Memoria 2019-2020

Lehenengo zirkumnabigazioa 1519ko abuztuan hasi eta 1522ko irailera bitarte luzatu zen, orain dela 500 urte. Testuinguru honetan jaio da Elkano 500 Fundazioa, herritarrei ekarpen bat egiteko asmoz lehen mundubira igarotzen den epe berean. 

Elkano Fundazioak iraganetik ikasi nahi du, horixe gure gogo eta asmoa. Horretarako ezinbestekoa da jakinmina sustatzea; gertakari historikoak ikertu gaur egungo bizimolde nahiz gizarte ereduen izaera aztertzeko zein baloratzeko, eta, hartara, etorkizuna birpentsatzeko. Izan ere, zerbait ospatzera mugatuko bagina, ikasteko aukera galduko genuke.

Orain dela 500 urte gertatutakoak hausnarketa kolektiboak pizteko oinarria eta bidea ematen digu, hain justu, lehendabiziko mundubira hari loturiko hainbat gairen inguruan: kostaldeko herriek itsasoarekin izandako harremana, jasangarritasuna, zientziak nahiz teknologiak gizarte garapenean duten inpaktua, kulturen eta mundializazioaren arteko bizikidetza.Lehenengo zirkumnabigazioak ondorio izugarriak izan baitzituen bertan nahiz maila planetarioan. Aurrerantzean, ezer ez zen iraganean bezalakoa izango.

Lehen mundubiraren V. mendeurren honetan (2019-2022) jakintza berria sortzeko lan egingo dugu, ezagutza hori gizarteratzeko eta, tokian tokiko nahiz nazioarte mailako lankidetza sareak sortuz, proiektuak eta jakintza garatu nahiz partekatzeko.
Lehen 2 urteetako lanaren emaitza puzzle bisual gisa aurkezten da hemen. Gure web orrian, fundazioa abian jarri zenetik gaur arte garatutako jarduera guzti-guztiak dituzue.