturiko salgaiak.
Xedapen berak zioen Coruñan biziko zirela Kontratazio Etxeko ofizialak, eta erakundearen gobernu eta kontratazio onerako ordenantzak idatziko zirela.
Europa modernoko espezien kontratazioan Coruña erreferente bihurtuko zukeen erakunde hark, ordea, labur iraun zuen, Gaztelak ez baitzuen erdietsi merkataritza horren gaineko kontrolik.
Moluka uharteen mapa, ustez Willem Janszoon Blaeu-k egina.
Karlos I.ak 1525ean García Jofre de Loaísa buru zuela Moluketara bidalitako espedizioa helmugara iritsi zen, baina handik gutxira Monarkia Hispanikoaren mendekoek porrot egin zuten portugaldarren kontra, eta portugaldar Monarkiaren gain geratu ziren Espezien uharteen gaineko eskubideak, 1529ko Zaragozako Itunaren bidez. Gaztelarrek uko egin behar izan zioten espezien gaineko merkataritza kontrolatu eta harekin aberastu nahiari, eta 1529ko urte berean desagertu zen Coruñako Espezien Kontratazio Etxea.
Hala, gaztelar monarkiaren boterea ez ezik, zazpi urtean eten zen galiziar nobleen ahalegina Coruñan Espezien Kontratazio Etxe bat sortu eta espezien gaineko kontrola banatzekoa, nahiz eta Elkanok zabaldutako bi Indietako merkataritza-bide berria garrantzi handikoa izan zen historiarako, eta horrek botere eta aberastasun handia ekarri izan Galiziarako.