500 urte, aniztasunaren aurkikuntza

Nelson Aguilera, Antropologoa
21 URR, 2020

Lehen mundu-bira burutu eta Magallaes itsasartea ezagutza unibertsalean sartu izanaren 500. urteurrena hain hurbil izateak ezinbestean garamatza aurkikuntzaren kontzeptua eta esanahiak aztertzera.

Gertakari historikoak, gertakari horien garaiari eta pertsonei ez dagokien karga etiko baten printzipio eta baloreak ezartzen zaizkienean, eztabaidagarriak izan ohi dira. Ez da jokamolde arrotza, eta guri dagozkigun hainbat gertaeratan ageri da, maila gutxiasko pertsonalean. Baina gertakari historikoek badute berezko izate bat, ezartzen dizkiegun adjektiboak ezartzeko izan ditugun aburuetatik at.

Ez dago gertakari askorik, XV. mendetik aurrera Europako potentziek Amerikako lurralde indigenetara antolatutako bidaiak baino eztabaidagarriagorik. Eta ez gaitzala harritu; izan ere, gertakariei eta pertsonei buruzko eztabaidetan eragina dute “aurkikuntza” deritzenen ondorioek, bai eta aurkikuntza horien ondorengo kolonia-eremuetako indigenen etnozidioek ere.

Izan ere, kontuan hartuz gero Kolon iritsi ondorengo lehen hamarkadetan, kalkulu batzuen arabera, hamar milioi pertsona inguruk galdu zutela bizia, agerikoa da badagoela zer berrikusi eta aztertu. Oroi dezagun, ordea, etnozidio- eta genozidio-prozesuak etengabeak izan zirela lehen harreman hori izan eta ondorengo mendeetan zehar.

Auzi horien ildotik, ezinbestean sortzen zaigun galderak aurkikuntzaren kontzeptua eta esanahiak aztertzera garamatza; are gehiago kontuan izanik lehen mundu-bira burutu eta Magallaes itsasartea ezagutza unibertsalean sartu izanaren 500. urteurrena oso hurbil dugula. Gertakariei erreparatzen badiegu, mugarri horrek barnean hartzen dituen kontzeptuak atalka aztertzeari ekin diezaiokegu, eta, lehenik eta behin, “aurkikuntza” deritzon kontzeptua aztertzeari.

Iturria: Memoria Chilena

Itsasartea han zegoen Magallaesen eskifaia bertara heldu aurretik eta aski ezaguna zen, gutxienez, hiru herri indigenen artean

Itsasartea han zegoen Magallaesen eskifaia bertara heldu aurretik[1], eta aski ezaguna zen, gutxienez, hiru herri indigenen artean; besteak beste kontinenteko Aonikenk herriaren artean, Suaren Lurraldeko Selk’nam herriaren artean eta kostalde hori ehiza- eta bilketa-barruti gisa erabili zuten Kawésqar kanoalarien artean. Paradoxikoki, espedizioko kideek ez zuten adierazi Santu Guztien Itsasarteko kostaldeetan indigenarik ikusi zutenik. Su batzuk besterik ez zituzten ikusi “Karukinka” (Selk´nam) uharteko kostaldean. Hortik datorkio uharte horri “Suaren Lurraldea” toponimoa, eta izen hori du oraindik ere.

Honela zioen, hain zuzen, Transilvanok: ...denbora hartan guztian, kostalde horietan ez zuten inor aurkitu; gau batez, ordea, su ugari ikusi zituzten” (Medina, José;  1888, T.I: 276)

Europako eskifaiak eman zion Aoinikenk herriari, hain zuzen, “Patagoniar”[2] izena, San Juliango portuan[3] (Argentinako Errepublika) negua igarotzean, 1520ko martxoa eta ekaina bitartean. Leku hartan, Magallaes eta Elkanoren marinelek tamaina handiko oinatzak ikusi, eta “erraldoien arraza” batenak zirela pentsatu zuten; hala eman zioten hasiera Patagonia australeko mito handienetako bati, eta 300 urte baino gehiagoz iraun zuen Europako iruditerian.

Era horretako ontziak lehen aldiz ikustean, indigenak, ziur asko, zur eta lur geratuko ziren. Latitude australetan ez zen gizakiak sortutako antzeko egiturarik, eta are gutxiago itsasoz mugitzen zenik. Itsasontzietan gizon bizardunak bizi ziren, eta metalezko eta koloretako ehunezko jantziak zituzten; jantzi haiek oso desberdinak ziren ehiztari biltzaileek erabilitako larruen aldean. Ez ziren gizonak besterik; ez zegoen emakumerik izaki bitxi haien artean.

Iturria: Memoria Chilena

Magallaes eta Elkanoren espedizioak, izatez, giza herrien aniztasuna aurkitu zuen.“Beste” hori, “alter” ezezagun hori, izan zen, hain zuzen, hizpide dugun aurkikuntza.

