1522an enpresari izatea

Borja Mollá Moral, Merkataritza Abokatua, Larrauri & Martí Abogados
28 URR, 2021

Kapital Sozietateen Legea, Konkurtso Legea, Merkataritzako Kodea… gaur egun merkataritza-jarduera arautzen duten hainbat baliabide arauemaile daude, onerako edo txarrerako. Egia esan behar bada, enpresa-abentura batean murgiltzea eta lege-xedapen horiek guztiak kaudimenarekin eta trebeziarekin zeharkatzea lortzea Lurraren inguruan nabigatzea bezain zaila eta heroikoa iruditzen zaigun arren, balentria bata zein bestea egingarriagoak eta seguruagoak dira gaur egun XVI. mendean baino, bai garapen teknikoagatik (nabigazioaren kasuan), bai legegintzako garapenagatik (segurtasun juridikoa eta ziurtasuna ematen duten arau argiak baitaude enpresaria babesteko eta laguntzeko).

Garai batean nabigazioan astrolabioaren edo itsasorratzaren egitekoa bezain ezinbestekoa da gaur egun aholkulariaren egitekoa negozioetan. Hori horrela da, gaur egun merkataritza-jarduera arautzen duten legegintza-xedapen ugari daudelako eta horien edukia zein den jakin behar delako, ez bakarrik lege-betebeharrak zorrotz betetzeko, baita askotan xedapen horiek biltzen dituzten abantailak aprobetxatu ahal izateko ere.

Zerikusirik ez du horrek 1522ko ordenamendu juridikoarekin, arazoa gutxiegitasuna gehiago baitzen gehiegikeria baino. Orduko antolamendu eskasa kaotikoa zen eta modu nahasian hierarkizatuta zegoen, harik eta 1505. urtean Toroko legeak promulgatu ziren arte, ordura arte zeuden udal-foruak bateratzeko, batetik, eta horien eta nobleen eta elizaren pribilejioen arteko kontraesanak argitzeko, bestetik. Toroko legeekin batera euskal kostaldean indarrean egon ziren oinarrizko lege-testuak hauek izan ziren: 1452ko Bizkaiko Foru Zaharra eta 1463ko Gipuzkoako Ermandadearen Ordenantza Koadernoa.

1522ko ordenamendu juridikoarekin, arazoa gutxiegitasuna gehiago baitzen gehiegikeria baino. Orduko antolamendu eskasa kaotikoa zen eta modu nahasian hierarkizatuta zegoen..

Fernando Katolikoaren Bizkaiko Jaurerriko Foruen zin egitea. Francisco Mendieta Retes (1609). Gernikako Batzar Etxea. Iturria:  https://es.m.wikipedia.org/wiki/Archivo:Fernando_El_Catolico_Guernica.png
 
Zalantzarik ez dago aipatutako bi lege-erakunde horiek garrantzi handia zutela merkataritza-jardueran hain esanguratsuak ziren alderdi hauetan, besteak beste: merkataritza-askatasuna, zenbait ondasunen inportazio eta esportaziorako erregimenaren arauketa eta zerga-salbuespenak ematea. Oso zehatzak izaten ahalegintzen ziren arren, ordea, merkataritza-jarduera ororen alderdi garrantzitsu batez ez ziren arduratzen: zer gertatzen zen gauzak oker joanez gero?

Gaur egun hain oinarrizkoa dena, hots, enpresa-proiektu batean diru-kopuru bat inbertitzen duenak inbertitutako zenbatekoa galtzeko arriskua hartzen duela soilik (haren gainerako ondare pertsonala kalterik gabe geratuz), errealitate ezezaguna bezain utopikoa zen 1522ko ekintzaileentzat. 10 urte geroago azaldu zen lehen aldiz Florentzian merkataritzako egintzetan erantzukizun pertsonala mugatzen zuen lehen kontratua (1532ko maiatzaren 8an), komanditako sozietatearen figuraren bidez artikulatua, eta ia 80 urte geroago sortu ziren akzioetan banatutako lehen sozietateak, Ingalaterrako common law doktrinaren babesean, bazkideen eta  “erakunde sozialaren” (corporation) arteko bereizketa sustatzen zuena, Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainia (1600) aitzindari izanik.

Hala eta guztiz ere, erantzukizun mugatuaren teoria hori (Entziklopedia Britainiarrean maisuki laburbilduta dago esaldi honetan: "taldeari zerbait zor baldin bazaio ez zaie banakoei zor, eta banakoek ere ez dute zor taldeak zor duena”) ez zen euskal merkatariaren mentalitatean barneratu bi mende geroago arte, 1728an Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra sortu zen arte (akzioetan banatutako Espainiako lehen sozietatea izan zen).

Gaur egun hain oinarrizkoa dena, hots, enpresa-proiektu batean diru-kopuru bat inbertitzen duenak inbertitutako zenbatekoa galtzeko arriskua hartzen duela soilik, errealitate ezezaguna bezain utopikoa zen 1522ko ekintzaileentzat

Ekialdeko Indietako Konpainiaren anagrama, bandera eta egoitza. HUBPAGES. Iturria: https://hispanofobia.wordpress.com/category/leyenda-negra/
 
Merkataritzako korporazio horietatik oso urrun, 1522an familia-sozietateak ziren nagusi, eta, “konpainia” (cum panis, “ogia partekatzen dutenak”) hitzaren etimologiarekin bat etorriz, zirkulurik gertukoenaz osatuta zeuden eta, beraz, konfiantzazkoak ziren. Izan ere, hori funtsezko baldintza zen, kontuan izanda kide guztiek elkartasunez erantzuten zutela ad infinitum, hau da, haien ondasun guztiekin (baita kartzela-zigorrarekin ere, zorrengatiko kartzela-zigorra indarrean egon baitzen gure ordenamendu juridikoan, harik eta erantzukizun zibila eta erantzukizun penala bereizi ziren arte 1932ko Zigor Kodean).

