Bajo la óptica actual existe una diferencia diáfana entre la realidad y la superstición, sin embargo a comienzos del siglo XVI esta frontera era muy difusa.
Gaur egungo ikuspegitik begiratuta, lehen bidaia ozeanikoak gainditu beharreko erronka teknikoa baino ez ziren. Hala ere, emoziozko eta sineskeriazko alderdia gutxiestea edo ahaztea ez-eginezko hutsegitea zen edozein espedizio edo ekintzatako buruentzat, ezjakintasun asko izanda ere. Halaber, egungo historiografiatik ere askotan egiten da hutsegite hori.
Garai hartako marinelen mentalitate sineskorrean, izaki mitologiko guztiak benetakoak ziren eta edozein unetan ager zitezkeen, baita tripulazioaren bizia galzorira eraman eta itsasontzia amildegira bideratu ere. Sineskeriak, kristau elementuekin nahasita, oso ohikoak ziren eta kleroak toleratu –bestela sustatu– egiten zituen. Hori horrela, monasterioetako hormen artean sortutako itsas kartografiaren eraginez, itsaso ezezagunak guztiz bete ziren Erdi Aro europarreko alegiazko piztia ezagunez. Horren adibide da Olaus Magnus apaiz eta geografo suediarraren lana. 1539an ozeanoak nolanahiko izaki izugarriz betetzen zituen, bereziki urrunekoenak, Indiakoa esaterako.
Garai hartako marinelen mentalitate sineskorrean, izaki mitologiko guztiak benetakoak ziren eta edozein unetan ager zitezkeen, baita tripulazioaren bizia galzorira eraman eta itsasontzia amildegira bideratu ere.
Ez zegoen arrazoi objektiborik marinel zaharrek kontatutako edo aitek semeei ahoz transmititutako tabernako istorioak ez sinesteko. Badirudi kostalde ezagunetatik haratago nabigatzera menturatu ziren nabigatzaileen lehen kronikek aitorpena eman zietela istorio haiei, iturri guztiz sinesgarrietatik baitzetozen. Bartolomé de las Casasek transkripzio bat egin zuen Kolonen lehen bidaiako ontziko liburuan, eta horren arabera, almiranteak berak zalantzarik gabe identifikatu zituen sirena gisa nolabaiteko ugaztunak izan zitezkeenak:
“Joan den egunean, almiranteak esan zuen, Río del Oro ibairantz zihoala, itsasotik goraka hiru sirena irteten ikusi zituela, baina ez ziren esaten duten bezain ederrak, gizonezkoaren nolabaiteko forma zuten aurpegian. Beste batzuetan Ginean ikusi zituela zenbait esan zuen, Maneguetako kostan”.
XVIII. mendea aski aurreratua izan arte, inork ez zuen zalantzan jartzen iktiologia zientifikoko liburuetan deskribatutako izaki haiek existitzen ez zirenik. Zenbat eta urrunago egon helmuga, orduan eta alegiazkoagoak ziren errealitate objektiboarekin nahasitako istorioak. Espezien aberastasunaz gain, Magallaes eta Elkanoren espedizioak gauza harrigarriak ikusiko zituen, eta horien artean zegoen Moluketako sirena delakoa.
Moluketako sirena. Poissons, Ecrevisses et Crabes. Ernst Mayer Library, 1719.
Espezien aberastasunaz gain, Magallaes eta Elkanoren espedizioak gauza harrigarriak ikusiko zituen, eta horien artean zegoen Moluketako sirena delakoa.
Nabigazioarekin berez lotutako beldurren artean, Kolonen lehen bidaiatik dator berriro ere Sargazoen itsasoaren deskribapena. Amesgaiztoetako izakiz betetako eskualdea zela uste zuten eta ontziak harrapatuta gera zitezkeela bertan erremediorik gabe. Horri bestelako tranpa hilgarri bat gehitu behar zitzaion, barealdi ekuatorialak alegia. Zurrumurruaren arabera, tenperatura irakite-punturaino hel zitekeen bero itogarrizko eta haize gabeko latitude haietan. Egun sinestezina iruditzen zaigun beste beldurretako bat zen uharte magnetikoak bazeudela sinestea. Susmatzen zuten itsasorratzak imantzen zituzten harriak uharte haietatik zetozela. Logika-kontuagatik, uharte haien inguruan nabigatuz gero –haien kokapena sekretua zen eta horrek kondaira indartu zuen–, itsasontzi batek burdinazko iltze guztiak galdu zitzakeen, eta, ondorioz, desmuntatu eta ezinbestean urperatu egingo zen.