Magallaes eta Elkanoren espedizioak, izatez, giza herrien aniztasuna aurkitu zuen. Herri horiekin askotariko harremanak izan zituzten mundu-birak iraun bitartean. Harremanak batzuetan etsaitasunezkoak[4] izan baziren ere, izan ziren elkarlanean oinarritutako harremanak ere. Gogoratu dezagun Indietarako itsasbide berri bat bilatzeko espedizioaren helburua ez zela menderatzea eta konkistatzea, esploratzea eta salerosketan aritzea baizik. Ziurgabetasunerantz egindako bidaia izan zen. Izan ere, itsasontzietako egoera oso gogorra zen; ez zegoen maparik, eta nabigazio-tresnak, berriz, oinarri-oinarrizkoak ziren.

“Beste” hori, “alter” ezezagun hori, izan zen, hain zuzen, hizpide dugun aurkikuntza. Horren presentzia gero eta nabarmenagoa izango zen une hartatik aurrera, ozeano arteko itsas bidaiak gero eta ohikoagoak izango baitziren, bientzat ala bientzat. Lehen topaketa hura, munduko herriak lurraren zedarriez jabetu, eta mugak argi eta garbi ezagutzen hasi zireneko mugarria izan zen. Bat-batean, kostaldeek finkatutako mugak irisgarri bihurtu ziren, eta, handik aurrera, mundua txikiagoa bilakatu zen.

Iturria: Memoria Chilena

 

Ziur asko, indigenen zenbait komunitatek esklabotzaren edo sarraskiaren hasierarekin lotuko dute data hori, hurrengo mendeetan gertatu baitzen, eta emaitza latzak izan baitzituen. Gertakari bakoitzaren eragileak aztertzeko historiari erreparatu behar zaio, gure mundu globaleko egiaren eta kontziliazioaren tresnatzat erabilita, mundu horretan ekonomiak eta informazioa nazioarteko bihurtu izanak mehatxatu egiten baitute aniztasunaren balioa.

Data horrek, ospatzera baino gehiago, oroitzera garamatza; hau da, guztion oroimenera gure historia eta ikuspuntuak ekartzera, eta, horren bidez, Magallaesek gizateriaren itsasoetan egindako bidaia berregitera.

Gure desberdintasunei begiratzeko eta bai aniztasunaren bai kulturartekotasunaren esperientziatik aberasteko deia egiten digu. Horixe da, gure ustez, Magallaes eta Elkanoren espedizioaren aurkikuntza, planeta berean bildutako milaka mundu garela ulertzeko aukera eman ziguna.

 

 

Erreferentziak:

 

ALBO, Francisco (1522). «Diario o derrotero del viaje de Magallanes desde el Cabo San Agustín en el Brasil, hasta el regreso a España de la nao Victoria», in Colección de Documentos Inéditos para la Historia de Chile, I. Santiago: Imprenta Ercilla:  213-257.

Anonimoa 1: «Relación de un portugués, compañero de Odoardo Barbosa, que fue en la Nao Victoria en el año de 1519», in Colección de Documentos Inéditos para la Historia de Chile, II. Santiago: Imprenta Ercilla: 395-398.

Anonimoa 2: «Navegación y viaje que hizo Fernando de Magallanes desde Sevilla para el Maluco en el año de 1519», in Colección de Documentos Inéditos para la Historia de Chile, II. Santiago: Imprenta Ercilla: 398-417.

AYAMOTE, Martin (1522). «El viaje de Magallanes según un testigo presencial (Baiao, Antonio)», in Revista Chilena de Historia y Geografía, LXXIX 87. Santiago: Imprenta Universitaria: 33-40.

MAFRA, Gines (1920). Descripción de los reinos, costas, puertos e islas que hay desde el cabo de Buena Esperanza hasta los Leyquios. Madril: Real Sociedad Geografica. https://archive.org/details/AX072/page/n5/mode/2up.

PIGAFETTA, Antonio (1536). «Navegación y descubrimiento de la India Superior, hecha por mí, Antonio Pigaffeta, jentil-hombre vicentino, caballero de Rodas, dedicada al muy excelente y muy ilustres señor Felipe de Villers Lisle-Adam, gran maestre de Rodas», in Colección de Documentos Inéditos para la Historia de Chile, II. Santiago: Imprenta Ercilla: 417-524.

TRANSILVANO, Maximiliano (1522). «Relación escrita por Maximiliano Transilvano de cómo y por quién y en qué tiempo fueron descubiertas y halladas las islas Molucas, donde es el propio nacimiento de la Especería, las cuales caen en la conquista y marcación de la Corona Real de España», in Colección de Documentos Inéditos para la Historia de Chile, I. Santiago: Imprenta Ercilla: 258-297.

 

[1] Magallaes itsasartea, aurkikuntza geografiko edo kontinentearen eta Suaren Lurraldearen arteko muga gisa, duela 8.500 urte inguru aitortu zela uste da.

[2] Patagoes: Hanka-handi

[3] 49°18’  H. 67°42’ M

[4] Honela dio kontakizun anonimo batek: “Gizon horietatik bagenituen hiruzpalau, eta itsasontzietan zekartzaten, eta guztiek zuten bizia galdu, Gaztelara abiatu zen batek salbu”. Gizon horiek San Julianen hartuko zituzten preso, 1520ko apirilean.