Primate alderrai batentzako balada

Emiliano Bruner, Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionala, Burgos
24 MAR, 2021

Eboluzioari dagokionez, zure ingurua aldatzen denean hiru aukera dituzu: egokitu, desagertu edo beste aukera batzuen bila emigratu. Gizakia planeta osoan zehar emigratzen hasi zen, topatzen joandako klima eta ingurumen-elementuak gorabehera. Suak, harpeek, armek eta karabelek espezie bidaiari eta inbaditzaile bihurtu zuten.

Ez dut inoren beharrik, bakarrik egoten ikasi bainuen. Eta nire burua pausatzen dudan edozein lekuri etxe deituko diot.

Anywhere I Lay My Head, Tom Waits

Mende eta erdi baino gehiago igaro da Darwinek espezieen jatorriari buruzko saiakera ospetsua idatzi zuenetik, eta bitxia da, baina denbora luzea igaro bada ere, oraindik ere eboluzioaren printzipioei eta mekanismoei buruzko kultura-aurrekontzeptu askori lotuta jarraitzen dugu. Agian arinkeriagatik izango da, edo hezkuntza eta dibulgazio zientifiko ezagatik, edo, besterik gabe, unibertsoaren erdigunean jartzen ez gaituen edozein ebidentziaren aurrean ez ikusiarena egiten jarraitzen dugulako, baina kontua da klixe eta sinplifikazio asko ditugula oraindik eboluzioaz, gizakiaren garaipenean oinarritutako epopeia grafiko batera murrizten baitugu. Askotan aurkezten dugu, oraindik ere, eboluzioa prozesu gradual eta lineal gisa, nahiz eta aspalditik dakigun errealitatean adarkatze eta jauzi azkarrak izan ditzakeela. Halaber, eboluzioaren kontzeptua aurrerapenaren kontzeptuarekin lotzen jarraitzen dugu (espezie inperfektuagoetatik espezie loriatsuagoetarako bidaia), nahiz eta badakigun espezie oro erabat egokia dela bizi den ingurunerako.

Europako esploratzaile eta antropologoek aldakortasun somatiko harrigarria aurkitu zuten Amerikan, hainbat talde geografikok egindako populatze ugarien ondorioz. Hona hemen Renato Biasutti antropologo italiarrak bere Lurreko Arraza eta Herriak entziklopedia historikorako joan den mendearen lehenengo erdialdean bildutako hainbat irudi. Mende baten ostean, dagoeneko desagertuak dira talde antropologiko horietako gehienak. Artikuluaren egileak aipatutako liburu horretako irudiekin eginiko muntaketa.

Harro hitz egiten dugu espezie ustez jakintsu eta adimentsu gisa dugun arrakastaz, baina ahaztu egiten dugu labezomorroek eta marmokek askoz ere denbora gehiago daramatela hemen gizakiok baino, gu baino askoz gehiago direla, eta hemen geratuko direla gure espeziea, lehenago edo geroago, desagertzen denean. Homo erectus primitiboa ere, troglodita gaixoa, ia bi milioi urtetan ibili da lur honetan, eta ziur asko Homo sapiensek, gaur arte bizi izan dituen ehunka milaka urterekin, ez du halakorik lortuko. Halaber, ez da egia (nahiz eta sarritan errepikatzen den eta hitz horiek entzunda Darwin gizajoa nahigabetuta ariko den bere hilobian iraulka) beti onenak edo indartsuenak irauten duela bizirik. Lehenik, hautespen naturalak seme-alaben kopuruari baino ez dio erreparatzen, ugalketa-arrakastari, baina ez daki ezer indarraz edo adimenaz. Bigarrenik, hautespenak ez ditu hautatzen hobekien egiten dutenak; penagarrienak direnak eta maila egokira iristea ere lortzen ez dutenak suntsitu besterik ez du egiten. Hirugarrenik, gauzak ondo doazenean ez da halako baheketarik gertatzen, gauzak okertzen direnean baizik, eta orduan, garai berrietako aldaketetara hobekien egokitzen denak irauten du bizirik.