Magallaes itsasartetik irteten. Garaiko pentsamoldearen irudikapen bikaina, izaki mitologikoak eta erlijio jainkotasunak nahasten baititu. Fernando Magallaesen bidaien alegoria, Theodor de Bry (1528-1598), XVI. mendea.
Eguneroko sineskerien eraginez, zorte txarra ekar zezakeen jarrera oro nola edo hala saihestu egiten zen itsasontzietan. Itsasontzi barruan txistu egitea zen horren adibide, ekaitza erakar baitzezakeen. Karel gainetik listua edo ura botaz gero, popatik bereziki, edateko ura usteldu edo eskastu egiten zen. Itsas hegaztiak hiltzea nolanahiko madarikazioen iturritzat jotzen zen, itotako marinelen arima hegazti haietan zegoela uste baitzuten. Beste sineskeria batzuk esaera zahar moduan erlijioarekin nahastuta iritsi dira gaur eguneraino, hala nola itsasoratzean saihestu beharreko egunei buruzkoak: ostiralak, Kristo gurutziltzatu zuten eguna izan zelako, edo abenduaren 31a, Judas urkatu zen eguna izan zelako.
Zurrumurruaren arabera, tenperatura irakite-punturaino hel zitekeen; eta susmatzen zuten itsasorratzak imantzen zituzten harriak uharte magnetikoetatik zetozela
Zaila da marinel bati sinestaraztea beste marinel batzuen ahotik entzundako zenbait sineskeria eta kondaira sinesgaitzak direla, begien aurrean duenean, esaterako, San Telmo sua masten muturrean. Honela dio Pigafettaren egunkariak:
“Urriaren 26an, larunbata, ilunabarrean, Biraham-Batolach irlaren itsasbazterretik gindoazela enbata etorri zitzaigun eta horren aurrean belak bildu eta Jainkoari erregutu genion salba gintzan. Orduan ikusi genituen masten muturrean gure hiru santuak, eta iluntasuna desagerrarazi zuten bi ordu luzetan: San Telmo masta nagusian, San Nikolas mesanan eta Santa Klara trinketan”.
San Telmo sua itsasontzi bateko mastetan.
Oro har, zorigaiztoak eragindako porrotak ez bezala, zeharkaldietako arrakastak Jainkoaren Goi Ardurari egozten zitzaizkion. Zorte txarrari arao egiteko eta Jainkoaren esku-hartzea bultzatzeko, muturreko arrisku-egoeretan, hots, ekaitzetan edo istripuetan, botoak edo promesak egiten zitzaizkien marinel bakoitzaren santu eta ama birjina gustukoenei. Eta esku-hartze jainkotiarra eskertzeko, zin egiten zuten eskaintza bat egingo zutela, ex-voto moduan.
“1522ko urtarrilaren 10a. Uharte hauetan zehar nabigatzen ari ginela gure biziak arriskuan jarri zituen ekaitza etorri zen eta salbatuz gero Nuestra Señora de la Guía elizaraino erromesaldia egiteko botoa eman genuen".
Ikusi dugun legez, marinelen sineskeriak izatetik urrun, jokaera haiek berezkoak ziren tripulazio guztiaren erlijiotasun modu berezi hartan, baita Magallaes eta Elkanoren kasuan ere. Pigafettarekin jarraituz, kronikaren amaieran deskribatu zuen bizirik iraun zutenek nola bete zuten egindako botoa espedizioa Sevillan amaitu bezain pronto:
“1522ko irailaren 9a. Asteartean lur hartu genuen denok, atorra soinean, oinutsik eta kandela esku artean genuela eta Nuestra Señora de la Victoria eta Santa María de la Antigua elizetara joan ginen, larrialdietan agindutako moduan”.
Iritsi zaizkigun lekukotasunei esker dakigu Ozeano Barea zeharkatzea zer-nolako esperientzia beldurgarria izan zen espedizioarentzat. Izan ere, eskorbutoarekin, gosetearekin eta ur faltarekin borrokatu behar izan zuten; Indiako ozeanoan ere errepikatuko zen egoera hori bera. Imajinatu baino ezin dugu egin, ordea, tripulazioaren ahuldutako gogoan zer-nolako ondorio psikologikoak eragingo zituzten eskorbutoak –ordura arte ia ezezaguna zen gaixotasunak–, hiru ozeanoetako barealdi ekuatorial izugarriek eta beldurren eta sineskerien pisuak. Baldintza haietan, ur gaineko mundu eskas hura urteen joanean orekan mantentzeko kapitainen eta maisuen lidergoak balio berri bat hartu zuen eta indartu egin zuen Elkanok munduari bira eman izanak muga geografiko, gizatiar eta jainkotiar guztiak gainditu izanaren ideia.