Hala ere, puntu horretan azpimarratu beharra dago euskal merkatariak, kaparearen izaera juridikoa izateagatik, ezin zirela kartzelara joan, baldin eta beren ondare pertsonala zorrak kitatzeko adinakoa ez bazen. Abantaila hura Bizkaiko biztanle guztiei zabaldu zitzaien 1526ko Foru Berriarekin, eta gipuzkoarrei 1610eko erreformarekin.

Paradoxikoki, merkatariek uko egin zioten abantaila hari, ez baitzituen “kapare ez zirenak" bultzatzen haiekin negozioak egitera (uste zuten alderdi bakoitzak bere gain hartzen zituen arriskuetan desparekotasuna zegoela). Jasota dago bizkaitarrek Koroari eskatu ziotela kaparetasunari uko egiteko aukera izatea merkataritza-harremetarako, eta hala egin ahal izan zuten 1519tik aurrera.

...euskal merkatariak, kaparearen izaera juridikoa izateagatik, ezin zirela kartzelara joan, baldin eta beren ondare pertsonala zorrak kitatzeko adinakoa ez bazen.

Bilboko kontsulatuko txalupa olanaduna. Francisco Bustrín (XVII. mendeko azken herena). Bilboko Euskal Museoa. Iturria: http://www.bilbaopedia.info/consulado-bilbao  
 
Merkataritza-arloan sortutako auziak ebazteko epaitegien eta auzitegien harira, planta judiziala oso deszentralizatuta zegoen eta heterogeneoa zen. Auzigai zibilak eta zigor-arloko auzigaiak ez bezala, merkataritzako auziak ez ziren jurisdikzio arruntaren eskumenekoak (toki mailan alkateek eta probintzia mailan korrejidoreek osatzen zuten), baizik eta kofradien eskumenekoak. Arrantzaleen, nabigatzaileen eta merkatarien elkarte gisa sortu ziren kofradiak (batzuk kokatuta zeuden hiribilduak sortu aurretik), justizia arrunta gai ez zelako itsasoarekin lotutako profesional haien artean sortutako gatazkei erantzun azkar bat emateko (gatazka haiek ebazteko, bestalde, ez zegoen garai hartako errealitate ekonomikoa jasotzen zuen legeria eguneraturik, aurrez ikusi dugun moduan).

Koroa toki mailako gremioen arbitraje-auzitegien sistema hura zentralizatzen ahalegindu zen Gaztelako Kontsulatuaren bitartez. Garai hartarako, Gaztelako eta Bizkaiko merkatarien arteko gatazkak zirela-eta, aipatutako kontsulatua dagoeneko bitan banatuta zegoen, Burgosko Kontsulatua (1494an sortua, Ebrotik hegoaldera zuen eskumena) eta Bilboko Kontsulatua (11 urte baino ez zeramatzan funtzionamenduan), eta bien artean jurisdikzio-gatazkak izaten ziren.

Bilakaera nabarmena da, kontuan izanda jada ez zirela kofradietako merkatariak epaile edo bitartekari gisa gatazkak ebazten zituztenak beren lanbideko printzipioak aplikatuz (askotan tokiko agintariengana jotzen zuten ebazpenak betearazteko), baizik eta Koroak sortutako erakunde bateko merkataritza-epaileak. Erakunde hark eskumen judizialak, administratiboak eta polizia-arlokoak zituen (merkataritza-azpiegiturekin, zergekin, muga-zergekin… zerikusia zuen guztia kudeatzen zuten) eta, batez ere, legegintza-arloko eskumenak.

Rúa Nova dos Mercadores kalearen ikuspegia (1570-1619). Egile flandestar ezezaguna. Iturria: https://commons.wikimedia.org/wiki/File:Rua_Nova_dos_Mercadores 

Zoritxarrez, Juan Sebastian Elkanok eta bere garaikideek ez zuten guztiz instituzionalizatuta ezagutuko merkataritzako jurisdikzioa, ez baitzen iritsi 1592a arte, Bilboko Kontratazio Epaitegia sortu zen arte. Orduz geroztik eskudun bakarra izango zen lehen auzialdian hartzeko “merkatarien eta haien kideen eta faktoreen arteko auzi eta alde guztiak, haien merkataritzako negoziazioei buruzkoak”.

Artikulu honi amaiera emateko, esan dezakegu azpimarratu ditugun XVI. mendeko lege-tesela horiek mosaiko juridiko bat osatzen dutela, kofradietako arbitrajeetako kasuistikarekin osatzen joan zena lehenik, eta kontsulatuetako jurisprudentziarekin ondoren. Garai hartako lege-hutsune hura betetzen joan zen, ebazpenetan jarraitutako printzipioak bilduz eta erreferentziatzat balioko zuen corpus juridiko orokor batean jasoz. Corpus horrek Bilboko Kontsulatuaren 1737ko Ordenantzak izan zituen adierazle nagusi, egungo merkataritza-zuzenbidearen jatorria izango zirenak.