Homo erectus primitiboa ere, troglodita gaixoa, ia bi milioi urtetan ibili da lur honetan, eta ziur asko Homo sapiensek, gaur arte bizi izan dituen ehunka milaka urterekin, ez du halakorik lortuko.

Bai; izan ere, dena aldatzen da: klima, geografia, harrapakinak eta harrapakariak, gaixotasunak eta elikadura-baliabideak. Ekologia faktore fisiko, kimiko eta biologikoen sare oso konplexua da, non dena konektatuta dagoen; kausen eta ondorioen labirinto bat da, erabat aurretik jakin ezinezkoa, inora ez doazen aldaketak dituena, helmugarik eta helbururik gabeak, eta aurrez abisatu gabe sigi-saga norabidez aldatzen direnak. Eta zure ingurua bat-batean aldatu eta inguru berri hori gure antolaketa biologikoari eroso gertatzen ez zaionean, hiru aukera baino ez dituzu: lehena, egokitzea; hau da, populazioaren egitura genikoan bereizketak egitea, indibiduo ezberdinak sortzeko, arau berrietarako egokiagoak. Bigarrena, desagertzea. Baliteke ez izatea oso gogokoa, baina, jakina denez, horixe da lur hau zapaldu duen espezie ororen patua. Desagertzeko unea atzeratu daiteke, baina, lehenago edo geroago, iritsiko da ideia berriei lekua egin beharra. Logikoa denez, ingurune-aldaketa bakoitzean, gehiago dira desagertzen diren espezieak egoki aldatzea lortzen dutenak baino. Hirugarren aukera emigratzea da. Alde egitea. Ingurunea ez badator bat nik behar dudanarekin, errazena da kanpamentua jaso eta handik joatea, nire gaitasunetarako egokiagoa den leku baten bila eta, batez ere, nire mugekin bateragarriagoa den baten bila. Eta, logikoa denez, horixe aukeratzen dute besteek: zoologiaz ari bagara, espezieek; eta antropologiaz ari bagara, giza populazioek. Alde egitea askoz errazagoa da aldatzea baino, eta askoz atseginagoa desagertzea baino.

 


Artikuluaren egileak Renato Biasuttiren Lurreko Arraza eta Herriak liburuko irudiekin eginiko muntaketa. 

Dibertsitatearen garaipena da hori, eboluzio-apustuetan beti garaile suertatzen den elementu giltzarria baita.

Oro har, lekualdaketa-bidaia horien ibilbideak ingurumenak markatzen ditu, animaliek beren biziraupen-gaitasunaren araberako bideak soilik gurutzatu ditzaketelako. Mendi bat, basamortu bat edo ibai bat oztopo igaroezinak izan daitezke, harrapatu eta zokoratu egiten dutenak, geldiarazi eta lotu egiten dutenak. Gizakiek ere, beren lehenengo milioi urtean, ziur asko, igarobide ekologiko horiek zeharkatu behar izango zituzten Afrikako sorterritik urrun iristeko, Asiako hegoaldeko eskualdeetara mugitzeko. Kasu horietan, «emigrazio» terminoa erabiltzen da, «migrazio» terminoarekin ez nahasteko. Migrazioak gehiago dira animalien mugimendu ziklikoak eta urtarokoak, bizitzan eremu beroago eta hotzagoak txandakatzeko egiten dituztenak, baliabideak optimizatzearren eta ugaltzearren. Aitzitik, emigrazioa noranzko bakarrekoa da, ez dago atzera bueltarik. Gero, kultura iritsi zen, eta gizakia ingurumena aldatzen hasi zen bere biologia aldatu beharrean. Gero eta independenteagoa egin zen korridore biogeografiko horiekiko, eta planeta osora emigratu zuen, topatzen joandako klima edo ingurumen-elementuak gorabehera. Suak, harpeek, armek eta karabelek gizakien profil ekologikoa aldatu zuten, eta espezie kolonizatzaile, bidaiari eta inbaditzaile bihurtu. Izurriaren arrakasta harro eta suntsitzailea.
Ibilbideak ugaldu egin ziren. Horrenbeste, ezen gizakien aztarnak galdu egin baitziren, joan-etorriko itzulietan behin eta berriz gurutzatuta; pot-pourri antropologiko deszifraezina utzi zuten, bai gorputzean bai egungo gure populazioen geneetan. Amerika izan zen populatu zen azken kontinentea. Oso gurutzaketa korapilatsua izan zen, eta gaur egun oraindik ez dakigu oso ondo zer gertatu den, nondik etorri ziren aitzindariak saldoka, eta nola sortu ahal izan den horrelako arraza eta koloreen puzzlea. Dibertsitatearen garaipena da hori, eboluzio-apustuetan beti garaile suertatzen den elementu giltzarria baita.


Artikuluaren egileak Renato Biasuttiren Lurreko Arraza eta Herriak liburuko irudiekin eginiko muntaketa.

Dibertsitatea, biologikoa eta kulturala, oreka baten emaitza da: oreka magikoa batzuetan, eta tragikoa besteetan, eraldatzearen eta mugitzearen artekoa, geratzen direnen egokitzapenaren eta iritsi berrien ekarpenaren artekoa.

Primate alderraiak gara. Ez gara inoiz gelditzen. Gurekin daramatzagu gure geneak, gure hizkuntzak eta gure tresnak; horiek bilakatu egiten dira urrats bakoitzarekin eta iritsiera bakoitzarekin, biologia eta historia nahasten dituzte, eta arrastoak uzten dituzte, inoiz ez den eta beti eraldatzen den zerbaiten aztarna iragankor gisa. Arrasto horiek —liburuak, tresnak, hizkuntzak, tenpluak, aleloak, abestiak…— sinetsarazten digute iraganean errealitate egonkor eta jatorrizko bat egon zela, naturala eta berezkoa, baina, nolanahi ere, benetan inoiz gelditzen ez den fluxu baten argazkiak dira. Bere garaian berritasun izan ziren tradizioei lotzen gatzaizkie estuki, eta duela gutxi hausturak ekarri zituzten ohitura finkoetara atxikitzen gara. Hasiera bat ikusten dugu beste amaiera bat soilik zegoen lekuan, eta arbasoei begiratzen diegu, benetan seme-alaba gisa jaio zirela ohartu gabe. Gure bizitzako denbora izugarri laburren ondorioz, egonkortasuna ikusten dugu beti aldaketa egon den lekuan, eta uniformetasuna bilatzen dugu etengabeko nahasketa baten emaitza den zerbaitetan.

Dibertsitatea, biologikoa eta kulturala, oreka baten emaitza da: oreka magikoa batzuetan, eta tragikoa besteetan, eraldatzearen eta mugitzearen artekoa, geratzen direnen egokitzapenaren eta iritsi berrien ekarpenaren artekoa. Gizakia bidaia horren parte da, helmugarik ez baina aukera asko dituen bidaia horren parte. Hobe izango litzateke korronte horren alde igeri egin eta olatuetan surf egitea, hari aurre egin eta ontzia hondoratzera arriskatzea baino. Esan dugu jada zein diren aukerak: aldaketaren aldeko apustua egin, desagertu, edo planeta eder honetako beste lur batzuk esploratu. Gure kasuan, jada ez dugu azken aukera hori.

 

Lotutako artikuloak

Bruner E. 2016. Los colores de la dignidad. Investigación y Ciencia.

https://www.investigacionyciencia.es/blogs/medicina-y-biologia/80/posts/los-colores-de-la-dignidad-14279

Bruner E. 2018. La leyenda del hombre mono, su triunfo y su maldición. Jot Down.

https://www.jotdown.es/2018/12/la-leyenda-del-hombre-mono-su-triunfo-y-su-maldicion/

Valladares F. & Bruner E. 2020. La humanidad ante su propia extinción. The Conversation.

https://theconversation.com/la-humanidad-ante-su-propia-extincion-139364